“Turismoak” erakusketak bidaiaren masifikazioak eragindako gizarte eta hiri aldaketa erakutsiko du
“Turismoak” erakusketak bidaiaren masifikazioak eragindako gizarte eta hiri aldaketa erakutsiko du
Koldo Mitxelena Kulturunea
- Denis Itxasok dioenez, turismo-politikak modelo burutsu, ekologiko eta inklusibo bat bilatu behar du
Denis Itxaso Kultura eta Turismo diputatuak Departamentuak antolatutako “Turismoak” erakusketa aurkeztu du Koldo Mitxelenan. Erakusketa turismo-masifikazioak sortutako gizarte eta hiri eraldaketaren ingurukoa da, eta Foru Aldundiak turismo jasangarri eta orekatu baten alde egin duen apustua.
Erakusketan, Ramón Esparza delarik komisarioa, honako egile hauen lanak egongo dira ikusgai: Juan Aizpitarte, Sergio Belinchón, Gianni Berengo-Gardin, Philip Brink & Marieke van der Velde, Eduardo Chibás, Derwald, Ilja Kok & Willem Timmers, Rogelio López Cuenca, Antoni Muntadas, Andreas Nagel, Andreas Pichler, Ambroise Tézenas, Corinne Vionnet, Massimo Vitali eta Dougie Wallace.
Erakusketari uztailaren 6ean emango zaio hasiera, eta irekita egongo da irailaren 30era arte.
Denis Itxasok esan du turismo-politika ezin dela turismo-sustapenera soilik mugatu, baizik eta turismo eredu jasangarri bat lortzeaz arduratu behar dela, hau da, turismo burutsu, ekologiko eta inklusibo bat lortzeaz.
Beste hainbat lekutan sortutako arazoak kontuan hartuta, Gipuzkoako Foru Aldundia zenbait neurri martxan jartzen ari da. Helburua da turismo-saturazioa ekiditea (lurralde guztian zehar banatuz), jardun turistikoaren lan-ezegonkortasuna saihestea (profesionalizazioaren bidez eta sasoi guztietako turismoa bultzatuz) eta ingurumena errespetatzea (naturari lotutako esperientzia turistikoak eta nekazaritza-turismoa sustatuz) Era berean, beste helburuetako bat da turismoa merkataritza-transakzio huts bat baino zerbait gehiago bihurtzea, eta bai bisitariarentzat, baita herritarrentzat ere, kultura-truke esperientzia aberasgarri bat izatea.
Estrategia horren barnean sartzen da erakusketa hau, eta San Fermin bezperan emango zaio hasiera, zonaldeko turismorako zinez egun enblematikoan. “Helburua da arazo horren inguruko hausnarketa bat sortzea artetik eta kulturatik abiatuta. Horretarako, jendetza-turismoaren mehatxuez eta kostuez ohartarazten du, zeina epe motzera zuzendua baitago, eta turismo arduratsu bat aldarrikatzen du, haren kultura eta giza dimentsioarekin batera", esan du Itxasok.
Ramón Esparza komisarioa (Iruña, 1954) Kazetaritzan lizentziaduna da (Nafarroako Unibertsitatea, 1976). Komunikazio Zientzietan doktorea (Euskal Herriko Unibertsitatea, 1989) eta Ikus-entzunezko Komunikazioan irakasle titularra da. Horrez gain, El Cultural aldizkariko arte plastikoen atalean kritikoa da, eta hogeita hamar erakusketa baina gehiagotan komisario artistiko lanak egin ditu.
Erakusketan parte hartu duten egileak:
Andreas Pichler
Andreas Pichler (Bolzano, 1967), Bolzanon, Bolonian eta Berlinen ikasi ondoren, zinema dokumentaleko zuzendaritzan aritu zen. Bere lanak, ohiz, Europako telebista-kanal garrantzitsuenek koproduzitzen dituzte; hala nola, ZDF, ARTE, RAI, ORF, YLE eta IKON telebista-kanalek.
