Breadcrumb

Asset Publisher

Back Etorkizuneko zerga iruzurrari aurre egiteko ideiak

Etorkizuneko zerga iruzurrari aurre egiteko ideiak

‘Fiskalitatea berritzeko ideiak’ lehiaketan 11 ideia aurkeztu dituzte.

2017/12/12
Jabier Larrañaga eta Markel Olano, aurtengo irabazlearekin

Modernitatea, teknologia berrien erabilera eta etorkizuneko iruzurraren aurkako borrokaren aurrerapena. Hauek dira, Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanoren arabera, foru Ogasunak antolatu duen ‘Fiskalitatea berritzeko ideiak’ lehiaketaren lehen ediziora aurkeztu diren ideien ezaugarriak. Foru arduradunak aurkeztutako ideien balioa nabarmendu du, “oso erabilgarriak baitzaizkigu biharko zerga iruzurraren aurkako borroka prestatzeko”. Lehen saria Alberto Rezolarentzat izan da, aurkeztu duen zerga delituen arteko loturak ikertzeko algoritmo matematikoak erabiltzeko programagatik; bigarrena, bere aldetik, Manex Serrasek irabazi du, Errenta aitorpena egiten laguntzeko bot kalakariaren ideiagatik.

            Sari banaketa ekitaldia gaur eguerdian egin da foru jauregiko jargi aretoan. Bertan izan da, Olanorekin batera, Ogasun eta Finantza foru diputatua, Jabier Larrañaga. BIC Gipuzkoa, Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Tecnun, Mondragon Unibertsitatea, IK4, Tecnalia, Tecniker eta Vicomtech izan dira bidelagun proiektuan, eta foru arduradunek esker oneko hitzak izan dituzte beraientzat. Lehen sailkatuak 1.500 euro eta MacBook Air ordenagailua eskuratu ditu. Bigarrenak, berriz, 750 euro eta iPhone 7 telefonoa adimentsua. Gainera, BIC Gipuzkoaren aholkularitza jasoko dute biek beraien proiektuak garatzeko. Gainerako parte hartzaileei diploma bana eman zaie zeren eta, Ogasuneko diputatuak nabarmendu duenez, aurkeztu dituzten ideien kalitateak “aitortza merezi zuen”. Guztira, 15 pertsonak hartu dute parte lehiaketan, hamaika ideia ezberdin aurkeztu dituztenak.

            Diputatu nagusiak, bere hitzaldian, esker oneko hitzak izan ditu parte hartzaileentzat, eta balioan jarri du aurkeztutako ideien kalitatea. Foru arduradunak gogoratu duenez, “iruzur egiten den euro bakoitza”, gero, “gure errepideen artapenera, suhiltzaileen zerbitzura edota gizarte zerbitzuetara iristen ez den euro bat da”. Hori dela eta, gizarte kontzientziazioan egiten den lanaren garrantzia azpimarratu du, iruzurrari zilegitasuna kentzeko: “Gizarte osoa zerga iruzurrarena guztioi eragiten digun kontua dela jakitun izatea da zerga iruzurrari aurre egiteko erarik eraginkorrena da”.

            Zentzu honetan, balioan jarri du baita ere lehiaketan aurkeztu diren ideiek egiten duten ekarpena. Gogoratu duenez, Aldundia etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko lanetan dabil, Etorkizuna Eraikiz dinamikaren bitartez. “Modernitatea jomuga duen bidea da, Gipuzkoako gizartearekin elkarlanean egiten ari garena. Lehiaketa honetan parte hartu dutenek primeran ulertu dute ekimen honen filosofia: modernitatea, etorkizuna eta lankidetza”, esan du Olanok. “Gizarte aurreratua izan nahi badugu, zerga iruzurrari aurre egiten dio gizartea, denon parte hartzea da beharrezkoa”, itxi du.

            Larrañagak, bere aldetik, gogoratu du lurraldeko talentuarekin zubiak eraikitzea zela lehiaketa hau abian jartzearen helburu nagusietakoa eta, “agerikoa da lortu dugula”. “Batzutan, badirudi zerga sistemari buruzko eztabaida betiko eragileei mugatutako zerbait dela eta, zentzu honetan, joko zelaia zabaldu eta arlo honetara aire freskoa ekarri nahi izan dugu. Honela, normalean gai hauen inguruko eztabaidetan parte hartzen ez duten pertsonen ekarpenen bila joan gara”, esan du. “Lehiaketa egin dugun lehen urtea izan da baina, emaitza ikusita, jarraipena izango duen ekimena izango da”, adierazi du Larrañagak.

 

Saritutako ideiak

Lehen saria Alberto Rezolarentzako izan da. Aurkeztu duen ideiak, zerga iruzurrari aurre egiteko moduetan egon daitekeen paradigma aldaketa aurreratzen du. Horrela, pertsonak eta enpresak aztertu beharrean, zerga delituen arteko loturak arakatzea planteatzen du. Proiektuak elkarlanerako bideak proposatzen ditu, iruzur jarduerak hautematen dituzten algoritmo matematikoen erabileraren bitartez, zerga ihesa hauteman eta ikertzen dabiltzan pertsonekin. Etorkizuneko Ogasuneko ikuskariek izan dezaketen agertoki posiblea planteatzen du ideiak: “datuen ikertzaileekin” elkarlanean aritzea, hau da, matematikak, informatika… bezalako alorretako profesionalekin.

            Bigarren saria, bere aldetik, Manex Serrak irabazi du. Bere proposamena zergadunek euren errenta aitorpenak egiterako orduan izan ditzaketen zalantzak argituko dituen euskarri berritzailea da. Gailu hau txat bat izango litzateke, gaur egun herritarrei arreta ematen dieten Ogasuneko zerbitzuak ematen dituen hainbat zerbitzu automatizatzeko aukera emango lukeena. Bere kabuz hainbat lan egin ditzaken adimen artifizialeko softwarea (bot) litzateke proiektuaren muina, hizkuntza naturala erabiliko duena, zergadunekin duen harremana errazteko. Gainera, euskarria pixkanaka martxan jartzeko prozesua ere proposatzen du: hasieran argitzeko errazak diren zalantzak argituko ditu gailuak eta, denborarekin, zailtasun handiagokoak gehitzen joango da. 

  

1905