Turismo arloan 2016a errekor urtea izan zen Gipuzkoan
Turismo arloan 2016a errekor urtea izan zen Gipuzkoan
Joan den urtean 2.179.877 gau eman ziren lurraldean, % 13,6ko igoera izan zuen kanpoko turismoak. Beste behin ere milioi bat bisitariko muga gainditu da 1.093.235 bisitarirekin, eta % 9,1ekoa izan da igoera.
Denis Itxasok sektorea gonbidatu du kalitatezko enpleguaren alde egitera, eta turismoaren kalitatea, oreka eta iraunkortasuna lehenetsi ditu, “zifrekin obsesionatu gabe”.
“Explore San Sebastian Region”-ek sagardoaren denboraldi berria aurkeztu du FITURen. Sagardoak erakargarri izan nahi du turismoa urte osora zabaltzeko eta turismo fluxua geografia osora banatzeko.
Gaur Eustatek jakinarazi dituen 2016ko turismo datu orokorren arabera, balantzeak errekorra utzi du Gipuzkoan lurraldean eman diren gau kopuruari dagokionez, lehen aldiz lortu eta gainditu baita bi milioi gaueko muga (2.179.877 izan dira guztira), % 9,4ko igoerarekin. Estatu mailako bisitarien artean % 6,2koa izan da igoera, eta bisitari atzerritarren artean bikoitza, % 13,6koa. Halaber, beste behin ere gainditu egin da milioi bat bisitariren muga, 1.093.235 bisitarirekin, eta % 9,1ekoa izan da igoera.
Datuak xehe-xehe aztertuz gero ikusten da bisitari kopurua % 8,3 igo dela Donostian, % 19,5 metropoli eremuan, % 9,8 kostaldean eta % 8,2 barnealdean.
“Datu horiek Gipuzkoako turismo sektorearen heldutasuna, dinamismoa eta indarra erakusten dituzte. Turismoak BPGaren % 7,4 baino gehiago hartzen du Gipuzkoan, eta gehien eta hobekien hazten ari den lurraldea da. Haztea bezain garrantzitsua da, ordea, nola hazten den, eta gu homogeneoki ari gara hazten. Gipuzkoa kostaldearen eta barnealdearen arteko aldea txikitzen ari da, asko ari da hazten goi denboralditik kanpo, luzatzen ari dira egonaldien batez bestekoa, eta eskualde eta urteko hilabete guztietako eskaintza gero eta erakargarriago ari da bihurtzen atzerritik datozkigun bisitarientzat”, hala esan du Denis Itxaso Kultura eta Turismoko diputatu eta foru erakundeko bigarrenak.
Itxaso Turismoko zuzendari Maite Cruzadorekin batera joan da azokara, eta honako hau adierazi du: “Zifra horiek onak izanagatik ere, ez dugu hazte soilarekin obsesionatu behar, kontua ez baita norakoa saturatzea, plangintza eta estrategia aproposa baten faltagatik beste eskualde batzuetan gertatu den moduan. Gipuzkoaren nahia da turismoa aberastasun, enplegu eta aukera iturri izatea gure irudia kanpoan ezagutarazteko; ez du biztanleentzat buruko min bilakatu behar. Guk nahi dugun turismoa gipuzkoarron bizi kalitateari izpirik ere kentzen ez diona da, eskualde guztietara modu orekatuan iristen dena, eta egutegian harmonikoki banatzen dena, urtaro jakin batean gehiegi nabarmentzeak dakarren enpleguaren prekaritate eta behin-behinekotasun handiagoa ekiditeko”.
“Ospatu beharreko datuak dira, horien atzean baitago gauzak gero eta hobeto egiteko arreta eta gogoa jartzen duen sektore baten lana eta ahalegina. Zenbakiek ezin gaituzte nahasi, ordea. Lanean jarraitu behar dugu kalitatea hobetzeko –ez zenbatekoak hobetzeko–, hortxe baitago gure arrakastaren giltza: jasotako zerbitzuarekin pozik dauden bisitariak, irudimenez betetako eskaintza batek liluratutako bezeroak, eta kultura, gastronomia eta paisaia bezalako erakargarri berezietan interesa duten bisitariak. Hortxe daude gure etorkizuneko erronkak”.
“Explore San Sebastian Region” marka turistikoak FITURen aurkeztu du sagardo denboraldia kazetari, blogari eta eragile espezializatuen aurrean. Itxasok nabarmendu duenez, “txotxak baldintzarik onenak ditu lehen mailako produktu turistiko bilakatzeko. Hasteko, bertako produktuak probatzeko modu berezi eta bakarra delako eta bere benetakotasunagatik bisitatzen gaituzten guztien arreta lortzen duelako; bigarren, goi denboralditik kanpo ere fluxu turistikoa urte osora zabaltzeko aukera ematen duelako, eta hotelen okupazioaren ikuspuntutik beherakada nabarmeneko hilabeteak leuntzen laguntzen duelako; eta, hirugarren, aukera ematen duelako bisitariak barnealdeko eskualdeetara bideratzeko eta hiriburura mugatzen den publikoarentzat ezkutuan geratuko liratekeen baliabideak ezagutarazteko”. Azkenik, Itxasok iragarri du bere departamentuaren aurreikuspenetan dagoela sagardoaren turismo sustapenerako kanpaina handi bat prestatzea, sagardoa maiatzeko eta ekineko hilabeteetan erakargarri nagusi izan dadin.
1751