Enpresa misioa Frantziako sektore aeronautikoa ezagutzeko
Enpresa misioa Frantziako sektore aeronautikoa ezagutzeko
Enpresa txiki eta ertainek merkatu interesgarri honekin harremanetan jartzeko aukera izango dute
Gipuzkoako 15 enpresa industrial txiki eta ertainek osatutako enpresa eta erakunde misioa hasi da gaur, Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko diputatuaren gidaritzapean, Frantzia hegoaldeko Akitania eta Midi Pyrénées eskualdeetan. Herrialde horretako sektore aeronautiko indartsuarekin lotutako negozio aukera berriak aztertzea du xede delegazio honek. Lehendabizi, bisitak eta bilerak egin dira gaur goizean Tarnos-en kokatutako Turbomeca (Safran taldea) nahiz Le Haillanen (Bordele) kokatuta dagoen Kuka Systems Aerospace enpresetako ordezkariekin, eta baita Akitaniako eskualdeko ganberako ordezkariekin ere.
2015-2019 Ekonomia Suspertzeko Planaren testuinguruan, lurraldeko enpresa txikie eta ertainen (ETE) nazioarteko aktibitatea sendotu eta bultzatzen lagundu nahi dute Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Ganberak elkarlanean. Testuinguru horretan, aukera esparru gisa identifikatu da Frantziako sektore aeronautikoa, batez ere metalurgiaren alorrean, Gipuzkoatik oso gertu dagoen merkatua delako eta gure enpresek jakintza eta gaitasun teknologiko nabarmenak dituztelako.
Hasteko, misioak bisita egin du Tarnos-en (Landak) dagoen Turbomeca – Safran Helicopter Engines taldea enpresara, non batez ere helikoptero turbina-motorrak egiten diren. Talde honek bederatzi planta ditu Akitanian eta beste zortzi unitate Toulouseko eskualdean. Mundu osoan 58.000 langile ditu eta 2016an 15.000 euroko negozio-zifra metatu zuen.
Arratsaldean, Nouvelle Akitania eskualdeko Ganberako Berrikuntza zuzendariarekin, Calixte Blanchardekin, bilera egin ostean, misioak Kuka Systems Aerospace enpresan jarraitu du. Bertan erosketen alorreko buru Richard Lebrunekin bilera izan dute. Kuka Systems mundu mailan hornitzaile handienetako bat da automatizazio sistemen alorrean eta, Alema Automation erosi ondoren, industria aeroespazialean enpresa frantziarrak duen lidergoa indartu egin da.
Frantziak sektore aeronautikoko nazioarteko enpresa handiak ditu, eta, 2016. urtean, 60,4 mila milioi euroko negozio zifrak izan zituen guztira, (% 4,1eko hazkundea). Sektore hori Frantziako lehen esportatzailea da; guztira, 187.000 enplegu zuzen ditu eta 10.000 kontratazio inguru, eta etengabe hazten ari den sektorea da. Beraz, aukera handiak sor daitezke gure inguruan, besteak beste, Gipuzkoa oso gertu dagoelako Akitania eta Midi Pyrénees eskualdeetatik, eta gure lurraldeko enpresa txiki eta ertainek alor askoren gaineko ezagutza dutelako eta berrikuntzarako gaitasun handia.
EAEri dagokionez, sektore aeronautikoak 884 milioi euro inguru fakturatzen ditu urtean, eta 4.500 lanpostu baino gehiago sortzen ditu. Gainera, EAEko Barne Produktu Gordin industrialaren % 6a da. Gipuzkoan 50 enpresek lan egiten dute sektore honetarako, 150 milioi euroko fakturazio batekin.
“Beren produktuak dibersifikatu eta merkatu berrietara zabaltzeko ahalegina egiten ari dira Gipuzkoako enpresak, eta guk bide horretan lagundu nahi diegu. Akitania eta Midi Pyrénées eskualdeak oso gertu dauzkagu eta kontuan izan behar da beraiek osatzen dutela Frantziako sektore aeronautikoaren %40 baino gehiago. Merkatu oso lehiakorra da, asko eskatzen dizuna, baina gertu dauzkagun eremu geografikoa da, gure enpresen gaitasun berritzailea eta jakintza kontuan izanda, aukera interesgarriak eskaintzen ditu. Aukera horiek gauzatzeko lanean ari gara”; laburbildu du Ainhoa Aizpuru diputatuak.
1975