Breadcrumb

Asset Publisher

Back Erronka demografikoari erantzun "aurreratua, integrala eta berdinzalea" ematearen alde egin du Aldundiak

Erronka demografikoari erantzun "aurreratua, integrala eta berdinzalea" ematearen alde egin du Aldundiak

"Herri mailako erronka" honen aurrean, foru erakundeak eskura dituen "tresna guztiak" aktibatzeko eta "erakundeen eta eragile sozial eta ekonomikoen arteko lankidetza" bultzatzeko determinazioa agertu du Gipuzkoako diputatu nagusiak

“Gipuzkoa eraldaketa demografiko sakon batean murgilduta dago" eta, errealitate horren aurrean, Markel Olano diputatu nagusiak "erakundeen eta eragile sozial eta ekonomikoen arteko lankidetza" sustatzeko konpromisoa erakutsi du, baita Foru Aldundiak dituen "tresna guztiak" aktibatzeko determinazioa ere. "Berrikuntza, lankidetza eta erabakitasun handia eskatuko dizkigun desafio erraldoi baten aurrean gaude. Lehen mailako erronka da, eta erantzun aurreratua, integrala eta berdinzalea behar du ", gaineratu du.

            Diputatu nagusiak Desberdintasuna eta erronka demografikoa Gipuzkoan jardunaldiaren irekieran egin ditu adierazpen horiek, Donostiako Miramar jauregian, Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen 40. edizioaren barruan. Gaur goizean UPV/EHUko errektore Eva Ferreirarekin batera ireki du ikastaroa. Aditu eta hizlariez gain, Bittori Zabalak, Zerga Politikako foru zuzendariak eta Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialeko eta Agenda 2030eko idazkari nagusiak parte hartu dute ekitaldian.

Markel Olanok gogorarazi du "kohesio soziala" dela Gipuzkoako eredu sozioekonomikoaren "ezaugarri nagusietako bat", eta bereizgarri hori garatzeko "guztion ahalegina" behar dela, lurraldea "Europan desberdintasun gutxien dituen lekuetako bat" izan dadin. Gertatzen ari diren "sakoneko" eraldaketa sozial eta ekonomikoek, hala ere, "galdera berriak" planteatzen dituzte, diputatu nagusiaren arabera, gure gizartearen "oinarrietan" eragina izan dezaketenak. Aldaketa horien guztien artean, erronka demografikoaren garrantzia azpimarratu du, zeinak dagoeneko Gipuzkoako gizartean "zahartze nabarmena eta jaiotza-tasaren jaitsiera" eragin dituen, besteak beste.

113 milioi euro kenkari fiskaletan

Errealitate horren aurrean, lurraldeko ordezkari nagusiak "erantzun aurreratua, integrala eta berdinzalea” ematearen alde egin du, jaiotza-tasa eta kontziliazio erantzukidea sustatzeko politikei protagonismo berezia eskainiz. Adierazi duenez, azken urteotan amatasun eta aitatasun baimenak parekatzeko eta handitzeko aurrerapausoak eman diren arren, “hanka motz" jarraitzen dugu zaintzaren eta etxeko lanen ardura banaketa parekidean. "Aldaketa kulturala sustatu behar dugu gure enpresetan, gure sare sozial eta ekonomikoan, gure bizitzetan, emakumeek bizitza pertsonala eta profesionala berdintasunean garatu ahal izan dezaten", gaineratu du.

            Atal honetan, besteak beste, Aldundia Erantzunkide Sarea sustatzen ari da, bere erakundeetan kontziliazio erantzunkidea bultzatzen duten enpresen sarea, alegia, alor horretan esperientzia eta praktika positiboak partekatzera bideratutako ekimena. Halaber, ezin ditugu ahaztu PFEZaren aitorpenean atal honi eskaintzen zaizkion pizgarri fiskalak, Foru Ogasunak seme-alabak dituzten familiei bideratzen dizkienak. PFEZrekin lotutako pizgarri garrantzitsuenak dira, eta azken hogei urteetan nabarmen handitu dira. 2020an, esate baterako, 160.387 aitorpenetan aplikatu zen pizgarri fiskal hori, 113 milioi euro, orotara, eta azken hamar urteetan kontzeptu horregatiko kenkarien batura 1.100 milioi eurotik gorakoa da.

            Bigarrenik, diputatu nagusia immigrazioaren inguruan "ikuspegi positiboa eta proaktiboa" garatzearen alde agertu da, aniztasuna bultzatzeko eta euskal kulturaren eta hizkuntzaren transmisioa sustatzeko politika berriak barne. "Erantzun humanista eta demokratikoa eman behar diogu gai honi. Baina, gainera, Gipuzkoara beste herrialde batzuetatik iristen diren pertsonen parte-hartzea beharrezkoa izango da gure industriaren eta ekonomiaren lehiakortasuna mantendu nahi baditugu ", gaineratu du.

            Aldi berean, Olanok azpimarratu du Gipuzkoakoa bezalako gizarte aurreratu batek gai izan behar duela pertsona guztientzako enplegu duina bermatuko duen "ekonomia nahikoa" sortzeko. Izan ere, bere ustez, "lana ezinbestekoa da bizi proiektu bat, familia proiektu bat garatzeko". "Gipuzkoa babesa, lan aukerak eta etorkizuna eskaintzen dituen lurraldea izan behar da, batez ere gazteei eta gizarteko kolektibo ahulenei", adierazi du.

            Azkenik, diputatu nagusiak adineko pertsonei "erantzun sozial kolektiboa" ematearen alde hitz egin du, kontuan hartuta 2031n 55 urte baino gehiago izango dutela 351.000 gipuzkoarrek. “Zerbitzuen eta zaintzaren ikuspegitik etorkizuneko gizarte politikak garatu, diseinatu eta aplikatzeko unea da. Beti ere, zahartzaro osasuntsua eta aktiboa sustatuz, adineko pertsonen partaidetza indartuz eta inguruko komunitatearekin dituzten harremanak garatuz”, adierazi du Olanok, zeinek gogorarazi duen errealitate berri honek ekonomia berri baten sorrera dakarrela berarekin. “Lurraldean dugun berrikuntza ahalmena zahartzaro osasuntsuaren mesedetan jartzeko abagunea dugu”, gehitu du, Aldundiak xede horrekin sortutako Adinberri fundazioak bultzatzen duen moduan.

            “Aldaketa demografikoaren tamainako desafio baten aurrean, gutxi ahal dezake erakunde baten lanak. Herri mailako erronka baten aurrean, ezinbestekoa dugu erakunde guztien elkarlana. Eta, nola ez, gizarte eta ekonomiaren alorretako eragile eta elkarte guztien ekarpen eta ahalegina. Horrela bakarrik lortuko dugu desafio sakon honi erantzutea eta, etorkizunean ere, herri gisa ezaugarri dugun gizarte kohesioari eustea”, laburbildu du diputatu nagusiak.

 

  

1884