Elkarlana, elkartasuna eta mundura irekitzea, pandemia osteko agertokirako ardatzak
Elkarlana, elkartasuna eta mundura irekitzea, pandemia osteko agertokirako ardatzak
Etorkizuneko proiektu estrategikoak bultzatzen jarraituko ditu foru erakundeak, mundu mailan aurreratuen dauden esperientziekin zubiak eraikiz.
Azken urteetan egin den bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiaren kurtso politiko berriari hasiera ematen dion Etorkizuna Eraikizen uda ikastaroa egin da gaur, ‘Pandemiaren ondorengo egoera eta erronka berriak. Pentsamendu prospektiboa eta etorkizuneko begirada’. Bertan, Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok elkarlana, elkartasuna eta mundura irekitzea aipatu ditu COVID-19 gaitzaren pandemiak eragindako krisia eta ondorengo agertokiari aurre egiteko foru estrategikoaren zutabe bezala. Azaldu duenez, Aldundiak etorkizuneko proiektu estrategikoen alde egiten duen apustua berretsi du beste behin, MUBIL edo Adinberri esaterako, eta ziklo politiko berrian hauek mundu mailako esperientzia aurreratuenekin lotzeko lan egingo duela azpimarratu du.
Uda ikastaroa, Donostiako Miramar jauregian egin dena, hausnarketa eta eztabaida ariketa partekatua izan da, COVID-19 gaitzaren pandemiak eta bere ondorioek baldintzatzen duten etorkizun hurbilaren inguruan. Topaketan parte hartu dute, Olanorekin batera, UPV/EHUko errektorea, Nekane Balluerka; Espainia Globalarentzako estatu idazkaria, Manuel Muñiz; eta Ogasun eta Finantzetako foru diputatua, Jabier Larrañaga. Ekitaldian egon dira baita ere Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako foru diputatua, Jose Ignacio Asensio; Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatua, Imanol Lasa; Proiektu Estrategikoetako foru diputatua, Ainhoa Aizpuru, eta uda ikastaroko zuzendarikideak, Xabier Barandiaran eta Alfonso Unceta.
COVID-19 gaitzaren pandemiak kaltetu dituen pertsonei elkartasun mezua helarazi hasi du bere hitzaldiak Olanok, bai gaixotasuna zuzenean pairatu dutenei zein ondorio ekonomiko eta sozialak jasaten ari diren pertsonei zuzenduz. Honela, aldarrikatu duenez, “gaur inoiz baino garrantzitsuagoak dira arrazoia, demokrazia, giza eskubideak eta elkartasuna bezalako balioak”, pandemia “bizikidetza demokratikoa eta aurrerabidea erasotzeko” baliatzen ari direnen aurrean. “Bizi dugun egoeraren ondorioei aurre egiterako orduan, ezinbestekoa da gizarte bezala erantzutea, gure jardueraren oinarrian zientzia eta ideien eztabaida libre eta eraikitzailea jarriz”, aldeztu du.
Testuinguru honetan, Etorkizuna Eraikiz programak antolatzen duen uda ikastaroa bezalako ekimenen garrantzia azpimarratu du, “honelako mintegiak baitira gizarte moderno batek duen erronka zahar zein berriei erantzunak aurkitzeko modua, munduari irekita eta zientzia, ezagutza eta elkarlana baliatuz”. Etorkizuna Eraikiz foru programa bera, Aldundiak 2016 urtean martxan jarri zuena, norabide horretan doa: “Gizarte zibilarekin elkarlanean, Etorkizuna Eraikizen helburua lurraldeak dituen erronkak identifikatzea da, eta desafio hauei erantzun kolektiboak emateko politika publikoak bideratzea”.
Bost urteko ibilbide honetan, elkarlana eta esperimentazioa foru programa honen ezaugarri nagusiak bihurtu dira. Honen ondorioz, Aldundiak bere politika publikoetan txertatu ditu hemen ikasitakoak, eta martxan jarri ditu estrategia partekatuak sektore ezberdinetako eragile ekonomiko nabarmenekin. “Zibersegurtasuna, ikus-entzunezkoen ekoizpena, gastronomia digitala, elektromugikortasuna, zahartze osasuntsua, klima aldaketa eta ekonomia zirkularra bezalako esparrutan espezializazio adimentsuaz ari gara hizketan, baina baita ere bazterkeria arriskuan dauden pertsonei lan mundura bideratzea bezalako gai garrantzitsuetan”, nabarmendu du Olanok.
Diputatu nagusiaren arabera, proiektu hauek oraindik eta garrantzia handiagoa hartzen dute pandemiaren testuinguruan, eta krisia gainditzeko bidea erakusten dute. “Soziala, digitala eta berdea dira krisitik irtetetako aldezten ditugun zutabeak: soziala, inor ezin dugulako atzean utzi; berdea, ingurumenaren zaintza oinarri bezala hartuta; eta digitala, enpresa indartsu eta abangoardistak izaten jarraitzeko”, azpimarratu du. Etorkizuna Eraikiz eta bere barnena garatutako proiektu estrategikoak norabide horretan doaz, “Europak COVID-19 gaitzaren krisialditik irteteko ezarri dituen irizpideekin guztiz bat datorrena”.
