Eskoriatzako saihesbidea ireki dute ostiral honetan
Eskoriatzako saihesbidea ireki dute ostiral honetan
Bi hilabetez itxita egon ondoren, eta 800.000 euro inguruko aurrekontua izan duen larrialdiko obra egin ostean, ireki ahal izan da GI-627 errepidea.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du Eskoriatzako saihesbidea ireki dutela ostiral honetan, ekainaren 22an, eguerdiko 13:00etan. Aurtengo neguan eta udaberrian izandako euriteen ondorioz, GI-627 errepidearen zati hau itxita egon da bi hilabete luzez, hustubide sistema berritu eta zorua konpontzeko lanak egiteko, larrialdiko prozeduraren bidez.
“Negua luzea eta gogorra izan da. Euriak kalte handiak eragin ditu gure errepide sarean, eta aurtengo udaberrian eta neguan 400 luizi baino gehiago izan dira, 6 milioi euro baino gehiagoko aparteko gastua eraginez. Oraindik ere larrialdiko jarduera ugari gauzatzen ari gara; garrantzitsuenetako bat Eskoriatzako saihesbidearen zati honetan egin da”, adierazi du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak egin duen larrialdiko obra hau gauzatzeko GI-627 errepidearen zati hori itxita egon da. Oiarbidek jakinarazi duenez, “euriteen ondorioz, errepidea hondoratu egin zen, eta 800.000 euroko aurrekontua behar izan da larrialdiko obra amaitzeko”, eta gaineratu du obra horrek bigarren zati bat izango duela, prozedura arruntaz gauzatuko dena, eta jarduera horrek milioi bat eurotik gorako aurrekontua izango duela.
Hustubidearen bi aldetan mikropilotez osatutako pantaila bat egin da, luzera osoan, ainguratutako bi haberekin indartuta, eta horiei esker aurrefabrikatutako hormigoizko marko batzuk jarri ahal izan dira, gero horien gainean betelana egiteko eta GI-627 errepidearen zorua berritzeko. Jarduera horiek amaituta daude dagoeneko; beraz, ostiral honetan, eguerdiko 13:00etan, berriz ireki da GI-627 errepidearen zati hau.
Alabaina, hustubide sistema berritzeko lanek aurrera jarraitzen dute, goiko aldeko zatian, 23 metroko luzeran, GI-627 errepidearen azpian egin dituzten lanen antzeko prozedura erabiliz, baldintzapen geometrikoek beharrezko egiten dituzten aldaera txiki batzuekin. Aurreikusita dago zati horretako obrek hurrengo uztailera arte luzatzea, eta, ondoren, hilerriko bideko eta Lete auzoko urbanizazio elementuak jarriko dira berriz.
1829