Emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko lana berretsi du Aldundiak
Emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko lana berretsi du Aldundiak
Erakunde adierazpena onartu du Diputatuen Kontseiluak, gaur ospatzen den Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak erakunde adierazpena onartu du gaur, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira. Testuak jasotzen dituen konpromisoen artean, Foru Aldundiak emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko lana eta konpromisoa berretsi ditu, gaur egungo eta etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko garaian. “Berdintasun politikak funtsezko elementua dira, are eta gehiago COVID-19ak eragindako krisialditik irteten ari garen honetan, gizarte jasangarri eta justu bat eraikitzeko garaian”, esan du Miren Elgarresta, Aldundiko Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako foru zuzendariak. Gainera, eremu sozio-ekonomikoan berdintasunaren balio indartu, kontziliazio erantzunkidea eta zaintzaren eremuan berdintasun politikak sustatu, emakume aitzindarien gizarteratzeko konpromisoan sakondu eta bortizkeria matxistari aktiboki kontra egiteko konpromisoak ere berritu du foru erakundeak.
Dokumentua gaur goizean gizarteratu da, asteartero Diputatuen Kontseiluak hartu dituen erabakien berri emateko egiten den prentsa agerraldian. Bertan agertu da Elgarresta, Eider Mendoza erakundeko bozeramailearekin batera, eta herritarrei dei egin dien gaurko egunean antolatu diren mobilizazioetan parte hartzera. Berdintasuneko zuzendariak nazioarteari ere erreparatu dio, eta Ukrainiako herritarrei elkartasun osoa adierazi die: “Kezka eta babes mezu hori, hala ere, are eta indartsuagoa da gerrak Ukrainako emakumeen eta nesken bizitzetan eta bizirauteko dituzten bitartekoetan dituen ondorioetan pentsatzen dugunean”.
Zuzendariak sakondu duenez, egungo egoera “bidegabeak” arriskuan jartzen du ukrainar guztien segurtasuna, baina “modu berezian”, emakumeek eta neskatoek sexu-indarkeria eta indarkeria matxista jasateko arrisku handiagoa dute, batez ere errefuxiatuek edo etxetik aldatutakoek. “Faktore horiek kontuan hartu behar dira Ukrainako egoera gainbegiratu eta horri erantzuteko ahalegin guztietan. Kezka hori dela eta, konpromisoa hartzen dugu Ukrainako biztanleei laguntzeko, batez ere herrialde honetako emakume eta neskatoei, behar handiko une hauetan”, azaldu du Emakume eta Gizonen arteko Berdintasuneko zuzendariak.
Bestalde, gogoratu du “genero berdintasuna gaur, etorkizun jasangarri baten alde” lemarekin ospatzen dela aurtengo Emakumeen Nazioarteko Eguna. Honi helduta, gaineratu du ez dagoela garapen iraunkorrik, benetako berdintasunik gabe. “Horregatik, 2030 Agendarekin helburuekin bat eginez, aurten berriro ere, aldarrikatzen dugu ezinbestekoa dela emakumeek pairatzen dituzten injustiziak eta mugak gainditzea eta ahalegin horretan beren papera, ahotsa eta errealitatea kontuan hartzea, gizarte justuago eta jasangarriago baten eraikuntzan”, aldeztu du. Bere ustetan, martxoaren 8ko Egunak testuinguru egokia eskaintzen du berdintasunaren bidean egindako lorpenak aztertzeko, baita egiteko dagoen guztia azaleratzeko ere. “Aldi berean, Gipuzkoaren eta, oro har, Euskadiren bilakaera politikoan eta sozialean arrastoa utzi duten emakumeen jarduna gogoratzeko abagunea da; haien aitzindaritza eta adorea aitortzeko unea”, esan du.
Euskadiko momentuari erreparatuta, Elgarrestak esan du Eusko Legebiltzarrean Berdintasunerako 4/2005 Legearen Aldaketa onartzeak ekarriko dituen aldaketak mugarri esanguratsua izango diela Berdintasunaren aldeko ahalegin konpartituan: “Batetik, berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka jauzi kualitatiboa egitea ahalbidetuko duelako. Eta bestetik, Berdintasunerako Legeak kontziliazio erantzunkidearen aldeko lanari bultzada emango diolako”. Bere ustetan, berdintasunerako legeak, beraz, berdintasun-politikak indartzea ekarriko du. “Hori guztia emakumeen eta gizonen berdintasuna, giza eskubidea izateaz gain, demokrazian sakontzeko balio estrategikoa dela sinesten dugu. Euskal gizarte kohesionatuagoa, inklusiboagoa eta sozialki eta ekonomikoki jasangarriagoa eraikitzeko beharrezko baldintza, alegia”, defendatu du.
