Breadcrumb

Asset Publisher

Back Euskara eta gaztelaniaz gain, 130 hizkuntza inguru hitz egiten dira Gipuzkoan

Euskara eta gaztelaniaz gain, 130 hizkuntza inguru hitz egiten dira Gipuzkoan

Gipuzkoako hizkuntza-aniztasunaren mapa argitara eman du Aldundiak, Soziolinguistika Klusterrarekin elkarlanean.

Gipuzkoako hizkuntza-aniztasunaren mapa aurkeztu dute gaur Donostian Foru Aldundiak eta Soziolinguistika Klusterrak, lurraldean dugun hizkuntza-aniztasunaren egungo errealitatea  ezagutzeko ahalegina eta aniztasun hori ahalik eta modu egokienean kudeatzeko tresna gisa. Ikerketa honen arabera, euskara eta gaztelaniaz gain, 130 hizkuntza inguru hitz egiten dira gipuzkoarren artean, eta horietatik hamarren kasuan 1.000 biztanle baino gehiagok ezagutzen dituzte.

Maparen nondik norakoak eta emaitzak aurkeztu dituzte gaur Foru Aldundian Hizkuntza Berdintasuneko eta Giza Eskubideetako foru zuzendariek, Garbiñe Mendizabalek eta Ion Gambrak, hurrenez hurren, eta Soziolinguistika Klusterreko kide Belen Uranga eta Xabier Aierdik. Mapak, lurraldeko hizkuntzen ikuspegia emateaz gain, eskualde eta udalerrietako erradiografia eskaintzen du, beti ere kontuan izanda hizkuntza-aniztasunak kanpo jatorria duten biztanleriaren etorrerarekin fluktuatzen duela.

Maparen tokian tokiko datuak Gipuzkoako hizkuntzak (www.gipuzkoa.eus/eu/web/hizkuntzaberdintasuna/gipuzkoakohizkuntzak) web gunean daude ikusgai, hizkuntza-aniztasunaren errealitatea eta banaketa geografikoa ezagutaraztera eman asmoz eta aniztasunaren ardura duten erakunde eta elkarteen eskutan jarri asmoz.

Mapak jasotzen duen moduan Gipuzkoako 720.000 biztanleen artean hiru laurdenak euskaraz hitz egiteko edo ulertzeko gai dira (2016ko errolda-datuak kontuan hartuta): 400.000 lagunek hitz egin dezakete euskaraz, eta beste 100.000 inguruk gutxienez ulertzen dute. Horrela, euskararen lurraldeetan dentsitate eta sendotasun handiena duen herrialdea dela esan daiteke. “Ezaugarri horrek berezia egiten du Gipuzkoa, erronka eta aukera aparta baitu etengabe hazten ari den hizkuntza-aniztasun zabalari kudeaketa egokiarekin erantzuteko, hain zuzen, euskara bizi-bizi dagoen herrialdean”, adierazi du Garbiñe Mendizabalek.

 

Biztanleriaren jatorria

Gipuzkoarren hiru laurdenak EAEn eta Nafarroan du jatorria (% 71,7 Gipuzkoan, % 3 Bizkaian eta Araban, % 1,9 Nafarroan). Berezko hizkuntza duten Espainiako Penintsulako  beste lurraldeetan jaiotako biztanleak, berriz, % 2 inguru dira, eta horietatik pisu berezia hartzen dute Galizian jatorria dutenek (% 1,5); katalana hitz egin dezaketen herrialdeetan jatorria dutenak berriz, ia 5.000 lagun dira (% 0,7); eta, asturiera edo aragoiera hitz egin dezaketen populazioaren partea oso txikia da. Espainiar estatuko gainerako  erkidegoetan jaiotakoek % 11,7 osatzen dute.

Bestalde, Espainiar estatutik kanpo jaiotakoak % 9,5 dira. Horien artean %80k hogei estatutan dute jatorria (Maroko, Errumania, Ekuador, Nikaragua, Kolonbia, Honduras, Portugal, tartean), beti ere Eustaten 2018ko biztanleriaren erroldaren arabera.