2012an Das Venedig Prinzip (Veneziako eredua) egin zuen, literaturak eta Viscontiren zinemagintzak eman dioten onespen erromantiko handiko hiri italiarraren errealitatea erakutsiz. Mendeetan leku okerrean iraun duen, elementu naturalen eraginez (marea ekinokzialekin bere kaleak eta plazak azpian hartzen dituen aqua alta ospetsua) beti desagertzear dagoen, baina berehalakoagoan turismoaren presioak desagerrarazteko arrisku handiagoan dagoen hiriaren dekadentzia. Pichlerrek filmean erakusten du egunez turistaz lepo agertzen den hiria hutsik geratzen dela eguzkia ezkutatzen denean. Il Canal Grandeko uretan, bere atrakalekurako bidean, bidaiariei altzairuzko munstroaren aurrean txikertutako hiriaren ikusmira eskaintzea beste asmorik gabe ―eta, esango nuke edozein unetan, kalkulu-hutsegite bat medio, bere jauregietakoren bat birrintzeko beldurrez―, gurutzontzi handiei, hamar garaierako etxe bat adinakoei, so egiten dien berbera. Filmean agertzen dira benetako veneziarrak, beren etxeetan geratzen diren urriak, hiriaren ikuspegi kontrajarri bati forma emanaz.
Antoni Muntadas
Antoni Muntadas (Bartzelona, 1942) bere jaioterriko Ingeniari Eskolan ikasi eta Estatu Batuetara joan zen; han bizi da 1971z geroztik. Bere obra hedabideetatik eta publizitatearen mundutik elikatzen da nagusiki; nekez sailka daitekeen artista bihurtzen du horrek. Bere lana da hedabideen mezuak hartu eta horien pertsuasio-mekanismoak eta botere politikoek eta ekonomikoek beren interesetarako erabiltzeko dituzten moduak eskuragarri egin arteraino manipulatzea.
Sormen-lanarekin paraleloan, Muntadasek irakaste-lan handia egin du; ikastaroak eta mintegiak eman ditu San Diego Unibertsitatean, Bordeleko eta Grenobleko Arte Ederretako Eskoletan eta Pariseko Nazionalean.
Bere On Translation sortarako, pertsonen argazkiak egin zituen, sozializatutako giza izakiaren «ez-ekintza» arruntenak eginez: errenkak. Argazkietan norbanakoak ageri dira, bat bestearen jarraian, eta ez dago jakiterik, zehazki, itxarote horren zergatia.
Gianni Berengo Gardin
Gianni Berengo Gardin (Santa Margherita Ligure, Italia, 1930) irudi erreferentziala da argazkigintza italiarrean. Bere lana fotokazetaritzan garatu du nagusiki, eta argazkigintza dokumentalean. II. Mundu Gerraren ostean Suitzara bizitzera joan ondoren hasi zen alor honetan.
Berrogeita hamarreko hamarkadan bizilekuz aldatu zen berriro, oraingoan Parisera, non Frantziako errealismo poetikoko izen zenbaitekin aritu baitzen harremanetan: Robert Doisneau, Willy Ronis edo Daniel Masclet.
Paristik bueltan Venezian jarri zen bizitzen, eta aldizkari eta periodiko italiarretan kolaborazioak egiten hasi zen, L’Espresso, Época, eta Europako herrialdeetako beste batzuetan; besteren artean, Stern alemaniarrean eta Le Figaro franziarrean.
Grand Navi da bera bizi den hiriko fenomeno eztabaidagarri bat salatzeko azken urteotan garatu duen proiektua: portuko aginteak oporraldietarako gurutzontziei Veneziako portuko atrakalekura bidean Il Canal Grande zeharkatzeko emandako baimena. Hamar mailatik gorako garaiera duten gurutzontzien eta Veneziako ibaien arteria nagusiaren ertzetako jauregien arteko desproportzioa, gehi maniobra oker baten ondorioz inoizkoan erremediorik gabeko kaltea gerta daitekeen arriskua dira polemika honen motibo. Iazko argazki-erakusketak asko haserrarazi zuen hiriko alkatea, Luigi Brugnaro eskuindarra, zeinak erakustaldia ixtea erabaki baitzuen.