Zuzendari berria
Bestalde, Araubide Juridiko eta Pertsonen Kudeaketako zuzendari berria izendatu du gaur Diputatuen Kontseiluak: Josu Agirre Aranguren eibartarra. Zuzenbidean lizentziatua da UPV/EHUn, eta euskara, gaztelania eta ingelesa menderatzen ditu. Abokatua da ofizioz eta hogei urteko esperientzia du ogibide horretan. Azken 14 urtetan, LKSn aritu da, lan mundua, arbitrajea eta kooperatiba arloetan lanean. “Zorte ona opa diogu hemendik aurrera, bere zortea etxe honena izango baita aurrerantzean”, esan du Mendozak.
Giza Eskubidetako dirulaguntzak
Bestetik, Kontseiluak gaur onartu ditu Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendaritzak kudeatzen dituen programen kontura emango diren dirulaguntzen 2022ko deialdia. Guztira, 580.000 euro bideratuko dira honetara. Bost lerro aurreikusten dituzte laguntzak hauek: aniztasuna sustatzeko ekintzak, batetik elkarteentzat, bestetik udalentzat; oroimen historiko berreskuratzeko ekimenak, hemen ere batetik elkarteentzat eta bestetik udalentzat; eta Bizikidetza Lantzen, udalei zuzendutako bizikidetzako jorratzeko programa.
“Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburu estrategikoetako bat da Gipuzkoan herritarren arteko bizikidetza finkatzea”, gogoratu du Mendozak. Helburu hori lortzeko planteatzen den proiektu estrategikoa da kultura politikoko programa bat garatzea eta herritarren jarrera, balio eta portaera demokratikoetan sakontzea. Honekin batera, erakundearen beste helburu estrategikoetako bat da kultura demokratikoa finkatzea eta indartzea, aniztasunean eta gizarte bidezkoago batean oinarritutako bizikidetza hobea lortzeko, betiere Giza Eskubideen Nazioarteko Aldarrikapenarekin koherentzia gordez. “Testuinguru horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendaritzaren bitartez betetzen ditu helburu hauek gauzatzeko sustapen ekintzak. Horretarako, elkarteei, udalei eta eskualde mailako tokiko garapen agentziei gaur onartzen ditugun dirulaguntza hauetaz baliatzen gara”, osatu du foru arduradunak.
Pasa den urteko emaitzei erreparatuta, giza eskubideak eta aniztasuneko bizikidetza defendatzeko eta hedatzeko elkarteei zuzendutako lerroaren kasuan, 110.000 euro banatu ziren 28 eragileren artean, eta adibidez, GEHITUren Gehitu Magazine 2021 edota SOS Arrazakeriaren Bizilagunak bezalako ekimenak sustatu ziren. Udalen kasuan, 120.000 eurorekin lagundu ziren 11 udal, Elkarbizitza Errenterian edota Aretxabaletako Euskara eta Aniztasunetik elkarbizitza ereiten bezalako ekimenak kasu. Oroimen historikoaren kasuan, 7 eragile eta 9 udal lagundu dira, 60.000 eurorekin lerro bakoitza. Esaterako, Gune Irekiak-ek egindako isilduen ahotsei buruzko ikerketa; Kepa Ordoki MHB Elkarteak Irungo Komandantziari buruz eginikoa; Donostiako Udalaren memoria historikoko ibilbideak; edota Urretxuko Udalak Rif-eko gatazkari buruz eginiko ikerketa. Azkenik, Bizikidetza Lantzenen eskutik 20 proiektu lagundu ziren. 140.000 eurorekin. Pasa den urtean beste bi udal gehitu ziren ekimenera eta, guztira, 28 udalerri daude jada ekimenean inplikatuta.
Egoitzetako partea
Bestalde, adinekoen egoitzetan pandemia izaten ari den eragina ere eguneratu du bozeramaileak. Erabiltzaileen kasuan, momentu honetan 53 positibo aktibo daude (pasa den astean baino 57 gutxiago), 7 egoitza ezberdinetan. Kasu hauetatik, 18 lagun daude erreferentzia zentroetan. Pasa den astetik hona, hiru egoiliar zendu dira, 88 sendatu eta 34 positibo berri atzeman dira. Guztira, azaroaren 29tik hona, 44 egoiliar hil dira, eta 2.044 lagunek gainditu dute gaixotasuna. Azkenik, adinekoen egoitzetako langileei dagokionez, 47 positibo aktibo daude (pasa den astean baino 21 gutxiago) 18 egoitza ezberdinetan.
Bestalde, diagnosi proben kasuan (PCR eta listu bidezko PCR probak), azken astean 1.346 egin dira (1.061 PCR eta 285 listu PCR), bataz beste, 192 proba egunean. Guztira, abendutik hona, 44.243 proba. Listu PCRak langileei bi astean behin egiten zaizkie, eta astean behin txertatu gabe daudenei, eta horrez gain, antigeno testak ere egiten dira. “Esfortzu handia ari gara egiten detekzioan. Horixe baita kutsatzeak ekiditeko gakoa”, adierazi du bozeramaileak.
2332