Breadcrumb

Asset Publisher

Back Enpresetan zibersegurtasuna sustatzeko 400.000 euro

Enpresetan zibersegurtasuna sustatzeko 400.000 euro

Laguntza-lerro berri bat sartu da, industria-produktuen segurtasuna ebaluatzeko proiektuak garatzen laguntzeko.

Gipuzkoako enpresetan zibersegurtasuna sustatzeko programaren oinarriak onartu ditu Foru Aldundiak. 2021ean 400.000 euro bideratuko ditu horretara. Etorkizuna Eraikiz dinamikak etorkizunerako ezarritako apustuekin bat etorriz, programak laguntza multzo bat egituratzen du bi helbururekin: ezagutza maila hobetzea eta zibersegurtasun-neurriak ezartzea industria-enpresen artean, eta sektorean lan egiten duten enpresen ibilbidea indartzea, horietako asko nazioan eta nazioartean lan egiten dutenak, haien hazkundea bultzatzeko eta Gipuzkoa eremu horretan lurralde aurreratu gisa finkatzen laguntzeko. Informazioa eta baldintzak laster jakinaraziko dira GAOn, eta eskaerak aurkezteko epea irekiko da horrekin batera.

"Tresna eta prozesu teknologiko berriak agertzeak erronka bat planteatzen dio gure industriari, segurtasunaren eta, beraz, lehiakortasunaren ikuspegitik. Baina, era berean, garapen ekonomikorako eta enplegua sortzeko aukera ematen digu, Gipuzkoan ditugun gaitasunengatik: punta-puntako enpresak, teknologia eta ikerketa zentro aurreratuak, start up-ak, eta bere eraldaketan murgildutako industria sendoa. Gaitasun horiek indartuz, jarduera ekonomikoa, enplegua eta susperraldia indartzen laguntzen dugu krisiaren aurrean", nabarmendu du Jabier Larrañaga Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak. Halaber, gogorarazi du egiturazkotzat jotzen diren laguntza-programak sendotzea eta indartzea dela Ekonomia Indartuz Gipuzkoako Ehuna Babesteko eta Eraldatzeko Planaren oinarrietako bat.

Programak hiru laguntza-lerro ditu, lehena Gipuzkoako ETE industrialen zibersegurtasuna indartzeko, eta 231.250 euro bideratuko dira. Hainbat lan ildo babestuko ditu: aholkularitza espezializatua kontratatzea, hardware/softwarearen egoeraren, edo enpresaren antolamendu-egoeraren diagnostiko lanak egiteko, zibersegurtasunari dagokionez; arlo horretako planak idaztea; eta langileak sentsibilizatzea eta/edo prestatzea. Hainbat alderdi hartzen dira kontuan, hala nola ICS ahultasunen analisia, IT/OT trafikoaren analisia, ICS GAP analisia, ICS soluzioen integrazioa, IC teknologien euskarri, monitorizazio eta mantentze zerbitzuak, edo ICS heldutasun-adierazleak eta metrikak.

Bigarren laguntza lerroak, izaera teknologikoa duenak, ikerketa eta garapena bultzatzen ditu 100.000 euroko zuzkidurarekin. Zibersegurtasun industrialaren arloko enpresak sar daitezke bertan, bai produktu edo ekoizpen-prozesu berrien garapen esperimentalerako, bai lehendik zeudenak nabarmen hobetzeko.

Berrikuntza gisa, hirugarren laguntza-lerro bat sartu da, industria-produktuen segurtasuna ebaluatzeko proiektuen garapena bultzatzea helburu duena. Gailu industrialak garatzen eta/edo diseinatzen dituzten enpresei zuzenduta dago, diseinutik zibersegurtasuna ezar dezaten sustatzeko, eta haien esku jartzeko beren produktuen segurtasuna laborategi industrialetan testatzeko aukera. "Gai izan behar dugu gure industria-errealitatea, ondo finkatua dagoena, eta dagoeneko martxan dagoen eta ziur asko presentzia handiagoa izango duen teknologien txertaketa uiztartzeko. Tresna eta prozesu ugari daude (Cloud computing, Big data, gauzen Internet...) gure enpresen barne balio katea egituratzeko, zein ekoizteko moduen konektibitate-maila handitzen ari direnak. Horregatik, ezinbestekoa da segurtasun teknikoko eta antolakuntzako neurrietan sakontzen jarraitzea, produktuen eta zerbitzuen garapenaren hasierako fasetik ", azaldu du diputatuak.

Deialdiaren zuzkidura ekonomikoa 100.000 euro baino gehiago handitzeaz gain, beste aldaketa bat da Aldundiak programaren enpresa onuradunei aurreratutako ordainketak egitea aurreikusten duela, enpresa txiki eta ertainetan berrikuntza-prozesuak errazteko. Prozesu horien zati handi bat enpresaren barneko baliabideekin finantzatzen da, eta horrek, kasu askotan, berrikuntzaren irismena mugatzen du, itzulera ekonomiko seguruagoko eta hurbilagoko beste barne-proiektu batzuen aurka lehiatu behar delako. Oro har, ETEek ez dutenez berrikuntza-dinamika sistematizatu eta normalizaturik, horrek berekin ekarri ohi du enpresaren barruan konpetentzia izatea baliabideak lortzeko. "Laguntzak aurreratuz eszenatoki hau hobetzen dugu, lantaldeak alderdi teknologikoetan kontzentratzea ahalbidetuz, eta ez finantzieroetan edo burokratikoetan", adierazi du Larrañagak.

2018an abian jarritako programaren laugarren edizioa da, eta aurten egindako berrikuntzak Proiektu Estrategikoen Zuzendaritzarekin eta ZIUR Zibersegurtasun Industrialeko Zentroko talde profesionalarekin egindako lankidetzaren emaitza dira. ZIUR-ek protagonismo aktiboa izango du lagundutako proiektuen hedapenean, horien jarraipena eginezu, eta enpresek beren autodiagnostikoa egiteko metodologia erraztuz. Halaber, dirulaguntzen oinarrietan baloratu egingo da proiektuen eta ZIUR-ek bultzatutako ekimenen arteko lankidetza, koordinazio eta lerrokatze maila, sinergiak eta erreferentziazko zentroarekin partekatutako lana sustatuz. Iaz, Aldundiak 35 proiektu babestu zituen urteroko deialdi honen bidez.

  

2159