Breadcrumb

Asset Publisher

Back Etorkizuna Eraikiz Foroa jaio da, herritarrek etorkizuneko erronkei buruz eztabaidatzeko gune irekia

Etorkizuna Eraikiz Foroa jaio da, herritarrek etorkizuneko erronkei buruz eztabaidatzeko gune irekia

Lehenengo hitzordua martxoaren 24an egingo da, ziurgabetasuna izango du ardatz eta entzute handiko nazioarteko hiru hizlari izango dira bertan.

Datozen hilabeteetan Etorkizuna Eraikizek komunikazio eta partaidetza kanal berri bat irekiko du, lurraldearen etorkizuneko erronkei buruzko eztabaidan eta hausnarketan herritarrak inplikatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta UPV/EHUren arteko lankidetzaren emaitza den Etorkizuna Eraikiz Foroa aktibatzeak plaza publiko bat irekitzea ekarriko du, non adituek eta herritar arruntek bat egingo duten intereseko gaien inguruan, hala nola ziurgabetasuna, belaunaldien arteko etena edo aurrerapenaren bilakaera linealaren haustura. Lehenengo ekitaldia martxoaren 24an izango da, Donostiako Kursaalean, eta ziurgabetasuna izango du hizpide. Hizlari nagusiak hauek izango dira: Shalini Randeria, Europako Erdialdeko Unibertsitateko presidentea eta errektorea; Maria Virginia Bras-Gomes, Portugalgo Lan Ministerioko aholkulari berezia; eta Rui Marques, Antonio Vieira Institutuko zuzendaria.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Agustin Erkizia UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko erretoreorde eta Etorkizuna Eraikiz Foroko presidenteak aurkeztu dute dinamika gaur goizean, prentsaurrekoan. Biek azpimarratu dutenez, Etorkizuna Eraikiz Foroko hitzordu guztietan, adituen hitzaldiak ez ezik, bideo bat ere izango da ikusgai. Ikus-entzunezko horretan, betiere jorratutako gaia ardatz hartuta, hainbat belaunalditako ikasleek modu ireki eta lasaian izan dituzten elkarrizketak jasotzen dira. Bideoan parte hartu duten ikasleak Deustuko Unibertsitatetik, UPV/EHUtik eta Mondragon Unibertsitatetik etorri dira. Ekitaldiak herritar guztientzat irekiak dira, baina aldez aurretik izena eman behar da, Gipuzkoa Events app-aren bidez edo 943112137 telefonora deituta (10:00etatik 14:00etara).

Olanok, bere hitzaldian, positibotzat jo du Foroa martxan jartzea, Etorkizuna Eraikiz herritarrentzat are gehiago irekitzen lagunduko duelako. “Etorkizuna Eraikizen oinarria da gobernantza ireki eta elkarlaneko eredu berria da, hedatzeko lanean ari garena, eta egiteko eta lan egiteko modu berri bat dakarrena; administrazio publikoaren ateak zabal-zabal irekitzea dakarrena herritarren eta eragile ekonomiko eta sozialen parte-hartzeari”, gogorarazi du. Gaineratu duenez, proiektu honen bidez Gipuzkoaren etorkizuna eraikitzen ari da Aldundia, “baina batez ere guztion artean egiten ari garela azpimarratuko nuke, betiere elkarlanean eta lankidetzan”.

Hori dela eta, Foroak “sarbide berri bat gehiago” izan nahi duela uste du, herritarrek Gipuzkoako geroari buruzko hausnarketan parte har dezaten. Gaiak aukeratzeko orduan, nabarmendu du hiru izan direla hautaketa prozesua gidatu duten printzipioak: lehenik eta behin, COVID-19aren pandemiaren esperientzia eta horren ondorengo agertokia; bigarrenik, gazteei ahotsa emanez eta belaunaldien arteko elkarrizketa sortzen lagunduz etorkizuneko ikuspegia txertatzea, eta, hirugarrenik, Etorkizuna Eraikizek lantzen dituen gai nagusiak zeharka kokatzea. Martxoaren 24rako hitzorduaz gain, Foroak urtea amaitu baino lehen beste bi ekitaldi egitea espero duela iragarri du diputatu nagusiak.