Corinne Vionnet
Corinne Vionnet artista suitzarra irudien kontsumo moduen eta teknologiak munduaren gure pertzepzioa aldatzeko duen moduaren ikerketan aritzen da. 2005az geroztik, Interneten ibiltzen da sareko leku ezberdinetarako bidaiariek eta argazkigintza zaletuek sarean jasotako leku turistiko zenbaiten irudien bila. Ondoren, irudi horiekin egiten duen gainerazpenak argi erakusten du egiten dugun argazkigintzaren erabilera ez dela «ikusten duguna» kamera batekin erregistratzea, irudi berri bat ekoitziz errepikatu besterik egiten ez dugun sinbolo bat badela berrestea baizik. Gainerazpen horietatik abiatuz eraikitako sortak, Photo opportunities izendatuak (gobernu eta korporazioetako prentsa-kabineteek arduraz prestatuta hedabideek argitaratzen dituzten irudien gisakoak), espontaneotasunaren ideia birrintzen du, eta erakusten du ikusitakoa erregistratzen baino, kamera eskutan, ikusi duguna erreproduzitzearen bila ibiltzen garela.
Duela gutxi sorta berri bat bilakatu da Vionneten lana: Me, Here, Now. Abraham Moles-en eta haren zentralitatearen filosofiatik abiatuta, norbanakoak munduaren erdigune bezala bere buruaz duen kontzepzioa ikertzen du. Nia, hemen, orain, kamera legez mugikorraren erabileran gauzatzen da, eta gugandik norabide guztietara abiatuta hedatzen den munduaren erregistroan.
Ambroise Tézenas
Ambroise Tézenas (Paris, 1972) Suitzako Veveyko arte aplikatuen eskolan graduatu zen 1994an. Ondoren, argazkilari profesional gisa hasi zen lanean, hedabide frantses eta nazioartekoetan kolaboratuz. 2001etik, paisaiara bideratu du nagusiki bere lana, bost urterako proiektu bat ekinez, joko olinpikoetarako Beijing hiriak izandako aldaketei buruz. Proiektu horretatik atera zen argitalpena ―Beijing, Theatre of People― zazpi hizkuntzatan egin zen, eta European Publisher’s saria irabazi zuen. 2009an Nikon Story Teller saria irabazi zuen Kubako bere argazkiengatik.
I was here azken liburuan dokumentatzen du bere begiratzeko antsiak asetzeko izularriari dion abertsioa gainditzera daraman giza izakiaren bultzada ekopikoa. Liburu honetako irudiak ekoizteko, museoetan zehar bidaiatu du; hain zuzen ere, momentu jakin batean munduko leku ezberdinetan eskualdeetako bizilagunen gainera etorri ziren naturaren indarren neurria eta giza basatikeria inork ahantz ez ditzan altxatutako izularriaren museoetan zehar. Auschwitzeko kontzentrazio-esparruetatik ekialde muturreraino, bisitatu ditu Tézenasek gehiago edo gutxiago inprobisatutako museoak, hondamendiak, Txernobyl bezalako hiri guztiz abandonatuak, aurkeztu ezina den hura aurkezteko saioa eginez: giza mina eta atsekabea, katastrofearen aurrean.
Juan Aizpitarte
Juan Azpitarte (Donostia, 1974). Bartzelonako Santa Mónica Zentroaren lankidetzan egindako Safari argazkigintza proiekturako Bartzelona bilakarazi zuen bere ehizarako alor.
Sorta osatzen duten argazkiak, egoera zehatz bati zantzua emango zion une erabakigarriaren zain hirurogei eta hirurogeita hamar urteetako argazkilarien jarrera harrapakariz eginak dira. Une batuketa honekin, konde hiria inbaditzen duen “homo Turisticus” ikuspegia eraikitzen du eta turista rola geureganatzeko, arropan, geure keinuetan edo hiri guneak erabiltzeko moduan, aldatzen garenari buruzko gogoeta antropologikora eramaten gaitu.