Jatorri atzerritarreko biztanleriaren artean gehiengo handiaren jatorrizko lurraldearen estatu-hizkuntza gaztelania da (jatorri atzerritarreko % 40,9 osatzen du talde horrek: 30.264 pertsona); kontuan izan behar da, hala ere, beste hizkuntza batzuk ere hitz egin ditzaketela pertsona hauek. Datuek erakusten dute Gipuzkoan jatorri atzerritarreko biztanleen artean jaioterrian gaztelania ofiziala dutenak %41 direla; Donostialdean %49,4 eta Deba Garaian %40,7; Tolosaldea, Bidasoaldea, Urola-Kosta, Deba Behea %35 inguru; Goierrin %24.

Gaztelaniaz haratago, Gipuzkoan mila hiztun baino gehiago dituzten hizkuntzak lirateke arabiera, tamazighta, errumaniera, portugesa, frantsesa, urduera eta punjabera, ukrainera, mandarin txinera, nahiz Senegalen jatorria duten hizkuntzak, wolofa kasu. Aipatzekoa da, baita ere, 1.000 hiztun baino gehiago izango lituzketela lurraldean, baita ere, galegoak eta katalanak, bakoitzak bere kabuz. Izan ere, Galizian jatorria duten ia 11.000 biztanle bizi dira Gipuzkoan eta beste 5.000 katalana hizkuntza duten erkidegoetan jaiotakoak.

1.000 hiztun baino gutxiago dituzten hizkuntzak, berriz, 120 lirateke. Horietatik 20 hizkuntza inguru 800 eta 1.000 arteko hiztun kopurua dute eta, batez ere, Europako hainbat estatutan dute jatorria. Beste 100 hizkuntza inguruk 100 hiztun baino gutxiago dituzte. Multzo honetan kokatzen dira, hala nola, Afrikako akanera, fang eta lingala; Amerikako guarania, ketxua eta aimara; Europako errusiera, bulgariera eta suomiera; eta Ozeaniako maoria eta tagaloa.

 

Aniztasunaren kudeaketa eta harrera

Webgunean, era berean, eskuragarri daude administrazioarentzat aniztasunaren kudeaketarako proposamenak, batez ere, udal-mailakoak. Udaletatik antolatu eta bultzatutako ekimenei, hizkuntzen ezagutza eta aitortza zabaltzeko helburua ezartzea proposatzen da: erakusketa ibiltariak, komunitate ezberdinetako hiztunekin ekitaldi publikoak, instituzioek, erakunde sozialek eta boluntario-elkarteen arteko elkar laneko ekimenak, artean monitorizazio-prozesuak eta sentsibilizazio-programak...

Herritar etorri berriei harrera egiteko protokoloak sortzeko irizpideak ere eskaintzen zaizkie udalei, webgunean. Harrera pertsonalizatua eta osatua egiteko helburua bilatzen da irizpide hauekin. Udal mailako arduradun politikoek eta teknikariek erabiltzeko prestatua dago tresna. Horrela, kultura- eta hizkuntza-aniztasunaren aitortzarekin batera, euskara erdigunean jarri eta kohesio-hizkuntza izan dadin sentsibilizatze-programak garatzea proposatzen da. Ezinbesteko ikusten da, inplementazioan udal-mailako arreta koordinatua ziurtatzea udalaren prozesu guztietan. Sentiberatasuna lantzeko baliabideak eta dinamizazio soziala eta erakundeen, eragileen eta norbanakoen arteko lankidetza ere oinarrizko osagai gisa planteatzen dira.

Proiektu honen ibilbidea 2018an hasi zen eta orain aurkeztu dira hainbat emaitza. Hala ere, ez da inolaz ere amaitutzat eman eta hizkuntza bakoitzak Gipuzkoako lurraldean duen presentzia zehatzago ezagutzeko berariazko lanketa eta ikerketa martxan daude. Lanketa honen emaitzen berri hurrengo hilabeteetan aurkeztuko da.

  

3216