Breadcrumb

Asset Publisher

Back Foru Aldundiak 1,2 milioi euro bideratuko ditu LABe proiektua finantzatzeko

Foru Aldundiak 1,2 milioi euro bideratuko ditu LABe proiektua finantzatzeko

Gastronomia digitaleko laborategiko lanak 2019ko urtarrilean hasiko dira.

Diputatuen Kontseiluak onartu du Basque Culinary Center Fundazioari 1.250.355 euroko diru laguntza ematea LABe delako proiektua finantzatzeko, Etorkizuna Eraikiz gobernantza kolaboratiboko dinamikan sartutako erreferentziako zentroetako bat, alegia. LABe Tabakaleran kokatuko da; lanak azaroan esleitzekoak dira eta Basque Culinary Centerren kontura izango dira; hasi, berriz, datorren urteko urtarrilean hasiko dira, eta maiatzerako abian egotea espero da. Imanol Lasa foru bozeramaileak nabarmendu duenez, diru laguntza lanak egiten laguntzeko da, eta erabaki hori mugarri bat da «proiektu hori oinarrizkoa baita Gipuzkoak bere kokapena indartu dezan gastronomiaren mundu mailako erreferentzietako bat izaten jarraitzeko».

LABe gastronomia digitaleko berrikuntza laborategi bat da, non sustatuko den esperimentazio gastronomikoa eta teknologikoa, eta horri esker garapen gastronomiko berriak, produktu eta zerbitzu berriak, eta esperientzia eta kontzeptu berriak sortuko dira, kontsumitzaileen beharretara egokituta.  Proiektua Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak finantzatuko dute -520.000 euro bideratuko dituzte azken biek- eta kudeaketa BCCren kontura joango da. Aurreikusitako inbertsioa 2,3 milioi euro izango da, aurten eta datorren urtean banatuta.

LABek bi solairu, eta 1.400 metro koadro izango ditu, eta bertan egongo dira ikerketa laborategi bat, produktu eta zerbitzu gastronomikoak prototipatzeko, oinarri teknologikoko startups hub delakoa, eta 4.0 jatetxe aurreratua, non teknologia berriekin esperimentatuko den.  LABeren estrategia eta diseinua definitzerakoan industriak ere parte hartu du, batez ere, ACEDE osagaien klusterrak eta Ostalaritza Elkarteak.

Azpiegitura honen xedea da gaitasunak sustatzea, ez bakarrik jatetxeena eta goi mailako sukaldaritzarena, baizik eta Gipuzkoako gastronomia ekosistema osatzen duten eragile guztiena: enpresa espezializatuak, ostalaritza sektorea, elikagaiak eraldatu eta banatzera xedatutako enpresa berritzaileak, eta I+G+B esparruko eragileak. «Hau da, balio kate osoa hartzen du, ekoizleak, prestakuntza eta osagaien industria, eta kontsumitzailea» esan du Lasak. Gipuzkoa Michelin izar gehien dituen munduko lurraldeetako bat da; gaur egun 10 jatetxe izardun ditugu gure lurraldean, baina «sektorearen garrantzia eta pisu ekonomikoa punta-puntako jatetxe horietatik askoz haratago doa».

Lasak azaldu duenez, elektronikaren, informazioaren eta komunikazioen teknologiak gastronomiaren esparrura eramatea «ikaragarrizko mugarria» izan da gastronomia sektorearen garapenean, eta horregatik garrantzia handikoa da Gipuzkoak eraldaketa hori «berme guztiekin» egitea, gure lurraldeak duen tradizioa, talentua eta ezagutza oinarritzat hartua. «Gure nortasunaren eta gure kulturaren zati bat da, baina orain arte ondo kokatuta egon izanak ez digu etorkizunean arrakasta izango digula bermatzen, baldin eta ez badugu berrikuntzaren bidetik jotzen. Etorkizuneko jatetxea errealitatea da, dagoeneko gainean daukagu, eta teknologiak dena eraldatuko du, bai bezeroari eskaintzen zaion zerbitzua eta bai jatetxearen kudeaketa guztia».

