Breadcrumb

Asset Publisher

Back Euskal Autonomia Erkidegoko industria-enpresen lehen energia-komunitatea sortu da Eibarren

Euskal Autonomia Erkidegoko industria-enpresen lehen energia-komunitatea sortu da Eibarren

TEK Azitain izeneko energia-komunitate industrialak 156 kW energiaz hornituko die industrialdeko zortzi enpresei.

2023/02/10
TEK industrial

Enpresek energia berriztagarria sortu eta kontsumitu ahal izango dute Azitain 3K industrialdeko estalkian jarriko diren 347 plaka fotovoltaikoei esker.

TEK Azitain enpresek urteko elektrizitate-fakturan %25 aurreztuko dutela kalkulatzen da.

Energia autokontsumorako proiektu honek, gainera, lurraldearen jasangarritasunari laguntzen dio urtean 972 tona CO2 isurtzea saihestuko baitu, hori da 25 urtean emisioak xurgatzen dituzten 3.891 zuhaitz landatzearen baliokidea.

EAEko industria-sektoreak eguzki-energia berriztagarriaren aldeko apustua egin du Euskal Autonomia Erkidegoko industria-enpresen lehen energia-komunitatea sortu baitu Eibarren. TEK Azitain (Tokiko Energia Komunitatea) izeneko ekimena izen bereko industrialdean egongo da, eta 347 plaka fotovoltaiko instalatuko ditu industrialdeko zortzi enpresari energia emateko. Acha Herramientas, Codesyntax, Hanna Instruments, Inkubagailua Eibargunea, Jose Maria Irazabal, Manufacturas Resort, Neurtek, Teleapostuak enpresei hain zuzen. Proiektuan parte hartzen duten zortzi enpresa horiek izaera juridiko propioa duen energia-komunitate bat osatu dute proiektua martxan jartzeko.

1.086 m2ko azalera osoarekin, instalazioak 156 kW sortuko ditu eta urteko faktura elektrikoan asko aurreztea ahalbidetuko du. Izan ere, eguzki-plakek sortzen duten energia enpresa bazkideen guztizko kontsumoaren %25 da gutxi gorabehera. Fakturatik deskontatuko zaie zuzenean eta ez dute ordainduko ez bidesaririk ez kargurik.

TEK Azitain, Debegesa eskualdeko Garapen Agentziak eta enpresek sustatua, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE), Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren eta Eibarko Udalaren laguntza izan du. Edinorrek diseinatutako ereduaren arabera eratu da TEK Azitain komunitatea. Edirno Petronorren %100 filiala da, eta energia-komunitateen garapenean espezializatuta dago. Proiektuak, hasierako bideragarritasun-azterketa egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren laguntza ekonomikoa izan du. Bestalde, Next Generation Autokontsumorako Programaren bidez, EEEk 122.500 euroko dirulaguntza eman dio proiektuari. Horrek, inbertsioaren %80 suposatu du.

Hori horrela, lurraldean energia-trantsizioa bultzatzeko konpromisoa indartu egiten da; izan ere, abantaila ekonomikoekin batera, urtean 972 tona CO2 isurtzea saihestuko da, hau da, 25 urtean emisioak xurgatzen dituzten 3.891 zuhaitz landatzearen baliokidea.

Proiektuak enpresen energia-autonomia pixkanaka handitzeko helburua du, poligonoan garatzen den jarduera ekonomikoaren deskarbonizazioa nabarmen hobetzeko eta bertan dauden enpresen energia-lehiakortasuna handitzeko. Ildo horretatik, industrialdean bertan biltegiratze-sistema bat jartzea eta instalazio fotovoltaikoa gehiago jartzea aztertzen ari dira, interesa duten enpresa berriak komunitatean sar daitezen. Izan ere, komunitate honek enpresa eta/edo instalazio berriak har ditzakete 2 kilometroko erradioan.

Proiektua gaur aurkeztu da eta ekitaldian egon dira: Iñigo Ansola, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia; José Ignacio Asensio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Diputatua; Jon Iraola Eibarko alkatea; Juan Angel Balbás, Debegesako Zuzendari Nagusia; TEK Azitain proiektuko zortzi enpresak; Edinor enpresako kontseilari delegatua, Juan Diego eta Mari Carmen Lazkano, Deba Bailarako Industrialdeko kudeatzailea.

  

3881