Foru Aldundiak 14 milioi xedatuko ditu Irungo lotune erdia eta hegoaldeko ingurabidea finantzatzeko
Foru Aldundiak 14 milioi xedatuko ditu Irungo lotune erdia eta hegoaldeko ingurabidea finantzatzeko
Markel Olano: “Finantzaketarako partida Ogasun Departamentutik gaitu dugu, eta modu horretan irundarrekin hartutako konpromisoa beteko dugu 6 milioi euro baino gehiago xedatuz hegoaldeko ingurabidea finantzatzeko”.
Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri du foru erakundeak dagoeneko eskuragarri dituela Irungo lotune erdia eta hegoaldeko ingurabidea egiteko proiektua finantzatzeko beharrezkoak diren 14 milioiak. Proiektu hori amaitzen denean nabarmen hobetuko da irundarren mugikortasuna.
Markel Olano diputatu nagusiak hau adierazi nahi izan du, “Honekin, hegoaldeko ingurabidearen finantzaketa zehaztu dugu eta irundarrekin genuen konpromisoa bete dugu. Hemendik aurrera, Irungo Udalak beharrezkoak diren pausoak ematen baditu, hegoaldeko ingurabideko lanei ekin ahal izango die Bidegirekin koordinatuta”. Olanok gaineratu du finantzaketaren hitzarmena prestatzen ari direla eta Irungo Udalari igorriko zaiola laster. Behin betiko zenbatekoa bi proiektuetako lanak esleitzen direnean ezagutuko da, orain dauzkagunak lizitazioaren gutxi gorabeherako zenbatekoak dira, kostu osoa emango duten proiektuak guztiz zehaztu gabe baitaude. Foru Aldundiak hegoaldeko ingurabidearen proiekturako xedatuko duen finantzaketa 6 milioitik gorakoa izango dela aurreikusten dugu, eta Bidegik bere gain hartutako zatiari gehituta, Gipuzkoako diru-kutxak 14 milioi inguruko inbertsioa egingo du.
Aintzane Oiarbidek, Bide Azpiegituretako diputatuak, azpimarratu nahi izan du Foru Aldundiak “inoiz” ez duela zalantzan jarri hegoaldeko ingurabidearen finantzaketa; eta Irungo Udalak hedabideetan planteatutako eztabaida antzuez haratago, gure konpromisoa argia dela eta izan dela beti. “Lotune berriak Irungo herrigunearen irisgarritasuna hobetuko du, baina azpiegitura horren benetako zerbitzu ahalmena ikusi ahal izango da hegoaldeko ingurabidearen eraikuntzarekin osatzen bada; hain zuzen ere ingurabide hori autobidearen paraleloan joango da eta Irungo herrigunea inguratuko du herrirako sarbide berriak sortuz”, azaldu du diputatuak. Oiarbidek, halaber, adierazi du herrigunearen hegoaldeko sarbide horien bitartez dibertsifikatu egingo direla aukerak eta errepideen foru sarearen mesederako izango dela, bereziki GI-636 errepidearen mesederako, gaur egun hori baita Irundik ateratzeko erabiltzen den bide bakarra.
Prentsaurrekoan, Aintzane Oiarbide diputatuak gogorarazi du hegoaldeko ingurabidearen proiektua sortu zela Irungo Udalak eta Foru Aldundiak uko egin ziotenean lehengo N-I errepidea bikoizteari, lan horiek arazoak sortuko baitzituen Irungo hiri egituran. “GI-636 errepidea bikoizteko trazatu proiektua jendaurrean jarri ondoren, eta antzemandako ingurumen eta funtzionalitate arazoak nahiz sortutako erantzun soziala ikusita, hegoaldeko ingurabidearen aldeko hautua egin zen”.
“Eztabaidak alde batera uzteko eta Irungo herritarren alde batera lan egiteko garaia da. Irundarrek urteak daramatzate hiriko sartu-irteeretan auto-ilarak eta zailtasunak nozitzen. Lotune erdi berri honek eta hegoaldeko ingurabideak hirigunearekin zuzenean lotzea ahalbidetuko du, eta modu nabarmenean hobetuko du irundarren mugikortasuna”, esan du amaitzeko Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak.
Urtea amaitu aurretik, Bidegi foru sozietateak AP-8 autobidetik Irunerako sarbide berria egiteko lanak hasiko ditu. Sarbide horri esker errazago egingo dira hiriaren hegoaldeko (Belaskoenea-Katea) sarrerak eta irteerak, bai Donostiatik bai Donostiarantz. Lotune erdia autobidearen 4,300 kilometro puntuaren parean egingo da, Lapize auzoan, Behobiaren eta Irun-Barrerako ordainlekuaren artean.
Lotura berria Oinaurreko biribilgunean hasiko da, Elizatxo hiribidetik metro gutxira, hain zuzen ere hirira sartzeko ardatz nagusietako batean, non bat egiten duten Arabatenea eta Jostun kaleek. 166 metroko bide bat egingo da, 50 metroko kanpoko diametroa izango duen biribilgune berri batera iritsiko dena. Biribilgune horretatik abiatuko da sarbide berria, autobidearekin lotura egingo duena aldapan, Donostiako noranzkoan. Biribilgune horretara iritsiko da, halaber, autobideko irteerako bidea eta hegoaldeko ingurabidearekin lotzeko bidea.
Obraren aurrekontu zenbatetsia 8 milioi eurokoa da, eta lanak urte amaierarako hastea eta 12 hilabeteko epean amaitzea aurreikusten da.
1722