Foru Aldundiak 1,75 M€-ko inbertsioa egingo du Zumaiako San Juan egoitza eraberritzeko
Foru Aldundiak 1,75 M€-ko inbertsioa egingo du Zumaiako San Juan egoitza eraberritzeko
2020rako amaituko diren lanei esker, 52 plaza dituen egoitza indarrean dagoen araudira egokituko da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.750.000€-ko inbertsioa egingo du Zumaiako adinekoen San Juan egoitza “eraberritzeko eta bertan 6 plaza berri sortzeko”. Hala iragarri dute Markel Olano diputatu nagusiak eta Oier Korta alkateak gaur Zumaiara egindako erakunde bisitan; beraiekin batera izan dira Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatua eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua. San Juan Egoitza gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kabia Organismo autonomoaren parte da, eta aurretik Zumaiako Udalaren Udal egoitza izan zen.
Diputatu nagusiak adierazi duenez, lanen helburuak honako hauek dira: “Lehenik, zentroa indarrean dagoen araudira egokitzea. Bigarrena, egoiliarren bizi kalitatea bermatzeko espazio eta gune berriak sortzea planta bakoitzean, zerbitzuak eta unitateak modulatuta. Eta hirugarrenik, zentroaren sarrera berritu eta bakarra izatea”. Eta gaineratu du Zumaiako udalak igogailu berri bat jarriko duela. “Hilak 17an amaituko da proposamenak aurkezteko epea eta datozen hilabeteetan hasiko dira igogailua jartzeko lanak, beti ere, egoitzaren eta auzoaren irisgarritasuna erraztuz”, azaldu du Oier Kortak.
Gaur egun San Juan egoitzak 52 plaza baimenduta ditu mendekotasuna duten adineko pertsonei arreta emateko. Egoitza, ordea, ez dago indarrean dagoen egoitzetako araudiari egokituta. Hori dela eta, foru erakundeak, proiektua eskatu eta hura aztertu ondoren, erabaki du San Juan egoitzan eraberritze lanei heltzea, bai egoitza araudira egokitzeko bai espazio amankomunak handitzeko. Obren lizitazioa eta exekuzioa 2019-2020 urteetan egingo dela, aurreikusi da lanak 2020ko udarako bukatzea.
Kabia organo autonomoan Gipuzkoako 16 udal egoitzak integratuko dira 2019ra bitarte, eta guztira 1.505 plaza kudeatuko ditu (1.336 egoitza plaza, gehi 169 plaza eguneko zentroetan), 299 langile (116 funtzionario eta 183 kontratudun), 18 enpresa desberdinetako 949 langile zerbitzuak eskaintzen, antolaketa desberdina duten 16 egoitza. Dagoeneko Azkoitia, Elgoibar, Villabona, Zumaia, Lasarte, Andoain eta Bergarako udal egoitzak Kabian txertatu direlarik, aurten, Ordizia (jada Kabian sartuta) Oñati, Errenteria, Arrasate eta Tolosako egoitzak integratuko dira Kabian. Datorren urtean, aldiz, Hernani, Eibar San Andres, Irun Ama Xantalen eta Pasaia.
80 urtetik gorakoen handitzea
Diputatu nagusiak gogorarazi du gaur egun Gipuzkoan 80 urtetik gorako 50.000 lagun baino gehiago daudela (Eustat), “2000. urtean zeudenen bikoitza. Eta 2031n 68.000 izango dira; hau da, gaur baino % 36 gehiago”. Eta gaineratu du, horietatik 25.800 mendekotasuna duten adinekoak izango liratekeela, “gaur egun baino % 49 gehiago”, bizi itxaropena luzatu egin delako. Olanok esan du Gipuzkoako 88 udalerrietatik, 38tan biztanleriaren % 20 baino gehiago dela 65 urtetik gorakoa; aldi berean, azpimarratu du zerrenda horretan herri txikiak daudela, baina baita herrigune handienak ere, esaterako Donostia, non 65 urtetik gorakoak ia 15 urtetik beherakoen bikoitza baitira.
“Zalantzarik gabe, gure gizarteko erronka nagusienetako da zahartzearena eta erronka hori orainaldira ekarri eta erantzuna bilatzen dihardugu Etorkizuna Eraikiz programaren bidez. Gobernantza eredu ireki eta partekatu batean oinarrituta, elkarlanean, ari gara etorkizuneko erronkak erantzuten”, adierazi du diputatu nagusiak. Zahartzearen datuak kontuan hartuta, Foru Aldundiak ibilbide-orri bat prestatu du zahartzearen erronkari aurre egiteko, Gipuzkoako arreta ereduaren barruan. “Horrek eskatzen du prebentzio ikuspegia duten neurriak bultzatzea, zahartze aktiboa lortzeko eta mendekotasunaren arretak benetan balio izateko autonomia pertsonala sustatzeko”.
