Breadcrumb

Asset Publisher

Back Euskal Gaztaren Azoka maiatzaren 5 eta 6an, Idiazabalen

Euskal Gaztaren Azoka maiatzaren 5 eta 6an, Idiazabalen

Helburua: Artzainen lanaren atzean dagoen guztia babestu eta balioan jartzea

Idiazabalgo Euskal Gaztaren Azokak helburu argia du: Artzainen lanaren atzean dagoen guztia babestu eta balioan jartzea

Azken urte hauetan hausnarketa sakona burutu du Idiazabalgo Udalak gaztaren azokan aurrera pauso bat emate aldera. 

Beti da arriskutsua aldaketak egitea, baina lehenengo proba aurreko urtean egin zen, egun bateko jaitik, bi eguneko azokara igaroz. Idiazabalek apustua egin nahi zuen eta erantzuna oso ona izan zen. Formatu berriarekin hasterako garaian, azoka bera birmoldatu da: estetika, eremuak, antolaketa, eskaintza…  Azokak egiteko modu berri bat ekarri da Idiazabalera.

Azoka formatu berri honek, gaur egun herritarrek dituzten ohituretara egokitu da. Batetik, ordutegia moldatu da, gaur egun bisitariak ez baitira hain goiz ibiltzen. Bestetik, eskaintza ere zabaldu egin da, jendeak esperientzi desberdinak probatu ditzake: gazta nola egin, artzainen bizia gertutik ezagutu, ardien ile mozketa gertutik ikusi…

Estetikari dagokionez, orain arte erabiltzen ziren postuetatik egurrezko kasetetara pasatu gara eta eremuak ere zabaldu egin dira, bisitariak lasaiago eta leku zabalago batean mugi daitezen.

Azoka bi egunetara zabaltzeak ere onurak ekarri ditu, batez ere, jendeak aukera gehiago dituelako bertaratzeko. Gainera, herriari dagokionez, turismoa bultzatu eta ostalaritzak gora egiten du bi egun horietan.

 

Artzainek egindako gazta eta lan guztiari balioa emanez

Azoka honen helburu nagusia, Euskal Herriko Artzainek egindako gazta sustatzeaz gain, lan horren atzean dagoen guztia babestu eta balioan jartzea da. Idiazabalgo Gazta Azoka, denboraldi berriko lehen azoka garrantzitsua da. Aurtengo denboraldiko gazta berriak kontsumitzaileari aurkeztu eta artzainekin elkarrizketa izateko abagune ederra izango da. Gure artzainak neguan gogor aritu dira lanean eta laster ardiak mendira igotzea tokatuko zaie.

 

Euskal Herri guztiko artzainak izango ditugu

Euskal Herriko lurralde guztietako artzainak izango dira Idiazabalen, iparralde zein hegoaldeko gaztagileak elkartuko dira herrian, 20 guztira. Mendi lerro ezberdinetan lanean diharduten artzainak dira, euskal herriko paisaiaren zaintzan paper garrantzitsua jokatzen dutenak.

 

IDIAZABAL eta OSSAU IRATY jatorri izendapendun gaztak

Euskal Herri osoko artzainak izaki, IDIAZABAL jatorri izendapenekoak nahiz Ossau Iraty sormarkako gaztak aurkituko ditugu azokan.

 

European Cheese Route Association                   

Maiatzaren 5 eta 6ko azokan “European Cheese Route Association” elkarteko 5 herrialdeetako gaztagileak izango ditugu.

 

Mami txapelketa eta tailerra

Urtero bezala, mami txapelketa izango dugu. Produktu hau sustatzeko asmoz, mamia egiteko tailerra ere antolatu dugu.

Txapelketarako baldintzak:

Latxa ardiaren esne gordinez egin behar da.

Esnea eta gatzagia, besterik ez du izan behar mamiak.

Larunbatean 11:30tarako aurkeztu behar dira bi mami ontziak (aurrez udaletxean eskuratu behar dira) lehiaketako lekuan, Plaza Nagusian bertan.

 

Epaimahai herrikoidun gazta txapelketa

Idiazabalgo Gazta Azokan epaileak herritarrak dira. Gazta baloratzeko fitxa bat banatzen da eta nahi izanez gero, bertan egon ohi diren Idiazabal Jatorri izendapeneko hainbat adituren laguntza eskatu daiteke. 

Aurten gainera, NEKATURen eskutik, bertako parte hartzaile guztien artean, asteburu bateko egonaldi bat zozketatuko da.

 

Artzain omenduak

Aurten bi omenaldi egingo ditugu. Alde batetik, Arantxa Etxezarreta eta Bitoriano Urrestarazu, Idiazabalgo “Olazargibel” baserrikoak. Eta bestetik,  Joseba Baez, “Arimasagasti” gaztandegiko ekintzaile gaztea; azken honi, esneak probokaturiko alergia atera zaio eta  utzi egin behar izan du gaztagintza.

 

Euskal Gaztaren Azokako web orria

www.euskalgazatarenazoka.eus

Euskal Herri mailan gure ekitaldia ezagutzera emateko erakusleiho baten beharra ikusi  dugu, azokaren arrakasta eta Idiazabalgo gaztaren “European Cheese Route Association” ekimenak pizten duen interesa ikusirik.

Idiazabalgo Euskal Gaztaren Azokara gerturatzen diren artzain, gaztagile, zein pertsona orok urtero antolatzen den ekitaldi honen inguruko lehen eskuko informazio eguneratua jasotzeko aukera izango dute.

Horretarako, azoka honen erakusleiho izaera izango duen web orri bat sortu dugu. Bertan, azokaren inguruko informazioaz gain, azokara etorriko diren pertsonak gidatuko dituen atalak aurkituko dituzte bisitariek.

  

1748