Euskarazko ikus-entzunezkoei bultzada berria
Euskarazko ikus-entzunezkoei bultzada berria
Ikus-entzunezkoen sektorearentzat pizgarriak aurreikusten dituen Foru Araua onartu da
Diputatuen Kontseiluak ontzat eman du sozietateen gaineko zergan kultura sustatzeko pizgarriak aldatzen dituen foru arauaren proiektua, Gipuzkoako eta Euskal Herriko ikus-entzunezkoen sektorea sustatze aldera. Arauak bi pizgarri eransten ditu: bat, Euskal Herriko eta Estatuko produkzioetan inbertitzeagatik, eta, bestea, EAEn filmatutako atzerriko produkzioetan inbertitzeagatik.
Lehenengo kasuan, % 30eko kenkari orokorra sartzen da Sozietateen gaineko Zergan, eta % 40koa euskaraz filmatutako lanetarako, gehienez ere 2,5 milioi euro, betiere baldintza hauek betetzen badira: kenkariaren oinarriaren % 50, gutxienez, EAEn egindako gastuak izango dira; proiektua burutuko duen plantilla tekniko edo artistikoaren barruan EAEko lau herritar egongo dira gutxienez; eta gutxienez bi astetan filmatu beharko da erkidegoan (laburmetraiak izan ezik).
Atzerriko ekoizpenen inbertsioen kasuan, kenkaria EAEn egindako gastuen % 25 izango da. Kenkariaren oinarrian sartuko dira industria teknikoak eta bestelako hornitzaileak erabiltzeagatik izandako gastuak, eta sorkuntza arloko langileen gastuei buruzko muga ezartzen da, hau da, 50.000 euro pertsona bakoitzeko. Halaber, gehieneko kenkaria 2,5 milioi eurokoa izango da, eta proiektu zinematografikoa gauzatzeko EAEn egin beharreko gutxieneko gastua milioi bat eurokoa izango da. Araua onartu ondoren, Batzar Nagusietara bideratuko da, non osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko den; gero, Europaren oniritzia jaso beharko du. Aurreikuspenen arabera, datorren urtean sar daiteke indarrean.
Imanol Lasa foru bozeramaileak gogorarazi duenez, Gipuzkoak “egitura ezin hobea du giza baliabide eta materialen aldetik”, eta horri “gure lurraldean daukagun talentu sortzailea gehitzen badiogu, emaitza nazioartean oihartzuna jaso duten hainbat proiektu dira, esaterako, Handia, Amama edota Loreak filmak”. Haren esanetan, zinemaren atzean “ekonomia sektore oso bat” bat dago, sekulako potentziala erakusten ari dena. Hori dela eta, Foru Aldundiak “aukera baliatu” eta “sektoreari bultzada” ematearen aldeko apustua egin du. Gehitu duenez, alor honetako profesionalak “aspalditik ari ziren mota honetako neurria eskatzen”.
Gainera, azaldu duenez, Foru Arauak aurreikusten dituen pizgarriak bereziki indartsuak izango dira euskaraz ekoitzitako filmentzako “Legealdi honetan, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren parte den 2deo proiektuarekin, ahalegin berezia egiten ari gara euskarazko ikus-entzunezkoak sustatzeko, gure hizkuntza belaunaldi berriekin konektatzeko”. Testuinguru horretan kokatu ditu pizgarriak foru bozeramaileak, “euskararen erabilera hedatzeko egiten ari garen lanean”, alegia. “Literaturak edo beste kultur adierazpideek bezala, zinemak ere herri honen nortasuna eraiki eta gordetzen laguntzen du, eta alor hau indartzea funtsezkoa da”, ondorioztatu du.
Poligono industrialak. Tolosa
Kontseiluak ontzat eman du lau besoko biribilgune bat egitea N-I-434 errepidearen eta GI-2130-A errepidearen arteko elkargunean, Tolosan. Lasak azaldu duenez, helburua da «trafikoa hobetzea jarduera ekonomiko handia duen gune horretan, errepidean sarri sortzen diren auto-ilarak ezabatzeko edo murrizteko, bereziki Usabal (Tolosa) eta Apattaerreka (Ibarra) industrialdeetako langileen irteera orduan gertatzen direnak», biak elkargunetik gertu baitaude. Gaur egun, lotunea T itxurako bidegurutze baten bidez egiten da; bidegurutzeak mugimendu guztiak egitea ahalbidetzen duten irlak ditu.
Proiektuan aurreikusi denez, biribilgunearen kanpoaldeko diametroak 38 metro ditu, galtzada zirkularrak 7,80 metroko zabalera, eta erdiko irlaren diametroak 21,80 metro, zoladura muntagarria duen 1,50 metroko zabalerako eraztuna barne. Horrela, bidegurutzean biltzen diren lau bide hartzen ditu; horietatik bik lerro bikoitza eta bi noranzko izango dituzte, eta beste biak errei bakarrekoak izango dira, noranzko bakarrean baina kontrakoak -3. bide-adarra, N-I errepidearen irteeran eta 4. bide-adarra, errepide beretik biribilgunera sartzen dena-. Irlatxo deflektoreak jarriko dira errepidean, gidariek aurrez antzeman dezaten biribilgune bat dagoela bidea emateko tokian.
Era berean, gaur egungo bidegurutzeko argiteria birmoldatuko da, biribilgunean aurreikusitako konfigurazio berria kontuan hartuta; horretarako, led motako proiektoreak jarriko dira kanpoko zirkunferentzian eta bide-adarretan. Lanen aurrekontua 371.907,58 euro da eta 14 asteko epean egingo dira.
Bedaioko errepidea konpontzea
Kontseiluak, halaber, Bedaioko (Tolosa) GI-3711 errepidean (4,000 – 4,475 KP) lerradura izandako ezponda egonkortzeko lanak kontratatzeko proiektua onartu du (100,00 metroko luzera GI-3711 errepidearen gainean eta 55,00 metroko batez besteko zabalera). Jarduketen helburua izango da mikropiloteen pantaila konbinatu bat egitea, bai GI-3711 errepidean bai Zumizketa baserrirako sarbidean. GI-3711 errepidean egin behar den pantailak 70,00 metroko luzera izango du; sarbidean egingo denak, berriz, 32,00 metroko luzera.
Halaber, bide-zorua hobetuko da, eta obrak berak kaltetutako drainadura sarea aldatuko da. Proiektuak 698.574,68 euroko aurrekontua du, eta exekuzio epea lau hilekoa da. «Gipuzkoaren etorkizuna eraikitzerakoan kontuan hartu nahi dugun elementuetako bat lurralde oreka da, eta horrek eskatzen du baliabideak jartzea landa eremuetan eta biztanle gutxieneko herriguneetan bideak egoera onean mantentzeko. Proiektu honekin, aurrera jarraitzen dugu legealdiaren hasieran martxan jarritako bide horretan», esan du bozeramaileak.
1655