Breadcrumb

Asset Publisher

Back Euskararen erabilera bultzatzeko esperientzia bilduma

Euskararen erabilera bultzatzeko esperientzia bilduma

Bagera elkarteak Aldundiaren babesarekin egindako lanak euskararen erabilera bultzatzeko tokiko aktibazioa, ekimen soziala eta berrikuntzaren garrantzia azpimarratzen ditu

Liburuaren aurkezpena

Herritarren hizkuntza ohituretan eragin eta euskararen erabilera bultzatzeko hainbat tokiko esperientzia biltzen dituen liburua aurkeztu dute gaur Donostian. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Bagera Donostiako Euskaltzaleen elkarteak landutako bilduma honen helburua da euskalgintzaren rol aktiboa oinarri duten ekimenak jaso, aztertu eta ezagutzera ematea, antzeko egitasmoak bultzatu nahi dituzten elkarte eta mugimenduentzako erabilgarri izan daitezen.

Nola egin dute? Hizkuntza ohituretan eragiteko esperientzien bilduma lanak bi atal ditu. Batetik, tokiko aktibazioa oinarri hartuta, euskararen erabilera bultzatzeko abian jarritako hamar ekimen aztertu eta jasotzen dira, horietatik sei Gipuzkoan garatuak –Añorga, Astigarraga, Egia, Hernani, Lasarte-Oria, Donostiako Piratak–. Gainontzekoek Agurain, Aiaraldea, Arrigorriaga eta Trapagaranen martxan jarritako egitasmoei egiten diete erreferentzia. Hala azaldu dute, gaur goizean Foru Aldundian egindako prentsaurrekoan, Bargera elkarteko kide eta bildumaren egileak, Idoia Trenorrek, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, Mikel Irizarrek, eta Donostiako Udaleko Euskara zerbitzuko zuzendariak, Edurne Otamendi.

Bagera elkartetik jabetu ziren azken urteotan Euskal Herriko hainbat txokotan aspaldidanik zegoen gogo bati heldu ziotela zenbaitek; ekintza solteak egitetik aktibazio kolektibo antolatuan murgiltzeko saiakerak zabaltzen ari zirela han hemenka. Euskaraz bizitzeko nahiari erantzuteko aktibazio proiektu berritzaileak jartzen ari zirela martxan, alegia, babes soziala, elkarlana eta gizarte ekimena oinarri gisa hartuta. Guztiak helburu batekin: ohikoak diren hizkuntza ohituretatik aldendu eta euskararen erabileraren mesedetan izango diren aldaketak probokatzeko aukera berriak sortzea.

Ikerketari eta berrikuntzari lehentasuna ematen ari zaio Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaritza eta testuinguru horretan, hizkuntza ohituretan eragiteko beharra nabarmendu du Mikel Irizarrek. “Euskararen biziberritze prozesua bidegurutzean dago. Eta arriskua badugu bertan etsita geratzeko. Horregatik, egitasmo berri eta berritzaileek behar dute izan aurrera egiteko gakoa”, laburbildu du. Bere esanetan, “azken urteotan izugarrizko lana eta aurrerakada” ezagutu badu ere euskararen erabilerak, hain zuzen ere alor horretan ekiteko eta eragiteko beharra dago, indarrean dauden “hizkuntza ohiturak euskararen mesedetan aldatu eta hizkuntza berdintasunean sakontzeko”.

“Tokiko aktibazioa, ekimen soziala eta berrikuntza oinarri duten egitasmoek, horretarako bidea erakusten digute”, gaineratu du, eta hor kokatu du aurkeztuako bildumaren garrantzia. “Dagoeneko abian jarritako esperientziak aztertu eta ezagutzera emateko parada eskaintzen dutelako”, xehetu du Irizarrek.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, xede zabal horretarako, Euskara 4.0 estrategia du abian, zeinetan hartu duen konpromisoa hizkuntza berdintasuna bultzatzeko egitasmo berritzaileak indartzea. Lan ildo horietako bat da, hain zuzen ere, tokiko aktibazioa, Irizarrek adierazi duenez.

  

2058