Dougie Wallace
Kaleko argazkilari zaharren antzera Dougie Wallace bizkor aritzen da bere kamerari eragiten subjektuei erreakziorako ere ia denborarik eman gabe. Glasgowen jaio eta hazia, Blackpooln bizi izan zen armadan sartu aurretiko urte pare batez. Egun Shoredicht auzoan bizi da, Londreseko ekialdean, pixkana Londresko kultur panoraman bideak zabaltzen eta hazten ari den komunitate artistiko alternatibo baten erdigunean.
Epe luzera egindako dokumentalegatik da ezaguna Wallace, Stags, Hens and Bunnies, edo Shoreditch Wild Life-gatik. Noragabe ibiltzen da kaleetan bere pertsonaiei ezustean agertzen, kameraren erasoarenganako erreakzioak lehen planoan jasotzen dituzten argazkiak ateratzen. Hitz soil batzuek, irribarre bat, aski izan ohi dira eszena baketu ahal izateko eta bere hurrengo “biktima” begiztatzen hasteko.
Harrodsburg Londreseko saltoki handi ospetsuen inguruko urte luzeetako ibilien emaitza da, hiriari bisita egiten diotenen “Happy few” deituen destinoetako bat. “Happy few-ak” beren inguruan, “gurekin”, jornaletik bizi garenon hilkorrekin, harremanik gabe mundu oso bat eraikitzeko ahalmena duten fortuna neurrigabeen jabeak dira. Herrialde arabarrietakoak, Ekialde Urrunekoak edo errepublika errusiarretakoak dira, besteren artean, eta eragozpenik gabe erakusten dute beren aberastasuna Knightsbridgen.
Philip Brink eta Marieke van der Velde
Fenomeno ikaragarri bat gertatzen da Europako herrialde zenbaiteko hondartzetan. Oraindaino atsedenleku ziren lekuak, Europa Erdialdeko bizilagunak bere bi asteko oporrak eguzkitan igarotzeko destinoak, dira Siria eta Asia eta Afrikako beste herrialdetatik etorkinak iristen diren agertokia. Zeharkaldiak eragindako ikaraz iristen dira, flotatzen laguntzen ez dien salbamendu txalekoekin, helmugara iristeko lain erregai ere ez dutelako kostazain europarrek lotu behar izaten dituzten gabarretan.
Philip Brink eta Marieke van der Veldek, zinema dokumentaleko zuzendaria eta argazkilariak, bi mundu hain kontrajarri horiek batzea eta elkarrizketan jartzea erabaki zuten. Turkiako itsasertzaren aurrealdean zegoen eta beren herrialdeko gerratetik ihesian alokatutako itsasontzien destinoa zen Lesbos uharte greziarra hautatu zuten horretarako. Boluntario bila aritu ziren Europa erdialdeko turisten eta errefuxiatu siriarren artean, banku batean eserita elkarrekin hizketan jartzeko, besterik gabe, bizitzari buruzkoak eta iazko udan Europan gertatzen ari zenaz elkarri kontatzeko. Beren elkarrizketetan sortzen den kontrastea, bizitza eroso eta izualdirik gabekora ohitutakoon eta gerratearen lazgarrikeriatik maitasunik ez dien Europara ihesi iristen direnen artekoa, guztiz pizgarria da gure kontzientzientzat.
Ilja Kok y Willem Timmers
“Zertarako nahi ote dituzte hainbeste argazki?” entzuten zaio Etiopiako hegoekialdeko Omo ibaiertzean bizi den Mursi tribuko kide bati. Mursi emakumezkoak sarri agertu ohi dira argazkietan Afrikari buruzko dokumental antropologikoetan beheko ezpainetan jartzen dituzten diskoengatik eta belarritako bezala daramatzaten uztai handiengatik. Urtero hurbiltzen zaizkien ehunka turistentzat posatzea Mursientzako dirusarerrarik garrantzitsuena da, txanpon batzuen truke argazkiak ateratzea baimentzen baitute.