Agustin Erkiziak, bere aldetik, unibertsitatearen papera azpimarratu du, “zeinak balio erantsia ematen baitio Etorkizuna Eraikizen proiektuari eta hori lurraldearen garapenarekin eta etorkizunaren plangintzarekin duen konpromisoaren froga garbia baita. Ildo horretan, Etorkizuna Eraikiz Foroak balioa eman nahi dio herritarrek gai konplexuei heltzeko duten gaitasunari, gai horiek guztioi eragiten baitigute, neurri handiagoan edo txikiagoan, eta irtenbide posibleak elkarren arteko lankidetza sustatuko duten komunikazio bideak ezartzea da, etorkizun hobea eraikitzen saiatzeko. Aukeratutako formatua lagungarria izan daiteke helburu hori lortzeko, herritarren elkarreragina sustatzen baitu, hiru elementuren parte-hartzeari esker: hausnarketa lasaia, erakusketa espezializatua eta parte-hartze irekia. Gure ustez, ekimen honek Gipuzkoa bereizten duten ezaugarrien bideari jarraitzen dio, adostasun bila elkarrizketa zintzoak garrantzi berezia duen gizarte gisa.

 

Ziurgabetasuna, lehen gai nagusia

Martxoaren 24an egingo den lehen Etorkizuna Eraikiz Foroak ziurgabetasuna izango du ardatz. “Ziurgabetasunak markatutako garaiak bizi ditugu. Garai guztietako ziurgabetasun-maila handieneko etorkizunaren aurrean gaude”, ekitaldiaren bultzatzaileek azaldu dutenez. Ideia hori oso errepikatua eta azken urteetan nagusi izan da, eta askotan ziurgabetasuna aipatzen da gaur egungo garaien ezaugarri nagusitzat. Hori dela eta, Foroak honelako gaiak jorratuko ditu: Gaur egungo gai bat besterik ez al da? Zer nolako segurtasun ezak bizi izan dituzte gure lurraldean beste belaunaldi batzuek? Eta zerk eragiten du etorkizunari begira zalantzazko begirada hori izatea? Galdera horietatik abiatuta, gai honekin etorkizunari buruzko beldurrak, itxaropenak eta jarrerak landu nahi dira.

Hitzorduan nazioarteko hiru hizlari izango dira: Rui Marques, Antonio Vieira Institutuko zuzendaria eta Gobernantza Integraturako Foroak bultzatzen duen Lidergo Partekatuaren Akademiako zuzendaria. Foro hori lankidetza-sare informala da, gizarte-arazo konplexuen eta erakunde publiko eta pribatuen kudeaketari buruz hausnartzeko. Erakunde horiek elkarlanean lan egitearen aldeko apustua egin dute, eraginkortasun handiagoa ahalbidetuko duten gobernantza integratuko ereduen bidez. Bigarren hizlaria Maria Virginia Bras-Gomes da, Portugalgo Lan, Elkartasun eta Gizarte Gaietarako Ministerioko Nazioarteko Gaietarako aholkulari berezia. NBEko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeko lehendakaria izan da, eta aditua da politika publikoetan, gizarte politiketan eta genero berdintasunean.

Azkenik, Shalini Randeria antropologo sozial eta soziologoak, Europako Erdialdeko Unibertsitateko presidente eta errektoreak, telematikoki parte hartuko du. Vienako Giza Zientzien Institutuko (IWM) errektorea eta Gizarte Antropologiako eta Soziologiako katedraduna izan da Genevako Nazioarteko eta Garapenaren Ikasketen Unibertsitate Institutuan (IHEID), eta Demokraziaren Albert Hirschman Zentroko zuzendaria ere izan zen. Bremengo Unibertsitateko Bikaintasun Katedraren titularra da. Bertan, autoritarismo bigunei buruzko ikerketa-talde bat zuzentzen du.

  

2619