Breadcrumb

Asset Publisher

Back Eskualdeetan jarduera ekonomikoa sustatuko da 1,2 milioi euroko deialdiarekin

Eskualdeetan jarduera ekonomikoa sustatuko da 1,2 milioi euroko deialdiarekin

Kalitatezko enplegua, sektore estrategikoak, eta elkarlanean oinarritutako proiektuak babestuko dira

Gipuzkoaren sustapen ekonomikoa eskualdeen ikuspegitik bultzatzeko dirulaguntza deialdiak onartu du Diputatuen Kontseiluak, garapen agentziei zuzendua eta 1,2 milioi euroz hornitua. Lehenbiziko aldiz onartu da berariaz eskualde garapenera zuzendutako laguntza deialdi berezia; gainera, foru inbertsioa 373.000 euroz handitzen du deialdiak eta bi lerro berri zabaltzen ditu, errekuperazio ekonomikoa egonkortzeko eta luralde osoaren eta eskualdeen ikuspegia uztartzeko. «Gipuzkoan lurralde kohesioa, aberastasunaren sorrera iraunkorra eta pertsonen ongizatea sendotu nahi ditugu laguntza hauen bitartez, eta horregatik bereziki enpresa txiki eta ertainetara eta enplegua sortzera bideratuta daude», azaldu du Imanol Lasa foru bozeramaileak.

Hiru atal ditu deialdiak: Alde batetik, 830.000 euro xedatuko dira eskualdeetan eraldaketak bultzatzeko proiektuetara, eskualdeen lehiakortasun abantailak ahalbidetzearren. Besteak, beste, kontuan hartuko dira enpresen lehiakortasuna eta iraunkortasuna bermatzeko ekintzak, sektore ekonomiko helduak birformulatzeko ekintzak eta, halaber, negozio aukera berriak sortzeko ekintzak etorkizuneko sektore desberdinetan; esaterako, ekonomia zirkularrean, sorkuntza industrietan, biozientzia eta osasun arloan, zibersegurtasunean edo zahartzaroaren zaintzan; horiek guztiak, hain zuzen ere, Etorkizuna Eraikiz programa estrategikoaren arreta guneak dira.

Bestetik, bi laguntza lerro berri sortu dira: bat, ingurune kolaboratiboak sustatzeko proiektuei zuzendua, 150.000 euroko zuzkidura duena; eta bestea kalitateko enplegua sustatzera zuzendua, 220.000 euroko zuzkidura duena. Biotako lehenbizikoan, lankidetza eta ikaskuntza kolektiboa diseinatzeko eta bizkortzeko laguntzak emango dira, eta interes partekatua izan dezaketen enpresa eta agente ekonomikoei zuzenduta egongo dira.  Bigarrena, berriz, kalitateko enplegua sortzeko dinamika endogenoak bultzatuko dira, eskualde bakoitzaren indarguneak sendotuz eta, hartara, horietan dauden langabezia tasak murriztuz.

Orain arte, eskualde garapena zen Gipuzkoako egitura ekonomikoa laguntzeko programak zuen sei lerroetako bat, eta horren barruan 826.620,75 euro xedatu ziren 11 eskualdetan zeuden 20 proiekturentzat. Oraingoan, ordea, berariazko deialdia egitea ikusi da egokiena, eta irismen handiagoa ematea, izan ere «uste dugu lurralde kohesioa funtsezko elementua dela Gipuzkoaren aurrerabide ekonomiko eta sozialerako. Eskualdeek zeresan handia dute gure lurraldearen etorkizuna eraikitzeko prozesuan, eta, horregatik,  deialdi honek eskualdeetara zuzendutako baliabideak jartzen ditu, eragile ekonomikoen arteko lankidetza, esperimentazioa eta berrikuntza sustatzearren». 

Laguntza hauek lurralde estrategia batean kokatzen dira, eta helburu dute «enpresa eta enplegu gehiago eta hobeak izatea, ekonomia produktiboaren alde eginez -batik bat gure sektore estrategikoetan- eta aberastaun sorkuntza iraunkorra sendotuko duten jarrera enpresarialak eta sozialak sustatuz. Eta hori egin nahi dugu, gainera, industria aurreratua, gizarte ekintzailea eta lurralde kohesioa elkarrekin uztartuz», adierazi du Lasak.

Deialdi berriaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak enpresak bultzatu nahi ditu, enpresen eskaintza beren lehiakideekiko positiboki bereiziz, enpresa txiki eta ertainen beharrak eta aukerak lehenetsiz, eskualde bakoitzak behar izaten dituen profil produktiborako ezagutza egokiak sustatuz eta eskualde bakoitzeko enpresa sareen eta ezagutzaren eragileen arteko loturak indartuz. «Ezin dugu ahaztu zer pisu duten enpresa txikiek eta ertainek gure lurraldean, Gipuzkoako Barne Produktu Gordinaren % 23 osatzen baitute, 74.000 pertsona enplegatzen baitituzte eta beren ekoizpenaren % 83 esportatzen baitute», esanez amaitu du.

