Breadcrumb

Asset Publisher

Back Elikagaien xahutzea zenbatesteko protokoloa ezarri du Gipuzkoak

Elikagaien xahutzea zenbatesteko protokoloa ezarri du Gipuzkoak

Ingurumeneko Departamentuak eta Deustuko Unibertsitateak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute.

2022/03/15

Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak 10.000 euro erabiliko ditu guztira.

José Ignacio Asensio: “Gaur egun elikadura-krisia aurreikusten den egoeran, inoiz baino beharrezkoagoa da gizarte-geruza ahulenei ezinbestean eragiten dien elikagai-xahutzea prebenitu eta murrizteko beharrezkoak diren tresnak eta baliabideak artikulatzea”.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Iñaki Vázquez DeustoTech-eko zuzendariak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute elikagaien xahutzearen arloan ezarritako helburuen jarraipena errazago egiteko, udalerri edo eskualde mailan elikagai-xahutzearen zenbatespen egokia egiteko metodologia garatu eta aplikatzeko. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak 10.000 euro erabiliko ditu guztira.

Helburu hori betetzeko, funtsezkoa da unibertsitateak, zentro teknologikoak eta enpresak elikagaien xahutzea aztertzeko eta prebenitzeko inplikatzea. Lankidetza-esparru horren barruan, aurten ikerketa-lerro berri bat irekiko da, adierazitako helburua gutxi gorabeherako datuetan oinarritzen baita, gaur egun ez baitago hori zenbatesteko prozedura estandarizaturik.

Proiektu honen bidez, eskualde mailako elikagai-xahutzea kuantifikatzeko protokolo baten estandarizazioan aurrera egin nahi da. Horretarako, Gipuzkoako erabilera-kasuari erreferentzia egiteko metodologia bat hautatu da, datu-iturriak identifikatu dira eta datuak jasotzeko prozedurak definitu dira, datuen fidagarritasuna eta konparagarritasuna bermatzeko.

Honi dagokionez, José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak nabarmendu duenez, “gaur egun elikadura-krisia aurreikusten den egoeran, inoiz baino beharrezkoagoa da gizarte-geruza ahulenei ezinbestean eragiten dien elikagai-xahutzeari aurrea hartzeko eta hura murrizteko beharrezko tresnak eta baliabideak artikulatzea”.

Elikagaien xahutzea arazo garrantzitsua da hondakinen prebentzioaren arloan, eta Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 2030erako erdira murrizteko helburua ezarri du. Helburu hori Gipuzkoako Hondakinak Kudeatzeko Planean ere islatzen da (GHHKPO 2019-2030), eta plan horretan NBEren helburua onartzen da.

2019-2030eko Gipuzkoako Hondakinak Kudeatzeko Planak (GHHKPO) arreta berezia jartzen dio elikagai-xahutzearen arazoari, eta, ondorioz, hondakinak prebenitzeko programan, hainbat ekintza bideratzen ditu hori saihesteko, bai eta gai horren inguruan sentsibilizatzeko ere. Bestalde, Hiri Hondakin Solidoak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Behatokiaren bidez, hiri-hondakinei buruzko informazioa lortzeko eta hobetzeko ekintzak ere aurreikusten ditu. Hala, hondakinen karakterizazioen eta estatistiken emaitzak ditu, eta horietatik ondorioak atera daitezke elikagaien xahutzeari buruz eta horrekin lotutako beste gai batzuei buruz, etorkizunean prebentzio- eta berrerabilpen-neurriak diseinatzen lagun dezaketenak.

Bestalde, Deustuko Unibertsitatea, Deusto Tech Institutu Teknologikoaren bidez, aspalditik ari da elikagaien xahutzea lantzen, eragin zientifiko eta soziala, ikerketaren hedapena eta ezagutzaren transferentzia hobetzeko ildo estrategikoaren barruan, Espezializazio Adimenduneko Estrategiarekin eta GJHekin bat etorriz.

  

1540