Eskola Kirolak 1.662 kirolari batu ditu Jolashezi programaren eraginez, 6-8 urte bitarteko haurrak biltzen baititu
Eskola Kirolak 1.662 kirolari batu ditu Jolashezi programaren eraginez, 6-8 urte bitarteko haurrak biltzen baititu
Eskola Kirolak 1.662 kirolari batu ditu Jolashezi programaren eraginez, 6-8 urte bitarteko haurrak biltzen baititu
Gipuzkoako 32.722 haur ari dira parte hartzen Eskola Kirola ekitaldian, hau da, ikasle matrikulatu guztien % 73.
Lehen diputatu nagusiorde Denis Itxaso Batzar Nagusietan egon da gaur goizean, Eskola Kirola ekitaldiaren balantze bat egiteko. Jakina denez, Gipuzkoako lurraldean garatzen den eskola kiroleko proiektu hau emaitza benetan positiboak ematen ari da urterik urte. Eskola kirolaren eredua sakonki berraztertua izan zen 2016an eta 2017an, partaide izan zirelarik udalak, klubak, eskola kiroleko koordinatzaileak, federazioak eta Eskola Kiroleko Lurralde Kontseilua. Funtsean, berrazterketa horren ondorioz erabaki zen Eskola Kirolaren programan sartzen ziren ikasleen multzoa zabaltzea, batik bat 6-8 urte bitarteko haurrengana heltzeko, Jolashezi kirol hastapeneko proiektuaren bitartez; horrela, 1.662 ikasle gehitu dira.
Beraz, joan den urtean 32.722 haur izan dira partaide Eskola Kirola ekitaldian, hori da, eskola kirolak hartzen dituen adinetan matrikulatuta dauden ikasle guztien % 73. Alde batetik, argi gelditzen da partaidetza kopuruak oso adierazgarriak direla; eta, bestetik, gero eta nabarmenagoa da mutikoen eta neskatoen partaidetza gero eta orekatuago dagoela Eskola Kirola ekitaldian: mutikoak 18.190 dira –matrikulatutakoen % 79– eta neskatoak 14.532 –matrikulatutakoen % 66,5. Kopuru horiek benetako berdintasunetik gero eta hurbilago daude, helburu horren bila aspaldidanik ari baikara lanean; gertuago daukagu orain.
Itxasok adierazi duenez, «ez bakarrik partaidetza ari da goratzen, baizik gogoan izan behar dugu Gipuzkoan kirola egiten duten ikasleen ehunekoa maila gorenean dela, ez bakarrik Euskadin, baizik estatu osoan. Gipuzkoan lantzen ari garen moldea eredugarria da maila guztietan, eta, guztiaren gainetik, azpimarratu behar da neskatoen partaidetza, alde horretan Gipuzkoa buru baita, Euskadin bezala Espainian ere. Eskola kirolaren esparruan berdintasunaren bidean aurrera goaz, hori albiste izugarri ona da kirol kultura sortu nahi badugu eta bizitza osoan iraungo duten ohiturak landu nahi baditugu. Gipuzkoako gizartea ezin da ulertu kirolik gabe, gazte-gaztetxoenetatik hasita lortzen ari baikara kirol ohitura sendoak finkatzen. Kirol hastapeneko programak 6-8 urte bitarteko haurrengana zabaltzeak arrakasta handi bat izan du; ziur gaude horrek asko laguntzen duela partaidetza kopuru orokorrak gero eta handiagoak izatera».
Jolashezi programa oinarrizko erreferentzia bat da eskola kirolaren esparruan, 6-8 urte bitarteko haurrekin ikastetxeetan lantzen den kirol jarduerak gidatzen baititu. Espero dugu, gainera, tresna egoki bat izatea adin horretan kirol irakaskuntzan ari diren irakasleentzat ere. Izan ere, programazioan jasotzen dira adin tarte horretan ikasleen garapenerako ezinbestekoak diren jarduerak, hala nola, jokoak, jolasak eta gorputz adierazpena. Gainera, lehentasunez lantzen dira aukera berdintasuna sustatzeko estrategia eta neskatoen ahalduntze aktiboa.
Jolashezi programa, 2018an, Gipuzkoako 14 udalerritan ezarri delarik, 770 neskato eta 892 mutiko gehitu zaizkio Eskola Kirola ekitaldiari, hau da, guztira 1.662 partaide gehiago Gipuzkoako eskola kirolaren arloan.
Eskola kiroleko teknikarien trebakuntza
Horrekin batera, hastapeneko azterketa bat egin dugu Gipuzkoako eskola kiroleko teknikarien lan egoeraz (2017ko ekainean). Azterlan horren barruko lantalde batean zehaztu dira teknikariek eduki beharreko gaitasunak, eta diseinatu da prestakuntza plan bat eskola kiroleko teknikarientzat, osagai hauek aintzat harturik:
- Eskola kiroleko begiraleen prestakuntza: 2016-2017: 132 partaide; 2017-2018: 175 partaide eta 21.952,85 €; 2018-2019: 166 partaide eta 22.948,65 €.
- Etengabeko prestakuntza programa berri bat: 20 lantegi eta 4.014,78 €-ko gastua, honela banatuta:
- Eskualde bakoitzean erregularizatzeko prozesuaren azterketa eta aplikazioa (2017ko abendua-2018ko ekaina).
- Koordinatzaile pedagogikoaren figura sortzea (2017ko abendua-2018ko ekaina).
- Eskola kiroleko programaren berraztertze lana laguntzeko programak ari dira garatzen Urola-Kostan, Tolosaldean eta Lasarte-Orian. Oraingoz, bilerak egin dira ikastetxeekin, guraso elkarteekin, udalekin eta beste eragileekin. Guztira 19.965 € xedatu dira diagnostiko hori egiteko.
Kiroldegietan indarkeriaren aurkako haka
Gipuzkoako Foru Aldundiak berariazko kanpaina bat egin du eskola kirolean indarkeriaren aurkako jarrerak lantzeko, hain zuzen ere, Eee!ntzun izeneko programaren barruan ezarritako irizpideekin lotura eginik. Kanpainaren barruan, haka bat antzeztu zen ikasleen partaidetzaz, errespetua eskatuz eta kirolaz inolako indarkeriarik gabe gozatzeko jarrerak eskatuz.
Haka hori partaidetza handi batez egin izan da Gipuzkoako herri askotan, ehunka neska-mutikoren laguntzaz, besteak beste Arrasaten eta Tolosan, baita eliteko taldeen kirol ekitaldi batzuetan ere, hala nola eskubaloiko Bera Bera eta Bidasoa-Irun, edo saskibaloiko IDK Gipuzkoa eta GBC.
1638