Breadcrumb

Asset Publisher

Back Erreferentziazko unibertsitateetako hainbat adituk Etorkizuna Eraikiz kasua aztertuko dute argitalpen zientifiko batean

Erreferentziazko unibertsitateetako hainbat adituk Etorkizuna Eraikiz kasua aztertuko dute argitalpen zientifiko batean

Harvard, Oxford, George Washington, Leuven, Complutense, UPV/EHU eta Deustoko akademiko talde batek Gipuzkoan ezarritako gobernantza eredu berriaren ikasgaiak aztertuko dituzte.

Munduko unibertsitate onenetako batzuetako ordezkari akademikoz osatutako partzuergo batek Etorkizuna Eraikiz kasua aztertuko du argitalpen zientifiko batean, Donostiako Kursaalen egindako Etorkizuna Eraikiz biltzarrean erabaki bezala. Gobernantza kolaboratiboan, politika publikoetan eta komunikazio politikoan adituak diren pertsonek ikerketa xehatua egingo dute Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako gobernatzeko modu berriaren irakaspenei buruz, etorkizunean erreferentzia eta aztergai izan dadin.

Building collaborative governance in times of change. Lessons from Etorkizuna Eraikiz izenburupean, nazioartean erreferentzia diren ikerlariak elkarlanean arituko dira ekimen honen arrakasta aztertzeko. Izan ere, entzute aktiboaren eta esperimentazioaren bidez, ekonomia, gizartea, hezkuntza eta herritarren elkarteak politika publikoen sorkuntzan inplikatzea lortu duen eredua da. Harvard, Oxford, George Washington, Leuven, Complutense, UPV/EHU eta Deustoko hamabi adituk eta Aldundiko zenbait ordezkarik Etorkizuna Eraikizen gakoak azalduko dituzte liburu honetan, eta elkarlaneko gobernantza praktikan jartzeko eta gizartea ekintza politiko eta instituzionalean aktiboki txertatzeko funtsezko ezagutza aterako dute.

Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, argitalpena sustatuko duen partzuergo zientifikoa sortzeko topaketaren buru izan da. Bertan izan dira, baita ere, liburuaren editore lanak beren gain hartuko dituzten Xabier Barandiaran, Aldundiaren izenean, María José Canel (Universidad Complutense) eta Geert Bouckaert (KU Leuven). Haiekin batera, Peter Loge (George Washington University, School of Media and Public Affairs), Ander Caballero eta Steve Ansolabehere (Harvard University, Kennedy School of Government), Javier Lezaun (Oxford University, Institute for Science Innovation and Society), Ion Muñoa eta Fernando Tapia (UPV/EHU) ere bilerako partaide izan dira.

 

Etorkizuna Eraikiz “partekatu eta konektatu”

Markel Olanok azpimarratu du garrantzitsua dela Etorkizuna Eraikiz mundu osoan garatzen ari diren lankidetzako gobernantzako beste esperientzia eta ekintza batzuekin partekatzea eta konektatzea. Horregatik, “garrantzi bereziko” gertakaritzat jo du erreferentziazko unibertsitateetako akademikoek Gipuzkoako kasua aztertzea erabaki izana.

          Gipuzkoako Foru Aldundiak, Deustuko Unibertsitateak, UPV/EHUk eta Mondragon Unibertsitateak antolatu dute Etorkizuna Eraikiz kongresua. Erakunde publiko eta pribatuetako adituak eta analistak, unibertsitateko irakasleak, irabazi-asmorik gabeko erakundeak, enpresak, hirugarren sektoreko erakundeak, eremu publikoko profesionalak, kultura-sektoreko kideak eta ikasleak elkartu dira egunotan Kursaalen.

          Parte-hartzaile horiek Etorkizuna Eraikiz sakonean aztertzeko saio paraleloetan parte hartu dute, lau panelen bidez: Gobernantza, Ongizate Estatuaren etorkizuna, Ekonomia Garapen Iraunkorra eta Trantsizio Ekologikoa. Lan-dinamika horrek garrantzia handia izan du Kongresuan; izan ere, topaketa honen helburua Etorkizuna Eraikiz proiektua nazioarteko adituen argitan ikertzea da. Proiektu honen bidez, lurraldea bere etorkizuneko erronkei antzematen eta erantzuten ari da, elkarlanean, herritarrak eta eragile ekonomiko eta sozialak lankidetzaren bidetik mugiaraziz.

  

1590