Elkar-EKIN planak banakako diru laguntza lerro bat jarri du martxan
Elkar-EKIN planak banakako diru laguntza lerro bat jarri du martxan
600 euroko diru laguntza izango da, eta 18 eta 64 urte bitarteko 200 bat lagunek jasoko dute, inklusio prozesuei lotuta
Elkar-EKIN foru planak diru laguntza bat jarri du abian honako helburuarekin: gizarteratze prozesuetan dauden pertsonen eta familien garapen pertsonala eta lan-inklusioa sustatzea. Diru laguntza honek urteko 817.936 euroko aurrekontua izango du, eta lurraldeko gizarte entitateekin kudeatuko da. Gizarte bazterketako egoeran edo arriskuan dauden 18 urtetik gorako pertsonek jaso dezakete, gizarte eta lan inklusiorako plan bati lotzen bazaizkio. Diru laguntza une jakin batean jaso daiteke, edo aldizkakotasun batekin, gehienez 6 hilabetez. Ondoren, berritu egin daiteke, puntualki eta salbuespenez, lurraldeko entitate sozialen bidez. Diru laguntza hau 18 urtetik 64 urtera bitarteko pertsonek eska dezakete, eta jaso ahal izateko baldintza hauek bete behar dituzte: laguntza eskatu aurretik urtebetez lurraldean erroldatuta eta bizitzen egotea, banakako laguntza plan bat edukitzea, programetan parte hartzea, eta gizarte bazterketako balorazioa izatea. Hileko 600 euro ingurukoa izango da laguntza, eta 200 bat lagunek jasotzea aurreikusten da.
Gipuzkoako Elkar-Ekin 2016-2020 gizarteratze planak xedetzat du gizarte bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonen arreta hobetzea. Horrela, gizarteratzea sustatzera zuzendutako gizarte zerbitzuen antolaketa, estaldura eta kalitatea hobetu nahi da, Gipuzkoa desberdintasun gutxien duen lurraldea izan dadin, mendekotasunaren eta desgaitasunaren arloan egin den bezala. Helburu horrekin, Gizarte Politikako Departamentuarentzat funtsezkoa da tokiko entitateekiko eta entitate sozialekiko lankidetza indartzea, sinergiak uztartzeko eta gizarteratze prozesuak eraginkortasunez eta partaidetza sustatuz kudeatzeko. Horretarako, banakako gizarteratze prozesuak bultzako dituzten diru laguntzak ere beharrezkoak dira, pertsona horiek gizarte eta lan inklusiorantz bideratzeko, lanaren aurreko jarduera eta prestakuntza ekintzen osagarri.
18 urtetik 64 urtera bitarteko pertsonek eska dezakete, eta 200 bat lagunek jasotzea aurreikusten da
1786