Euskaltegietako ikasketak doakoak izateko aurrerapauso garrantzitsua eman du Gipuzkoak
Euskaltegietako ikasketak doakoak izateko aurrerapauso garrantzitsua eman du Gipuzkoak
Foru Aldundiak lehen aldiz onartu ditu euskaltegietako ikasleentzat dirulaguntzak, HABEk ematen dituenak osatuko dituztenak
Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak onartu du Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) euskara-mailak edo bestelako baliokideak gainditu dituzten gipuzkoar ikasleei dirulaguntza osagarriak emateko 2019ko deialdia. “Lehen aldia da foru erakundeak euskaltegietako ikasleen aldeko dirulaguntzak onartzen dituela. Lerro berri honek HABEk ematen dituen dirulaguntzak osatzen ditu, eta, aldarrikapen historiko bati erantzunez, euskaltegietako ikasketa prozesuaren doakotasuna lortzeko bidean aurrerapauso oso garrantzitsua da”, azaldu du foru bozeramaile den Eider Mendozak. Aldundiaren laguntza hauek HABEren bitartez kudeatuko dira eta, ondorioz, ikasleek HABEn egindako dirulaguntza eskaria nahikoa izango da Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza eskuratzeko, eskaera bikoiztu beharrik gabe.
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur, Diputatuen Kontseiluak hartu dituen erabakien berri emateko. Gogoratu duenez, Euskararen Nazioarte Eguna da gaur, eta euskal erakundeek onartu duten adierazpen bateratuari aipamena eginez hasi du bere hitzaldia. Idatzi horrek ekonomia, lana eta kontsumoaren alorrean jartzen du azpimarra, eta foru arduradunak Aldundiak norabide horretan eragiteko duen konpromisoa berretsi du. “Gizarte aktibazioaren aldeko lanarekin jarraituko dugu, hori baita gure hizkuntzaren etorkizuna segurtatzeko modurik eraginkorrena”, adierazi du.
Testuinguru honetan kokatu du Diputatuen Kontseiluak onartu duen neurria. Zehazki, 42.457 euro bideratuko ditu Aldundiak euskaltegietako ikasleei zuzendutako dirulaguntza osagarrien lerro honetara. Posible izango da baimendutako gastua handitzea, beharrik izanez gero, eta beste deialdirik egin beharrik gabe. “Botere publikoak, eragile politikoak eta helduen euskalduntze-alfabetatze esparruko eragile sozialak aho batez onartzen dute urrats garrantzitsu bat izango litzatekeela Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuak definitzen dituen mailen artean B2 maila bitarteko ibilbidea guztiz doakoa izatea. Bide horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak helburu hori gauzatzen lagundu nahi du, eta ahalegin horretan kokatzen dira dirulaguntza hauek”, azaldu du Mendozak.
Foru bozeramaileak gogoratu duenez, Aldundiaren helburu nagusia Gipuzkoa desberdinkeriarik gabeko lurraldea izatea da, “baita ere hizkuntzaren ikuspegitik”. “Administrazio publiko bezala, hizkuntza berdintasun horren aldeko baliabide eta ekintzak bultzatzen ari gara”, esan du. “Euskarak, gure nortasunaren parte izateaz gain, hizkuntza normalizatua izan behar du gure lurraldean, eta hori adierazi behar diegu euskaldunak ez direnei. Gipuzkoan bizi bazara, euskaraz jakitea aberasgarria da, gizarteratzen laguntzen du eta lan munduan erraztasunak ematen ditu”, adierazi du. “Eta, ideia honi jarraiki, administrazioaren ikuspegitik eta Gipuzkoako Foru Aldundi bezala, gure esku dagoen guztia egiten ari gara horretarako. Logika honi jarraitzen diote gaur aurkezten ari garen laguntza hauek”, azpimarratu du Mendozak.
Lehen sektorearentzako laguntzak
Bestalde, Kontseiluak bi dirulaguntza garrantzitsu onartu ditu, lehen sektorea jomuga dutenak: alde batetik, nekazaritza ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzen 2020ko deialdia eta, bestetik, nekazari gazteek enpresak sortzeko laguntzen 2020ko deialdia. Urtero egiten diren deialdiak dira biak ala biak, eta aurtengoan ere epea aurreratu zaie tramitazio azkartzeko helburuarekin (lehen ekainean edo uztailean egiten ziren). Modu honetara, administrazioak jasotzen diren eskaerei modu eraginkorragoan erantzutea ere bermatzen da.
