Foru Aldundia zerga iruzurraren aurkako aliantza hasi da ehuntzen gizarte antolatuko eragileekin
Foru Aldundia zerga iruzurraren aurkako aliantza hasi da ehuntzen gizarte antolatuko eragileekin
Zerga alorrean praktika onak sustatzeko hitzarmena izenpetu du foru erakundeak ekonomia arloko sei erakunde eta eragilerekin
Gipuzkoako Foru Aldundia zerga iruzurraren aurkako aliantza hasi da ehuntzen lurraldeko gizarte antolatuko eragileekin. Foru erakundeak sei lankidetza hitzarmen izenpetu ditu gaur ekonomia arloko hainbat erakunde eta elkarterekin: ADEGI, Gipuzkoako Bazkundea, Gipuzkoako Merkataritza Federazioa, Ekonomisten Euskal Elkargoa, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoa, eta Euskadiko Administrazio-kudeatzaileen Elkargoa. “Helburua Gipuzkoako gizarte antolatuaren konplizitatea irabaztea da, zerga iruzurraren aurkako jarduketan indarrak batzeko”, azaldu du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak.
Hitzarmenak gaur goizean izenpetu dituzte alde denek, foru jauregian egin den lan bileraren amaieran. Bertan izan dira, Aldundia ordezkatzen Olano bera eta Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza foru diputatua. Eragileen aldetik, Jose Miguel Ayerza, ADEGIko zuzendari nagusia; Endika Sánchez, Gipuzkoako Bazkundeko idazkari nagusia; Iñaki Martínez, Gipuzkoako Merkataritza Federazioaren presidentea; Maite Villafruela, Ekonomisten Euskal Elkargoko Gipuzkoako Atalaren presidentea; Lourdes Maiztegui, Gipuzkoako Abokatuen Elkargo Prestuaren dekanoa; eta Francisco Jabier Martin, Euskadiko Administrazio-kudeatzaileen Elkargoaren batzordekidea egon dira.
“Orain arte, zerga iruzurraren aurkako lankidetzaz hitz egin izan dugunean, gehienetan erakunde arteko lankidetza izan dugu jomuga. Hau da, informazio trukaketa akordioak, araudi lerrokaketak, proiektu partekatuak… baina betiere, Ogasun edota erakunde publiko artean”, gogoratu du Olanok, bilera ostean hedabideei eginiko adierazpenetan. “Gaur sinatu ditugun akordio hauekin bilatzen duguna da sinergia hauek gizarte antolatura hedatzea. Hau da, gure lurraldeko eragile ezberdinen konplizitatea izatea gizarte guztiari hainbeste kalte egiten dion zerga iruzurrari aurre egiteko” gehitu du.
Diputatu nagusiak azaldu duenez, akordioa izenpetu duten erakunde eta eragileek zerga alorreko hainbat jardunbide on betetzea hitzeman dute. “Aurrerapauso kualitatiboa da zerga iruzurraren aurkako borrokan, baina baita ere Ogasunaren eta bere bezeroen arteko komunikazio kanalak hobetzearen ikuspegitik”, azaldu du. Bide batez, eta hitzarmen beraren testuinguruan, komunikazio hauetan euskara erabiltzeko konpromiso irmoa hartu dute alde guztiek. “Etorkizunera begira, espero dugu zerrenda hau zabaltzen joateko aukera izatea. Positiboa litzateke oso”, azpimarratu du Olanok.
Ekimena, foru arduradunaren hitzetan, Gipuzkoako Foru Aldundia legealdi honetan gauzatzen ari den zerga iruzurraren aurkako estrategia integralaren testuinguruan kokatzen da. “Esparru denetan ari gara lanean: giza baliabideak handitzen, euskarri teknikoak hobetzen, kontzientziazioa hedatzeko programak sustatzen… eta beste eragileekin lankidetza bideak ireki eta daudenak zabaltzen”, azaldu du, nabarmenduz azken puntu honetan kokatzen dela gaur izenpetutako hitzarmen sorta. “Informazioa da zerga iruzurrari bidea ixteko biderik eraginkorrena, eta ahalik eta iturri gehienetatik elikatu behar dugu”, adierazi du.
Diputatu nagusiaren ostean, Maite Villafruela Ekonomisten Euskal Elkargoko Gipuzkoako Atalaren presidenteak hartu du hitza, eragileen ikuspuntua emateko. Adierazi duenez, gaurko topaketak iruzurraren aurkako “indarrak batzea” du xede, “guztioi eragiten digun arazoa baita”. “Guri dagokigunez, gaur konprometitu gara zerga alorreko kontzientzia hedatzera, zerga betebeharrei buruzko informazioa zabaltzera, Ogasunari ahal dugun neurrian laguntzera… Hau da, gure esparruetatik, zerga iruzurraren aurkako jarduketari geure ekarpena egitera”, adierazi du.
2659