Estrategia partekatua Euskadi gobernantza publikoaren “Europako erreferente” izan dadin
Estrategia partekatua Euskadi gobernantza publikoaren “Europako erreferente” izan dadin
Markel Olanok eta Gobernantza eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak beren lan-taldeak bildu dituzte gaur
Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano eta Gobernantza eta Autogobernuko sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkoreka gaur goizean bildu dira berrikuntza publiko eta modernizazio-proiektuak partekatzeko eta lankidetza-bideak ezartzeko.
Bileran, gainera, ondokoek parte hartuko dute: Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko foru diputatu Imanol Lasa, Erakunde Harremanetarako sailburuorde Peru Bazako eta Funtzio Publikoko sailburuorde Andrés Zearreta.
Bi erakundeek partekatzen dute gobernantza ona euren ezaugarri bereizgarri izatearen aldeko apustua: “Eremu horretan, Euskadi nazioartean Europako erreferente izatea lortzen ari gara, gizarte arreta edo industria bezalako eremuetan dagoeneko erreferente den bezalaxe”, nabarmendu du.
Eraginkortasuna, gardentasuna, kontuak ematea eta herritarren partaidetza dira Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak oinarritzat dituzten euskarrietako batzuk beren kudeaketarako, eremu publikoarekiko gizartearen eskari berriei eta gero eta eskakizun handiagoei erantzuteko, konfiantzan eta lankidetzan oinarritutako harremanak finkatzeko eta gero eta arreta eta zerbitzu hobeagoak eskaintzeko. “Erronkak partekatzen ditugu, baita soluzioak ere”, adierazi dute biek.
Funtzio publikoa
Funtzio horietako bat plantilla publikoen belaunaldi arteko erreleboa da, eta bitarteko kontratuen tasa murriztea. Aldundiaren kasuan, zortzi urtetan jubilatzen da plantillaren erdia, eta Euskadiko Administrazio Orokorraren plantillan %68 jubilatuko da hemendik 2030era. Horregatik, biek ziurtatu dute “berehala hasi beharrean gara tartean diren sektore guztien arteko negoziazioan eta akordioan, legealdi honetan, Euskadiko enplegu publikoa arautuko duen lege berria abian jartzea lortzeko”.
Era berean, bi erakundeek eskatu diote Espainiako Gobernuari Lan Eskaintza Publikoak egiteko betoa altxatzeko, “ezinbestekoa da errelebo horri heldu ahal izateko eta gizarteak eskatzen dituen profil eta konpetentzia berriak barnean hartu ahal izateko. Horren araberakoa izango da gure administrazioen etorkizuneko diseinua”.
Langile publikoen bizitza laboralaren eta pertsonalaren arteko berdintasun eraginkorra eta kontziliazioa da partekatutako beste lan-lerroetako bat, eta horretarako telelanaren proiektua gauzatu dute bi erakundeek.
Gobernantza ona
Bi ordezkaritzek berretsi egin dute gaur demokrazia indarberritzearekin eta adibidea ematearekin hartu duten konpromisoa. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016an onetsi zuen eremu horretan “Erakundearen Zuzentasun Sistema”, eta Eusko Jaurlaritzak 2013an “Kode Etiko eta Jokabide Kode” eredugarria.
Gainera, estrategiak partekatu izan dituzte eremu publikoaren kudeaketa-prozesua errazteko, bikoizketak eragozteko eta datuen trukean sakontzeko, administrazio-prozedura guztien burokrazia murriztearren. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak elkar harturik lanean dihardute Administrazio Elektronikoaren ezarpenean, kostua aurreztu –paperean batez ere–, izapideak arindu eta gardentasunean sakondu ahal izateko. Gainera, murgilduta dabiltza kudeaketa-eredu publiko aurreratua, “Aurrerabide”, zabaltzen.
Era berean, bi erakundeak herritarren arreta-zerbitzua modernizatzen ari dira, kontsultak eta eskaerak jasotzeko kanal berriak eskainiz, sare sozialen eta teknologia berrien ahalbideak baliatzeko, eta orain dauden espazio fisikoak hobetuz. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak apustu egin du Herritarren Arreta Zerbitzua indartzearen alde, eta Aldundiak aurreikusita du bere arreta-espazioa foru jauregian taxutzea.
“Gardentasuna, Partaidetza eta Gobernu Ona” ardatzari dagokionez ere, bi erakundeek garatuko dituzte arau berriak legealdi honetan, herritarrak eta eragile sozial eta ekonomiko desberdinak politika publikoen diseinuan, exekuzioan eta ebaluazioan barneratzen jarraitzearren, lankidetza eraginkorra eta erabakiak hartzean herritarren partaidetza handiagoa bermatuko dituen eredu batekin. Gainera, legealdi honetan aurreikusita dago organismo autonomiko inpartzial bat eratzea, Euskadin gardentasuna zainduko duena.
Autogobernuaren alde
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak beren kezka adierazi dute Espainiako Gobernuaren aldetik ikusten den etengabeko birzentralizazio jarreraren aurrean, behin eta berriro ari baita betoak inposatzen euskal erakundeen jarduerei baita errekurtso judizialak aurkezten ere euskal araudiari. Egoera horren aurrean, bi erakundeek berretsi dute beren konpromisoa Euskadiko erakundeen eskumenak "babestu eta defendatzeko”, “herritarren borondatea eta kudeaketa-gaitasuna adierazten baitituzte”.
1611