Ilja Kok, zinema dokumentaleko zuzendaria, eta Willem Timmers zuzendariek, Copper Views ekoiztetxe independenteko kide biek, bisita turistikoaren beste aldea da bideo honetan erakusten digutena. Egunero kameraren aurrean jartzen direnen ikuspegia eta, eurentzat ulertezina diren pertsonaien, egunero bisitan etortzen diren turisten ikuspegia. Planteatu beharreko gogoeta turismo masiboak komunitate hauetan duen eraginaren inpaktua. Bi talde humano hauen arteko ez hurbiltasunik eta ez ezagutzarik, desberdintasun baldintzetan ezarritako transakzio ekonomiko soila besterik baizik, eragiten duen, inpaktua da.
Massimo Vitali
Massimo Vitali, (Como, 1944) planeta osoan ateratako hondartzen irudiengatik nazioartean ezagunenetakoa den argazkilari italiarra da. Bere lehenbizikoetako argazkiak, bere etxetik hurbil Toscanako hondartzetan ateratakoak, berehala egin ziren deigarri kolore argiengatik eta, batik bat, ikuspegi jasoagatik. Antzoki barroko italiarretik hartu zuen ideia Vitalik, eszena ikuspegi jaso batetik sortzen baita: printzearentzako dagoen palkotik. Horretarako tripode/plataforma gisako bat egin zuen, jarraitu zioten bertsiotan hiru lau metroko garaierara iritsi zena. Talaia horretatik, bainularien ikuseremutik kanpo, ekoizten dituen bi metrotik gorako irudiaren anpliazioen zehaztasun handiak arretaz ikuskatzea bideratzen duen bere eszena konplexuak antzemateko unea itxaroten du.
Oraingoan Knokkeko hondartza belgikarrean hartua da irudia. Zortzi irudiko poliptikoa da itsas pasealekuko etxeetatik itsas ura dastatzen ari diren bainulariak barne, osatutako hondartzen panoramika osatuz.
Sergio Belinchón
Sergio Belinchón (Valencia, 1971 sasoiz kanpoko mediterraneo itsasertzeko opor hirien argazki sorta batekin hasi zen ingurune artistikoan ezaguna izaten. Eraikin ikaragarri handiek, kale mortuek, ezerezetik sortu eta urtean hiru hilabetez turisten ostatu izatera zuzendutako hiri horien artifizialtasunaren ikuspegi gordina agertzen zuten.
Orduz geroztik, errealitatea eta artifizioaren, hiri gune eta bazter guneen, turismoa eta hirigintzaren arteko harreman konplexuak, argazkigintzatik arte plastikoetara, lanetan bideo ere sartuz, bilakaerak izan duen diskurtso artistikoaren osagarriak izan dira.
Invaliden arte zentroan, sormen zentro bilakatutako XX mende hasierako ospitale zaharrean egonaldia egitera joan zenetik, urte asko dela Berlinen bizi da Belinchón,
Paraíso (2006), super8an (kontsumoko argazki kamera zaharren formatua) sortu eta geroago bideora iraganarazitako filma da, zeinetan Belinchónek gure imajinarioaren osagaiekin jolas egiten du berriro bere gairik zaletuenera itzultzeko: turismoa, bidaia, ezezaguna baina etxeko gertatzen dena, eta turista legezko gure autoeraikuntza.
Andrés Nagel
Andrés Nagel (Donostia, 1947) margolaritza eta eskulturan ibilbide luzeko artista da. Arkitektura ikasketak bukatu eta lanbide horretan inoiz aritu gabe, sormen eta erakuste aro oso aktibo handikoari ekin zion. Sasoiko euskal artistarik gehienek ez bezala figurazioaren aukera egin zuen Nagelek, diktaduraren azken urteetan eskandaluren bat edo beste eragin zuen estilo aske eta kaustikoarekin. Laurogeikoetan areagotu egin zen bere presentzia nazioarteko erakusketetan, Europako kolektibo zenbaitetan partaide izanez. José Tasende galeristak hedatu zuen bere obra Estatu Batuetan. Chicago eta Los Angeleseko ferietara joan zen galeria honekin eta Dallaseko Meadows Museum-en erakutsi zuen.
Turista Nagelen estilo bereziaren adibide bat da.