Elkartasuna eta mundura irekita egotea
Krisia gainditu eta osteko agertoki horretan, Olanok adierazi du elkartasuna eta mundura irekita egotea Aldundiak eraiki nahi duen Gipuzkoaren zutabe nagusiak direla. Jose Maria Arizmendiarreta euskal kooperatibismoaren aitaren hitzak erabiliz, esan du “elkartasuna gure indarrak biderkatzen dituen palanka” dela, eta azaldu du Etorkizuna Eraikiz “elkarlana hori bideratzea helburu duen ariketa” dela. Horregatik, lurraldeko eragile ekonomia eta sozialei gonbita luzatu die, “elkarlanean egiten ari garen lan honetara batzeko”. “Ez da elkarren aurka egoteko edota borroka antzutan katigatzeko garaia, indarrak batzeko unea da”, aldeztu du diputatu nagusiak.
Bigarren balioari dagokionez, munduari irekitzearenak, Etorkizuna Eraikiz programak bultzatzen dituen proiektu estrategikoak mahai gaineratu ditu berriro ere. Azaldu duenez, guztien helburua eta nahia nazioartean erreferentzia gune bihurtzea da, “nazioarteko beste sorkuntza partekatu, ezagutza aurreratu eta berrikuntza” poloekin lotuz. “Etorkizuna Eraikizen oinarri garrantzitsua da, Gipuzkoaren tradizio historikoarekin bat egiten duena, Europara eta mundura irekita dagoen lurralde bat”, gaineratu du. Horregatik, adierazi du Aldundiak “inoiz baino apustu indartsuagoa” egingo duela nazioarteratzearen alde, gogoratuz pandemiak berak agerian utzi duela “aurrean ditugun arazoak mundu mailakoak direla”. “Ezinbestekoa da tokikotik erantzutea, baina eraginkorrak izateko ematen ditugun erantzunak gure inguruarekin eta munduarekin partekatu behar ditugu”, azaldu du.
Manuel Muñiz
Espainia Globalerako Estatu idazkari den Manuel Muñizek, bere aldetik, Europar Batasunak onartu duen pandemia gainditzeko planari egin dio erreferentzia. Diputatu nagusiak bezala, erakunde europarrek ezarri dituzten lehentasunei egin die aipamena: digitalizazioa, klima aldaketaren kontrako borroka (ekonomia jasangarria eta zirkularra) eta gizarte inklusioa. Bere iritziz, garrantzitsua izango da baita ere erresilientziaren alorra: digitalizazioa bera, nazioarteratzea, enpresen tamaina handitzea… “Bizi izan duguna bezalako krisi baten aurrean hobeto erantzutea ahalbidetuko digun oro. Uste dut, ondo egiten badugu, gure herrialdeari bultzada nabarmena emango diogula aurrerabidean”, nabarmendu du.
Muñizen arabera, egungo agertokian, Estatuko aurrekontuak onartzea eta Europako funtsei lotutako inbertsio plana eratzea eskutik doazen lan lerroak dira. Azaldu duenez, baliabide hauen banaketak “konplexutasun handiko” ariketa egitea ekarriko du. “Prozesu bat irekitzen ari da, (Estatuko) Gobernuko Presidentziatik zuzenduko dena, bertatik antolatuko baita erkidego autonomoekin izango ditugun elkarrizketak aurkezten zaizkigun proiektuak ulertzeko, betiere Europatik ezartzen diren irizpideei jarraiki eta egitasmo bakoitzak duen gaitasun traktoreari erreparatuta. Gero, noski, proiektuek erakunde europarren azterketa pasa beharko dute”, iritzi dio.
Estatu idazkariak gogoratu du oraindik ere zehaztasun asko falta direla, eta “gauza asko ezezagunak” direla oraindik Europako funtsen inguruan. “Europako agendak dituen lehentasunegatik lerro orokorrak ezagutzen ditugu, aurreko funtsetatik ezagutzen ditugu forma kontuak, baita ere proiektuek izan behar dituzten egutegi eta mugarri neurgarriak… Oinarri batzuk daude, ideia batzuk, baina xehetasun asko falta zaizkigu oraindik”, azaldu du. Bere ustez, Europako Batzordeak une honetan duen “gai nagusia” da pandemia gainditzeko funtsena.
Jabier Larrañaga
Ogasun eta Finantzetako foru diputatu den Jabier Larrañagak, bere aldetik, esan du Europako funtsek europar proiektua indartzen dutela. “Berebiziko garrantzia duen erreminta politikoa da, baina erronka da egiteko gai izango garen proiektuak aktibatzea”, ohartarazi du. “Arriskuaren zati bat izango litzateke baliabideen banaketa, adibidez, kuota geografikoen arabera egitea. Hau horrela eginez gero, baliteke baliabide hauek nahikoa ez aprobetxatzea, hauek jasotzeko gaitasun faltagatik”, jarraitu du. “Garrantzitsuena banaketa nola egiten den ezagutzea da, eta hau ez dugu oraindik ezagutzen. Helburua da mahai gainean proiektu serio, lehiakor eta egingarriak proposatzea da”, azpimarratu du.
Gainera, foru arduradunak nabarmendu du funts hauek “aukera” bat direla “Europara gehiago gerturatzeko”, bai administrazioaren ikuspegitik zein enpresen aldetik. “Baliteke enpresa handi batzuk urteak eramatea Europako erakundeekin harremanetan, baina ehun ekoizlearen zati handi batek orain ezagutuko ditu europar erakundeekin erabiltzen diren lengoaia eta mekanismoak. Eta, uste dut, ikuspuntu honetatik, albiste oso positiboa dela eta erronka bat izango dela”, azaldu du.
2112