Breadcrumb

Asset Publisher

Back Errespetua, lehen joko araua

Errespetua, lehen joko araua

Garbiñe Mendizabal, Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria. `El Diario Vasco' egunkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Garbiñe Mendizabal

Kirolak berekin ditu, edo hala behar lituzke behintzat, jokoan parte hartzen duten guztien arteko errespetuari lotutako hainbat balio. Askotan aipatzen dira elkartasuna, dibertsitatea, bizikidetza, aukera berdintasuna eta elkarlana, esate baterako, “kiroltasuna” hitza definitzeko garaian. Tamalez, bateko Cristiano-ak eta besteko Neymar-ak idolatratzera iritsi den mundu honetan, kirolaren munduan balio horiei eustea gero eta zailagoa, gero eta garestiagoa bilakatu da.

Harri eta zur geratu nintzen eta gero haserretu, makina bat gipuzkoar bezala, kirolzaleak izan edo ez, aurreko larunbatean Arizkorretako zelaian gertatutakoaren berri izan nuenean. Elgoibarren eta Idiazabalen arteko futbol partida hasterako, arbitroak euskaraz hitz egitea debekatu ez zien ba bi klubetako jokalariei eta talde teknikoari! Lehiaren ondorengo orduetan jakin dugu, baita ere, azkenaldian antzeko egoerak bizi izan dituztela Gipuzkoako zenbait futbol taldek, antza denez arbitro bera tartean zela.

Larria da benetan. Izan ere, berriz ere hizkuntz eskubideen urraketa jasan behar izan dute euskal hiztunek, futbolaren esparruan oraingo honetan. Normaltasun eta naturaltasun osoz euskara erabiltzeko ohitura eta eskubidea duten jokalari eta futbol taldeei gisa horretako debekua ezartzeak beste garai batzuk gogorarazten dizkigu. Noiz, eta Gipuzkoako gizartea etorkizunera begira buru-belarri lanean ari denean. Oraindik eta larriagoa da kirolari eta aisiari lotutako eremu batean, non, lehen aipatu bezala, zenbait balio sustatu beharko liratekeen, esate baterako, bizikidetza eta errespetua.

Horregatik guztiagatik, jarduteko modu horrek ondorioak izan beharko lituzke, eta hala tokatzen zaigu exijitzea gai honetan erabakimena duten futbolaren alorreko elkarte eta antolakundeei. Aldi berean, erakundeon babes osoa azaltzen diegu Idiazabal eta Elgoibarko jokalariei eta klub horietako kide guztiei.

Ezin dugu pasadizoa edo xelebrekeria hutsa balitz bezala igarotzen utzi gertatutakoa. Hori arinkeria litzateke! Baliteke antzeko egoerak erabat ezohikoak izatea, eta hala diote kirolaren mundua bete-betean bizi dutenek. Pozgarria da hori. Baina gu guztion konpromisoa eta ahalegina da neurriak hartu eta lanean jarraitzea antzeko egoerarik berriro gerta ez dadin.

Batetik, kirolaren munduan, eta batez ere futbolean, euskararen presentzia bermatu eta bultzatzeko lanean diharduten ororengatik. Hala adierazi dute Idiazabalgo eta Elgoibarko klubetako arduradun eta jokalariek. Beren ama hizkuntza dela eta, euskaraz bizi nahi dutela futbolean ere, euskaraz gozatu eta sufritu nahi dutela, euskaraz nahi dutela elkar animatu eta ondo pasa, gainontzeko hizkuntza aukerak ukatu gabe. Desio horrek, eta Gipuzkoan makina bat guraso, kirolari, klubetako arduradun, entrenatzaile eta arbitrok egiten duen lanak, errespetua merezi dute. Gainontzeko hizkuntza aukerek adinako errespetua, inondik ere.

Bestetik, eta are kezkagarriagoa dena, aste bukaeran gertatutakoak badu zerikusirik Estatuan zabaltzen ari diren aurreiritzi eta balizko atzerapauso linguistikoarekin. Katalanezko hezkuntza eredua ezbaian jarri eta hizkuntza gutxituei lotutako betekizunak aldatu nahi dituzten horien ideiak, badu eraginik zenbait herritarrek euskararekiko eta gaztelania ez den gainerako hizkuntzekiko jarrerarekin. Euskarak egiten du gure herria Euskal Herri eta, beraz, herri izatearekin eta nahiarekin daude lotuta gure hizkuntza eta euskaraz egitea. Euskarari begirunea izateak, gure herrian euskaraz hitz egiteko eskubidea eta askatasuna izatea esan nahi du. Esan dezagun argi: gure herriari, Euskadiri eraso egitea da euskaldunei euskaraz egiten ez uztea eta demokraziaren aurka egitea, euskaraz egiteko askatasuna ukatzea. Sobera daude gure hizkuntzaren aurkako horrelako jarrerak eta iritziak.

Horrek guztiak erakusten digu jarraitu beharrean gaudela euskararen eta euskal hiztunen aldeko joera orekatzaileak bultzatzen. Hizkuntza eskubideen urraketen aurrean, horiek salatu eta berriz gertatu ez daitezen baliabideak jarriz eta neurriak hartuz. Euskaraz bizitzeko eskubidearen alde egingo du Aldundiak hemendik aurrera ere, bere jardueran euskarari lehentasuna emanaz eta euskaraz bizi ahal izatea legez bermatzeko urratsak indartuz, bereziki eremu garrantzitsuetan, hala nola, kirolean eta aisialdian.

  

2582