Nekazaritza ustiategiei dagokionean, 2,6 milioi euroko zuzkidura izango du laguntza lerroak, aurten baino 45.000 euro gehiago. Baliabide hauek handitzeko aukera ere ematen du deialdiak, jasotako eskariak gehiago baldin badira. Lagundutako lan ildoen artean, hauexek daude: ustiategien ekoizpena merkatuaren beharretara egokitzea; enpresa kudeaketa eta ustiategien errentagarritasuna hobetzea; ekoizteko ahalmena handitzea; ingurumen iraunkortasuna hobetzea; abereen higienea eta ongizatea, elikagaien segurtasuna, ekoizpenen ibilbidea eta laneko segurtasuna hobetzea; eta inbertsio berritzaileak ahalbidetzea.
“Dirulaguntza hauek garrantzi handia daukate Gipuzkoako ustiapenen modernizazioa errazteko, makineria eta teknologia berriak txertatuz”, adierazi du Mendozak. Gehitu duenez, garrantzitsuak dira baita ere ingurumenaren eta jasangarritasunaren ikuspegitik. Izan ere, laguntza lerro honen bitartez energia kontsumoaren murrizketa, hondakinen biltegiratzea eta kudeaketa, negutegi efektua sortzen duten gasen emisioen murrizketa, edota ongarrien erabileran eraginkortasuna hobetzea ahalbidetzen da. “Gipuzkoako nekazaritza sektoreak etengabeko hobekuntzarekiko eta bikaintasunarekiko duen jarrera ona erakusten dute, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren konpromisoa alor hau indartzen jarraitzea da”, azpimarratu du foru arduradunak.
Nekazari gazteei zuzendutako laguntzen kasuan, berriz, 900.000 euro bideratu ditu Aldundiak alor honetara, 2019an baino 45.000 euro gehiago. “Nekazaritzan ondo prestatutako eta trebatutako gazteak sartzea da landa garapen politikaren eta zehazki laguntza hauen ardatzetako bat da: belaunaldien erreleboa bultzatuz, eta landa lurren tokiko garapena, dibertsifikazioa, enpresen sorrera eta garapena, eta enplegua sustatuz, nekazarien bizi baldintzak euskal gizarteko gainerakoenekin homologagarri eginaz”, nabarmendu du foru bozeramaileak.
Bi laguntza lerro hauen helburua lehen sektorearen egitura indartzeko da, Aldundiak estrategikotzat jotzen baitu sektorea bultzatzen eta garatzen jarraitzea. “Gipuzkoarron jarduna eta bizimodua beti egon da nekazaritzarekin oso lotuta, eta gure lurraldearen ekonomiaren, aberastasunaren zati handi bat ere bada”, gogoratu du Mendozak. Esan duenez, enplegua eta kalitatezko produktuak sortzen dituen sektorea da honakoa eta, horregatik, Aldundiak ezinbestekotzat jotzen du gure baserritarren eta, oro har, landa ingurunean egiten den jarduera ekonomikoa balioan jartzea, etorkizuna beraiekin eraikiz. “Gainera, lehen sektoreak Gipuzkoako azaleraren %90 kudeatzen du: beraz, berebiziko garrantzia du Lurraldearen kontserbazioaren eta kudeaketaren, zein lurralde orekaren ikuspegitik”, gaineratu du.
Buru nahaste larria dutenentzako etxebizitzak
Hirugarren neurriari dagokionean, Kontseiluak onartu du buru nahaste larria duten pertsonentzako laguntzadun etxebizitza zerbitzua kontratatzeko espedientea abian jartzea. Zarautzen kokatuko dira etxebizitza hauetako bi, eta Donostian bestea, eta guztira 15 plaza izango dituzte. Kontratuak hiru urteko iraupena du, bost urtera ere luzatu daitekeena, eta 2020 erdirako azpiegitura hauek martxan izatea espero du Aldundiak. Ekimenerako aurreikusitako baliabideak 1,5 miloi eurora (BEZ kanpo) iritsi daitezke, balizko luzapena barne hartzen bada.