Rogelio López Cuenca
Rogelio López Cuenca (Nerja, 1959) bere jaioterriko unibertsitatean ikasi zituen Filosofia eta Letrak eta 2016an doktoratu zen Gaztela Mantxan. Artista bisuala eta poeta, bere obra sailkatu bezain definitu zaila da. Hedabideetatik, kitsch-etik, hartutako elementuekin egiten du lan eta gizarte zientziak eta sormen bisualaren artean kokatzen da.
Bere gairik errepikarienetakoa azken urteotan gertatzen ari den Pablo Picassoren irudiaren kultur jabetzearen kritika da, artista hau interes politikoetara, bai eta ekonomikoetara ere, “arrimatu” nahi baita bere obraren etengabeko manipulazio lanari esker.
Gogoeta honetatik sortzen da Ciudad Picasso (2011), zeinetan kritikatzen du bere sormen bizitza osoa Bartzelonan eta, nagusiki, Parisen eta Kosta Urdinean garatu zela kontuan izan gabe, bere irudiaz jabetzeko, eta jaiotza hori erakargarri turistiko bilakarazteko, jaiotze hiria izan zuenean burutzen ari den prozesua. Instalazio hau egiteko, Lopez Cuencak, Malagako turistentzako dendetan souvenir mota ororen bildu, eta hiriko denda eta tabernetan berak ateratako motibo picassioneen argazkiekin, Udalak ezarritako eslogan turistikoekin eta kaleetako apaingarriekin konbinatu zituen.
Eduardo Chibás
Minnesotako unibertsitatean ikasi zituen Artea eta Historia. Bartzelonako UACEn osatu zituen bere Ikusentzunezkoen ikasketak. Hiri horretan bizi da. Bye, bye, Barcelona (2014) bere lanbidean utzitako denbora libretan egina da eta 2014ko apirilean lehen aldiz aurkeztu ondoren zinemaldietan eta hedabideetan izandako ustekabeko oihartzuna aurkitu duena. Chibásek propaganda ofizialak eta laurogeita hamarreko eta bi milako hamarraldietako gertakari handiek sortutako hiri ereduaren ondorioak erakusten ditu. Turismo masifikatu batek inbaditutako hiria, bartzelonatarren egunerokotasun arrunta larriki asaldatzeaz gain, alokairuak jaso eta bisitariei oroigarriak saltzen dituenaren mesedetan ohiko merkataritza ezabatu duena. Hori guztia turismoak sortzen dituen dirusarrera (20 milioi euro eguneko) ikaragarriak beren herrikideen mesedetan kudeatzen jakin ez duten administrazio lokal eta autonomikoarekin
Chibásen filmak turismoak gehien erasandako hiriko aldeak erakusten ditu, Rambla edo Ciutat Vella, eta bartzelonatarrentzat bizitzeko ezinbestekoak ziren guneak nola, egun, turistek ez bestek okupatuak izatera igaro diren.
Derwald
Ezer gutxi da jakina Derwaldari buruz, bideoartista MoMAren egilea (2013). Ez eta bere izena hori ote den edo bere benetako nortasuna ezkutuan gordeta izateko hartutako gaitzizena ote den ere. Baina anonimatuaren jolas hori erraz ahazten da bere irudien indarraren aurrean. MoMA turismoa eta kulturaren arteko harremanari buruzko bideoa da, eta museoen zeregina masen turismoaren mesedetan perbertitu den moduari buruzkoa. Lehenago artearen tenpluak zirenak edertasuna, ikusmenaren edo estetikaren plazera dastatzearekin zerikusi gutxi duten erritualak praktikatzeko leku bilakatu dira. Areago, Derwaldek MoMAn erakusten dituen bisitariek helburu bezala dute New Yorkeko Arte Modernoko Museoa bisitatu izana dokumentatzea.
Bukle gisako bat da, Lumiéreren zineko “erregadiatzaile erregadiatua” gogoratzen duena. Derwaldek filmatzaileak filmatzen ditu, bere buruak argazkiratzean argazkiratzen ditu, horretarako jarrera transgresorea izanez, turistek naturaltasun osoz bere egiten dutenaren parekoa, museoak, Estatu Batuetako ia guztietan bezala, debekatua baitago barruan argazkiak ateratzea.
2237