Breadcrumb

Asset Publisher

Back Ez dago COVID-19 kasu berririk Gipuzkoako adinekoen egoitzetako erabiltzaileen artean

Ez dago COVID-19 kasu berririk Gipuzkoako adinekoen egoitzetako erabiltzaileen artean

Azken egunetako COVID-19aren bilakaeraren ondorioz, Lasarte-Oriako eta Donostiako hiru egoitzetako egoiliarren irteerak eten egingo dira gaurtik aurrera.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako erabiltzaileen artean azken kasu positiboa abuztuaren 24an atzeman zen, pasa den astelehenean. Ordutik, ez da COVID-19 positibo berririk izan Gipuzkoako sareko egoiliarren artean, 65 zentrok eta 5.425 plazak osatzen dutena. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du, kasu susmagarriak diren egoiliarrei eta langileei egindako PCRen emaitza guztiak negatiboak izan direla.

Hala ere, lurraldeko udalerri batzuetan egoera epidemiologikoak izan duen bilakaera ikusita, eremu bakoitzeko egoeraren jarraipen zehatza eta egunerokoa egiten ari da, azken zazpi egunetako kasu positiboen ratioak kontuan hartuta, udalerri eta auzoetako biztanleen arabera. Irizpide horiek kontuan izanik, Gizarte Politikako departamentuak erabaki du Lasarte-Oriako Atsobakar egoitzako eta Donostiako hiru egoitzetako (Aldakonea, La Paz eta Alai-Etxe, Egia eta Bidebideta auzoetan daudenak) irteerak 10 egunez etetea.

Bestalde, Donostiako egoitza guztiek mugatuta izango dituzte, gaurtik aurrera, egoiliarren irteerak: irteera terapeutikoak lehenetsiko dira, espazio itxi eta jendetsuak saihestuz, gehienez 45 minutukoak, eta erabiltzaileei gehienez bi pertsonak lagundu ahal izango diete aldi berean. Era berean, eta azken egunetako datu epidemiologikoetan oinarrituta, irteeren etenaldia luzatuko da, beste astebetez, Mutrikuko eta Azpeitiko egoitzetan, eta eguneko zentroak ere itxita egongo dira. Abuztuaren 31n, ordea, altxa egingo da Azpeitian erroldatutako senideek egoitzetara egindako bisitak bertan behera uzteko neurria.

Sei dira egun COVID-19n positibo emanda dauden adineko egoiliarrak, guztiak ere Hermano Garate – San Ignacio zentroan bizi direnak. Horietaik bi dira ospitaleko arreta behar duten pertsonak, eta beste laurak Eibarko Ospitaleko solairu soziosanitarioan daude; adineko pertsonen egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuak artatzeko erabiltzen ari dena. Abuztuaren 11n lehen positiboak eman zirenetik, bi pertsona hil dira COVID-19rekin, horiek ere Hermano Garate – San Ignacio zentroko egoiliarrak.

  

1529