Diputatuak garrantzizkotzat jo du proiektu hau babesten duten erakundeen arteko kontsentsua, eta kudeaketa Basque Culinary Centerren esku egoteak ematen duen «bermea» azpimarratu du; izan ere, Basque Culinary Center Zientzia Gastronomikoen Fakultatearen egoitza izateaz gain, Gastronomiaren Teknologia Zentro bat du, Zientziaren eta Teknologiaren Euskal Sareko kide dena, «Europako bakarra», zeinaren helburua den bihar-etzi etorriko zaizkigun eraldaketei aurrea hartzea eta sektore honen lehiakortasuna sustatzea. Gaur egun Euskadiko barne produktu gordinaren % 10a baino gehiago da gastronomia eta elikadura, eta 95.000 zuzeneko enplegu sortzen baititu.

LABek gastronomiaren eremura eramango du lan eskema bat non, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bidez, Foru Aldundia Gipuzkoaren etorkizuneko erronkak lantzen ari den -elektromugikortasuna, zibersegurtasuna, zahartzaroa, euskarazko ikus-entzunezkoen sorrera- ­gizartea, sektore ekonomikoa eta akademikoa lagun dituela eta esperimentazio aktiboan oinarrituta.  «Kontua da etengabe eta gero eta azkarrago aldatuz doan mundu honetan, gure ezagutza, talentu eta gaitasunak berritzea, Gipuzkoako gizarteak dituen erronkei modu eraginkorrean aurre egiteko, eta aukera berriak eta kalitatezko enplegua sortzeko, dagoeneko ondo kokatuta gauden sektoreak indartuta».

Administrazio elektronikoa

Bestalde, Kontseiluak oniritzia eman dio Foru Aldundiak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorran arteko hitzarmen proposamenari. Horren xedea da administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbideak elkarri ematea; “garrantzi handiko pausoa” administrazioen arteko harreman elektronikoa, eta herritarren eta administrazioen artekoa bermatu ahal izateko. Bi erakundeak bat datoz herritarrei lineako zerbitzuak ematea bultzatzen jarraitzeko borondatean, haien elkarreragingarritasuna erraztuz. Ildo horretatik, beren eskumen-eremuetan, beharrezkotzat jotzen dute administrazio elektronikoko proiektuen koordinazioa sustatzea, haien eraginkortasunik handiena lortzeko asmoz eta interes publikoa asetzeko azken helburuarekin.

Hitzarmenaren bitartez, bi erakunde publikoen arteko elkarlana areagotuko da, esparru hauetan: euskal administrazioen arteko komunikazio-sare bat izatea; haien artean informazioa trukatzeko sistemak eraikitzea, administrazio-prozeduran dokumentuak edo datuak eman beharra saihesteko; administrazioen arteko eta herritarrekiko komunikazio- eta jakinarazpen-sistema bat garatzea; eta identifikazio eta sinadura elektronikorako sistema eta aplikazio informatikoak partekatzea eta berrerabiltzea, ordainketetarako, kontratazio publikorako eta beren eskumeneko beste edozein administrazio-jarduketarako.

Lasak nabarmendu duenez, administrazio elektronikoaren ezarpena onuragarria izango da, bai herritarrentzat, eta baita administrazioekin interaktuatzen duten eragile guztientzat ere, elkarte eta enpresentzat, esaterako. “Desburokratizazioan sakonduko du, on line tramitazioa erraztuz eta dokumentuak eta kopiak aurkeztea saihestuz. Eraginkortasuna sustatuko du kudeaketa publikoan, kostuak aurreztuz paperean batez ere, bikoiztasun administratiboak saihestuz eta izaera pertsonaleko datuen babesa bermatuz”. Gaineratu du Aldundia zein Gipuzkoako udalak “prest” daudela administrazio elektronikorako bere alor desberdinetan: erregistroak, espedienteak, jakinarazkenak, artxibo elektronikoak, lizitazioak, diru laguntzak…”Belaunaldi digitala dator eta lurraldea martxan dago horri erantzuteko”, amaitu du. 
  

1603