Zentzu horretan, eta zahartzearen estrategia bateratu bat bultzatze aldera, AdinBerri proiektua abiarazi du Aldundiak. Pasaian kokatuko da eta, “erreferentziazko zentroa” izango denak, 100 gela izango ditu, adinekoei zuzendutako zaintzapeko 20 apartamentu eta baita eguneko zentroa ere. Horretaz gain, bertan kokatuko da zahartzearen inguruko ikerketa eta berrikuntza unitatea ere. Hemen ematen eta testatzen diren aurrerapen guztiak Gipuzkoa osoko sarera hedatuko dira, hobekuntza eta aurrerapen guztiak gipuzkoar guztiengana iristaraziz.
Gizartearen zahartzearen erronkaren barruan “ezin da ukatu adinekoen %80ak baino gehiagok etxean zaindua izatea nahi duela, eta hori Foru Aldundiaren lehentasunezko helburu bilakatu da” adierazi du Olanok, eta gaineratu du hori lortzeko beharrezkoak diren zerbitzuak bultzatzen eta indartzen ari direla adinekoei kalitatezko arreta eskaintzeko etxean, eta ahalik eta denbora gehien jarraitu ahal izateko bertan. Neurri horien artean aipatu du “Etxean bizi” programa pilotua, esperimentu modura Elgoibarren, Pasaian eta Errenterian abiarazi dena.
Alabaina, mendekotasuna duten adinekoak etxean jarraitzea ahalbidetzen duen arreta soziosanitarioko eredu horrekin batera, eta osasun arazoen ondorioz etxean jarraitu ezin dutenerako, Olanok azpimarratu du beharrezkoa dela adinekoentzako egoitza plazen kopurua handitzea. “Asmo horrekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak abiarazi duen estrategia integralari esker, legealdiaren amaiera bitartean 300 plaza berri sortuko ditugu adinekoen egoitzetan, modu progresiboan. Aurten, esaterako, 200dik gora izango dira”.
Erakunde bisita Zumaian
Markel Olano diputatu nagusiak, Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak, Zumaiara egin duten erakunde bisitan, goizean goiz udaleko ordezkariekin bilduta egon eta gero, Algorri ingurua, San Juan egoitza eta Astilleros Balenciaga bisitatu dituzte. “Herriaren proiektu eta estrategiak ezagutzera eta gureak partekatzera etorri gara Zumaiara, baita zumaiarrek dituzten kezka eta arazoak entzutera ere”.
Udalean izandako bileraren ostean, Algorrira hurbildu dira hiru diputatuak, alkateak lagundurik. Bertan, San Telmo eta Algorri bitarteko bidearen zati batzuen erosioa ekiditeko egokitzapen-lanak zertan diren ikusi ahal izan dute. Bide hori da gehien erabiltzen dena eta bisitari gehien jasotzen duen ingurua, eta ondorioz ibilbide sareko zati jakin batzuetan erosio zantzuak antzeman ziren. Arazo horri irteera egoki bat eman nahian, eta bisitarien segurtasuna bermatzeko eta 58 milioi urteko KT geruza babesteko helburuarekin, egokitzapen-lanak jarri ziren abian, intentsitate baxukoak eta eskuzko tresneriarekin eginak. “Kanpoko bisitariez gain, urtean 15.000 ikasle pasatzen dira Algorri Interpretazio Zentrotik, ondoren KT geruza bisitatzeko; babestu beharreko eremua, hortaz”, azpimarratu du alkateak. Lanak ezagutzeaz gain, UNESCO-ko ikuskariekin hitz egiteko aukera ere izan dute, Geoparkeak dituen erronken inguruan jarduteko.
Ondoren, Pulpo elkartean San Juan egoitzako kideekin hitz egiteko tartea izan dute foru ordezkariek eta alkateak, eta jarraian San Juan egoitza bera bisitatu ahal izan dute, egokitzapen lanak nondik nora joango diren eta zer dimentsio izango duten ikusteko.
Erakunde bisitarekin amaitzeko, Astilleros Balenciagan elkartu dira bertako langile eta ordezkariekin, esku-hartean dituzten azken proiektuen berri izateko eta, era berean, Aldundiaren estrategia, asmo eta proiektuak partekatzeko. Bertan, mundu mailan aitzindaria izango den itsasontzia ikusi ahal izan dute, izokinaren manipulazio oso egitea posible izango dena, akuikultura eta transformazioa bultzatuz.
1762