Breadcrumb

Asset Publisher

Back Emakume aitzindariei omenaldia, "egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat eredu" direlako

Emakume aitzindariei omenaldia, "egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat eredu" direlako

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak gidatu du Martxoaren 8ko ekitaldi instituzionala, non Elbira Zipitriaren omenezko oroigarri bat inauguratu eta emakume aitzindariei buruzko erakusketa bat aurkeztu duten.

Gure gizartearen bilakaeran arrastoa utzi duten emakume aitzindarien "balioa, ezagutza eta erabakitasuna" aitortu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak, "egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat eredu" izan daitezen. "Beren eremuetako kristalezko sabaiak hautsi dituzten emakumeen lana aitortuz, estereotipoak gainditzeko mugarriak eta erreferentziak ezartzen lagundu nahi dugu", adierazi du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Martxoaren 8ko ekitaldi instituzionalean, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta Diputatuen Kontseiluak onartutako adierazpena irakurtzearekin bat.

Aldundiko ohorezko patioan elkartu dira foru diputatuak eta Berdintasuneko foru-zuzendaria, Miren Elgarresta, erakunde adierazpenaren irakurketarako. Bertan, emakume aitzindarien ekarpenaz gain, COVID-19ren aurkako borrokan "emakumeen lidergoa" goraipatu dute. "Birusaren ondorioak mugatzeko eta saihesteko lanean, emakumeak lehen lerroan ezinbesteko ekarpena egiten ari dira. Arlo askotan ari dira, gainera. Bai osasun arloan, bai adinekoen zaintzaile gisa, bai gizarte arloko boluntario gisa, bai zientzialari, ekintzaile, politiko edo eragile sozioekonomiko gisa", adierazi du diputatu nagusiak.

Hala ere, emakumeak egungo testuinguruan jasaten ari diren "zama neurrigabea" "egindako ekarpenaren maila berekoa" da, "zaintza gehienek" andrazkoen gain egoten baitira. Hori dela eta, Foru Aldundiak "zaintza arloan kontziliazio erantzukidea eta berdintasuna sustatzeko politikak sustatzen jarraitzeko beharra" berretsi du. “Emakumeen garapen pertsonala, soziala eta profesionala zigortzen duten lan-ereduak eta genero-estereotipoak baztertzeaz gain, horrek kontziliazio erantzukidea bultzatzea esan nahi du", adierazi dute.

Horregatik guztiagatik, besteak beste, "emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko lanari eusteko konpromisoa are eta indar handiagoz" berretsi ditu Aldundiak. "Berdintasun-politikek funtsezko elementu izan behar dute COVID-19k eragindako krisiaren ondorioei erantzuteko orduan".

Elbira Zipitriaren omenezko oroigarria

Adierazpen instituzionala irakurri ondoren, Elbira Zipitria Irastorzaren (Zumaia, 1906 - Donostia, 1982) omenezko oroigarri bat inauguratu dute foru jauregiko ohorezko patioan. Oroitzapenezko elementu horri Lurdes Umerez eskultoreak eraikitako lan bat gehituko zaio datozen hilabeteetan. Ekintza honek izaera instituzional nabarmena du; izan ere, Aldundiaren ohorezko patioa lurraldearen historiako pertsona ospetsu handien oroitzapenari eskainitako gunea da. Bertako beirateetan goraipatzen dira Juan Sebastián Elcano nabigatzailea, Esteban de Garibay historialaria eta Oñatiko Unibertsitateko sortzaile Rodrigo Sáez de Mercado de Zuazola, besteak beste. Bertan ohorezko plaka bat kokatuz, Elbira Zipitriaren irudia ohoratzeaz gain, Gipuzkoako eraikuntzan emakumeen ekarpena eta lidergoa aintzatestea bilatzen da.

"Politika publiko sendoak garatzeaz gain, espazio sinboliko eta instituzionalek ere badute bere garrantzia. Orain arte gizonezkoak ziren hemen goraipatutako izen handi horiek guztiak. Eta gaur, errealitate hori aldatzeko urrats garrantzitsu bat ematen dugu. Patio hau eraldatuz, Foru Aldundiak Gipuzkoako historiari buruz duen ikuspegi instituzionala ere eraldatzen dugu. Justiziazkoa delako; eta, batez ere, gure gizartea eraldatzen jarraitu nahi dugulako, emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorrerantz. Aitortu nahi dugu emakumeen ekarpena eta lidergoa Gipuzkoa aurreratu baten eraikuntzan, dela ekonomiaren, dela gizartearen, dela kulturaren alorretan. Lidergo hori iraganean eman zen, gaur egun ere ematen da eta etorkizunean oraindik eta indartsuagoa izatea nahi dugu", adierazi du diputatu nagusiak.

Emakume aitzindariei buruzko erakusketa

Elbira Zipitriaren ekarpena, Gipuzkoako beste zazpi emakumerenarekin batera, ekitaldi instituzionalaren ondoren inauguratu den Gipuzkoako emakume aitzindariak erakusketan aztertzen da. Gaur arratsaldetik aurrera Aldundiaren arkupeetan ikusgai izango den erakusketan Esther Ferrer (artista), Catalina de Erauso Perez de Galarraga (esploratzailea eta militarra), Ana Belen Juaristi Urdangarin (enpresaburua), Lourdes Iriondo Mujika (kantautorea), Begoña Amunarriz Olano (politikaria), Carmen Adarraga Elizaran (kirolaria) eta Idoia Ochoa Alvarez (ikertzailea) izango dira protagonista.

Ohorezko patioan egindako ekitaldi instituzionalaren ostean, diputatu nagusiak erakusketa bisitatu du Begoña Amunarriz, Idoia Ochoa eta Ana Belen Juaristirekin batera, baita martxoaren 8ko ekitaldian parte hartu duten gainerako emakumeen senide eta ondorengoekin ere.

  

2296