Mendozak azaldu duenez, zerbitzu hau buru nahaste larria eta kronikoa duten pertsonei zuzenduta dago: eskizofrenia, trastorno afektibo bipolarrak, ohiko trastorno depresiboak, trastorno paranoideak, bestelako psikosiak, nortasun trastornoak… Etengabe gainbegiratzeko beharrik ez duten pertsonak dira, gizarteratze eta laneratze prozesuetan daude, eta etxebizitzatik kanpo egiten diren formakuntza ekintzetan eta garapen pertsonalekoetan parte hartzen dutenak. “Astelehenetik ostiralera, pertsona hauek eguneko jarduera dute, eguneko zentroan, enpleguan edo bestelakoetan. Etxebizitzetan langile espezializatu zaintzaile eta hezitzaileak izaten dituzte, gaitze prozesu horietan lagunduko dietenak”, azaldu du.
Gaur egun, Gipuzkoan 112 egoitza plaza daude buru nahaste larria duten pertsonentzako, eta 104 etxebizitza plaza. Gaur onartu diren hiru etxebizitza berri hauekin, 119ra igoko da plaza kopurua. Instalazio hauetan arreta eredu bakarra eskaintzen da, bizitza proiektu pertsonalizatuetarako errehabilitazio psikosozial, laguntza eta gaitze eredua oinarri duena. “Etxebizitzetan zaintzaileak egoten dira, erabiltzaileak etxean dauden orduetan. Zerbitzua egunero ematen da, erabiltzaileek dituzten lan edo bestelako jarduerei egokituta. Asteburu eta jai-egunetan, berriz, 24 ordukoa izaten da zerbitzua”, azaldu du Mendozak.
Etxebizitza hauen bitartez, komunitatean integratutako etxebizitza zerbitzuaren oinarritik hasita, erabiltzaileei beraien bizitza proiektuen garapenerako aukerak eman nahi zaizkie, dauden bizitzaren fasearekin bat datozenak. “Erabiltzaileen autonomia eta funtzionamendu maila hobetzeko egiten da lan, bai oinarrizko jardueretan, zein bizitza eta gizartearen gainerako alorretan. Helburua, betiere, pertsona hauek komunitatean integratzea da, eta bazterkeriatik aldentzea”, aldeztu du bozeramaileak. “Hasi berri dugun legealdi oso soziala izango zela iragarri genuen, eta orain ekintzen bitartez ari gara hitzez agindutakoa betetzen”, nabarmendu du Mendozak.
Adimen artifiziala
Azkenik, Diputatuen Kontseiluak 182.000 euroko dirulaguntza onartu du, UPV-EHUren alde. Laguntzaren helburua da Donostiako Informatika Fakultatean 2020/2021 ikasturtean martxan jarriko den Adimen Artifizialeko Graduak beharrezkoa izango duen datu-prozesamendurako zentroak dakartzan inbertsioak finantzatzea. “Lurraldeko eragile sozial eta ekonomiko ezberdinek bultzatzen dituzten proiektu berritzaileak babesteko erabaki irmoa dauka Foru Aldundi honek”, gogoratu du Mendozak. “Honenbestez, UPV-EHUk datorren ikasturtean martxan jarriko duen Adimen Artifizialeko gradua bete-betean kokatzen da nahi horrekin”, gaineratu du.
Adimen Artifiziala hainbat arlotan aplikagarria da; hala nola, industria, zahartzaroa, garraioa, edota ogasuna, eta arlo horietan guztietan aldaketa sakonak ekarriko ditu. “Etorkizunean, gurean ere, pisu handia izango duen sektorea izango da, ezinbesteko bihurtuko dena”, esan du Mendozak, unibertsitatearen proiektuak Etorkizuna Eraikiz estrategiarekin bat egiten duela gogoratuz. “Etorkizuna Eraikiz ekimenaren baitan, adimen artifiziala etorkizunerako erronka estrategiko bezala identifikatu da, eta gai honen inguruko proiektu esperimental bat garatzen ari gara”, aurreratu du foru arduradunak. “Etorkizuneko Gipuzkoa eta etorkizuneko ekonomia eraikitzeko ahalegin horretan, adimen artifiziala ezinbestean landu beharreko arloa da”, amaitu du.
1771