Adinekoentzako plaza berriak

Bestalde, Kontseiluak erabaki du Aldundiak hainbat entitaterekin dauzkan elkarlan hitzarmenak indartzea, mendekotasuna duten adineko pertsonentzako plazen eskaintza hobetzen jarraitzeko, dagoen eskariari erantzuna emate aldera. Hala, Irunen –Betharram zentroa-, bi plaza berri kontzertatuko dira perfil psikogeriatrikoa duten pertsonentzako; Andoainen eta Donostian, buruko gaixotasuna duten pertsonentzako egoitzako bost plaza berri eskainiko dira -4 eta 1, hurrenez hurren-; eta, azkenik Deba Erdia eskualdean eguneko zentroko plazen eskaerari aurre egiteko, bost plaza berri jarriko dira martxan Soraluzeko eguneko zentroan.

12 plaza gehiago dira guztira, 128.000 euroko inbertsio gehigarria ekarriko dutenak, eta maiatzaren 2tik aurrera prest egongo direnak. Horiekin, legealdian 300 plaza berri eskaintzeko helburuan urratsak egiten jarraitzen du Aldundiak. Biztanlegoaren zahartzeari aurre egiteko martxan jarritako estrategia “integralaren” barruan kokatu du Lasak erabakia, eta egoitzetako eskaintza hobetzeaz gain, beste hainbat neurri aipatu ditu, hala nola mendekotasun diru-laguntzak indartzea, babes produktuak eta etxeko arreta hobetzea, eta AdinBerri estrategiak ekarriko duen esperimentazio eta ikerketaren aldeko apustua. Gogoratu behar da zahartzearen eta mendekotasunaren esparruan erreferentziazko zentroa erakiko dela Pasaian.

Gaur egun, 49.000 lagun baino gehiago daude Gipuzkoa 80 urtetik gora dauzkatenak, 2000. urtean halako bi. Eta 2026an 56.000 izango dira, hau da orain baino 7.000 gehiago. “Bizi itxaropenak hazten jarraitzen du eta hori albiste ona da, baina ezin dugu gizartearen zahartze prozesuak dakartzan erronka ugarien aurrean ezikusiarena egin. Izan ere, urte gehiago bizitzeaz gain, bizi kalitateari eutsi nahi diogu. Eta hori denoi dagokigu”.

Herrilab Beasain

Bilkura berean, Kontseiluak onartu du 30.000 euroko diru-laguntza ematea Beasaingo Udalaro, HerriLab proiektu pilotua martxan jarri dezan. Horren bitartez, kontziliazio erantzukidea bultzatuko dute udalerrian, eragile ekonomiko, sozial, instituzional eta hezkuntza arlokoen inplikaziotik abiatuta, besteak beste. Beasainen berdintasunaren aldeko lanari bultzada handia ematea da asmoa, baina horrekin batera, “ikasketarako eta esperimentaziorako espazio bat izatea da gure asmoa, ondorio eta praktika onak lortu ahal izateko, eta horiek beste udalerritan eta lurralde osoan abian jartzeko”, azaldu du bozeramaileak.

Diru-laguntza onartu delarik, orain prozesuaren oinarriak finkatuko dituen diagnosi faseari ekingo zaio herrian. Urrats horrek garrantzi handia dauka, abiatze puntua zein den garbi ezagutzeko balioko baitu. Herrian egon daitezkeen eszenario ezberdinak zehaztuko dira eta bertako eragile esanguratsuenen inplikazioaren bila hasiko dira orduan. Arlo ekonomikokoak (enpresak, enpresa elkarteak, merkataritza, ostalaritza...), arlo sozialekoak (hezkuntza zentroak, kirol elkarteak, hedabideak, elkarte feministak, guraso elkarteak...) eta erakundeak izango dira eragile horiek. Hain zuzen, haiena izango da protagonismoa eta haiek diseinatu beharko dute propio Beasainerako ibilbide orria. Prozesuaren fase hau publiko egingo da hilabete batzuen buruan, zabaltzeko, eta herritar guztien konplizitatean lortzeko asmoarekin.

Beasainen ezaugarri sozio-ekonomikoak eta tamaina –herri ertaina- izan dira entitate handiko esperimentazio kasu horretarako aukeratua izatera eraman duten arrazoiak. Horien artean daude industri sektorearen eta bere enpresen garrantzia, elkartegintza sarea, eta sare horrek kirolean, kulturan edo aisialdian egiten duen lana, ekimena gizarteratzeko aukera ematen duena.
  

1374