Euskarazko hedabideentzako dirulaguntza deialdia
Euskarazko hedabideentzako dirulaguntza deialdia
Hiru urtetako indarraldirako 9 milioi euro xedatu ditu Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzak, euskal erakundeen eta sekteoaren artean lortutako akordioak ezarri bezala
2019-2021 aldirako Gipuzkoako herri edo eskualde mailako euskarazko hedabideei dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak eta deialdia argitaratu ditu gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hiru urteko indarraldi horretarako, guztira 9.186.840,00 euro xedatu ditu Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaritzak.
Dirulaguntza hauen jatorria dago EAEko erakundeen arteko hitzarmenean, euskara hutsezko hedabideen ekintzabidea ziurtatzeko xedez egina eta aurkeztua Donostian 2019ko martxoaren hasieran. Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak adostutako lankidetza hitzarmen horretan zehazten dira erakunde bakoitzak izango dituen betebeharren banaketa, xede bakar batekin: euskaraz hedabideen jardueraren finantzaketa publikorako sistema berri bat sortzea. Erakundeen arteko hitzarmen horretara iritsi ahal izateko, aurretik lan luze bat egin dute herri erakundeek eta euskarazko hedabideen sektoreak, Hekimen-en eta Tokikom-en bitartez.
Jatorria 2017. urtearen hasieran dago, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta euskarazko hedabideak biltzen dituen Hekimen elkarteak hedabide hauen etorkizunaren inguruko gogoeta bat abian jarri zutenean. Eusko Jaurlaritza bildu zen geroxeago, eta Araba eta Bizkaiko foru aldundiek ere bat egin dute gogoeta horretatik ateratako planteamenduarekin. Adostutako hitzarmenaren lehen oinarria izan da euskararen sustapenean hedabide hauek daukaten garrantziaren aitortza. Hortik abiatuta, sektorea egonkortzeko eta sendotzeko eredu berri bat bilatu da, komunikabide hauek ahalik eta egokien bete dezaten euskaraz informatzeko eta eduki interesgarriak sortzeko beren zeregina.
Orain arte bezala, Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek diruz lagunduko dute euskarazko hedabideen jarduera, baina hemendik aurrera erakunde bakoitzak hedabide zehatz batzuk laguntzeko ardura hartuko du. Batetik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek beren lurraldeetako idatzizko hedabideak sustatzeko eta diruz laguntzeko ardura hartuko dute, deialdia argitaratzean Gipuzkoako Foru Aldundiak egin duen moduan. Eusko Jaurlaritzak, bestetik, euskararen lurralde osoa hartzen duten izaera nazionaleko hedabide orokorrak eta espezializatuak babestuko ditu, bai eta lurraldeetako telebistak, irratiak eta Internet bidezko komunikabideak ere.
Dirulaguntzaren ezaugarriak
Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako oinarrietan definitzen dira, besteak beste, dirulaguntza jaso dezaketen hedabideek bete beharreko baldintzak maiztasunaz, formatuaz eta edizio digitalaz. Dirulaguntza hauen bitartez laguntzagai diren hedabideen hiru urteko jarduerak lagunduko dira, 2019ko urtarrilaren 1etik hasi eta 2021eko abenduaren 31ra arte.
3630