Foru Aldundiak Azkoitia-Urretxu errepidearen hobekuntza lanen bigarren faseari ekingo dio
Foru Aldundiak Azkoitia-Urretxu errepidearen hobekuntza lanen bigarren faseari ekingo dio
13,3 milioi euroko inbertsioak jarraipena emango die errepidearen segurtasuna eta trafikoaren arintasuna hobetzeko lanei, eskualde osoarentzat funtsezkoa den errepide batean. Fase honetan aurreratzeko tarte berriak gehituko dira eta ingurumenaren berreskurapeneko neurriak aplikatuko dira.
Asteazken honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen GI-631 errepidearen hobekuntzako bigarren faseari ekingo dio. Lanak gutxi gorabehera 1,45 kilometroko zatian egingo dira, 22+950 eta 24+400 kilometro puntuen artean. Fase honetan, aurreratzeko bi tarte berri egokituko dira, noranzko bakoitzean bat, bide-segurtasuna eta trafikoaren arintasuna hobetzeko helburuarekin. Lanak 13,3 milioi euroko aurrekontua du (BEZa barne) eta 31 hilabeteko epean gauzatuko dira.
Fase berri honek 2023ko apirilean inauguratutako lehenengo faseko hobekuntzei jarraipena emango die. Eider Mendoza diputatu nagusiak azpimarratu duenez, "interbentzio honek hobekuntza esanguratsua ekarri du bi eskualdeetan, bai irisgarritasunean bai segurtasunean". Hobekuntza hauek egunerokoan GI-631 errepidea erabiltzen duten 3.000 bat ibilgailuetako gidariei mesede egingo diete; ibilgailu astunek barne, trafikoaren %10 inguru osatzen baitute. GI-631 eskualdeko funtsezko azpiegitura da, Zumarragako Ospitalera, eskualdeko erreferentziazko zentrora, zuzenean sartzeko aukera ematen baitu. "Lan honekin Urola Garaia eta Urola Erdia eskualdeetako biztanleen aspaldiko eskaera bati erantzuten ari gara", azpimarratu du Mendozak.
GI-631 errepidearen hobekuntza osoa, guztira 13 kilometroena, azpiegitura-lan zabala da, eta proiektu osoaren inbertsioa 50 milioi euro baino gehiagokoa da. Bigarren fase hau Foru Aldundiaren Bide Azpiegiturak eta Lurraldearen Estrategiaren departamentuko legegintzaldi honetako proiektu garrantzitsuenetako bat da.
Ingurumen-ekintzak
Diputatu nagusiak lanen konplexutasun teknikoa ere nabarmendu du, oso estua den haran batean eta ezponda altuak dituen eremuan egiten ari baitira. Gainera, ahalegin berezia egingo dela azpimarratu du, “ingurumen-inpaktua ahalik eta gehien murrizteko, bai paisaian bai Urola ibaiaren ibilguan”.
Neurri hauen artean, aglomeratua kenduko da errepidearen egungo trazatuko bi kurbetan (PK 23+850 eta PK 24+200), proiektua gauzatu ondoren erabileratik kanpo geratuko baitira, eta birlandaketa lanak egingo dira eremu horietan. Hegoaldean dagoen kurban, gainera, horma zati bat eraitsiko da, paisaiari hobeto egokitzeko, ibaiaren ibilguarekin lotzen duen malda bat sortzeko.
Era berean, hidrokarburoen banatzaileak instalatuko dira, ibaira isurtzen diren euri-urak ahalik eta garbienak izan daitezen, ibaiaren ekosistema babesteko. Gainera, indusketa- materiala berrerabiltzea aurreikusten da errepidearen plataforma berria eraikitzeko, betiere baldintzek uzten badute, obrak sortutako hondakin kopurua murrizteko.
Aurreratzeko erreiak eta sarbide berriak
Proiektua errepidearen egungo plataforma ahalik eta gehien aprobetxatuz egingo da, eta lanek ez dute Urola ibaiaren ibilguan eraginik izango. Egin beharreko esku-hartzeen artean, plataforma handitzea dago, menditik espazioa irabaziz, hondeaketak eta maldak eginez; baita drainatze sistema berritzea eta babes-barandak instalatzea ere. Errei gehigarri bat gehituta, errepideak 13 metroko zabalera izango du, Urola ibaiaren eta mendi magalak mugatuta. Fase honetan, bi aurreratzeko errei eraikiko dira: bata, 275 metrokoa, Urretxurantz, eta bestea, 475 metrokoa, Azkoitirantz.
Informazio-kanalak
Hondeaketak egiteko espazio mugatua dela eta, beharrezkoa izango da txandakako trafikoa ezartzea obretan, segurtasuna bermatzeko. Lehen asteetako prestaketa lanen ondoren, aurreikusten da trafikoari eragingo dioten lehenengo neurriak azaroaren 11ko astean hasiko direla. Errepidearen erabateko itxiera edozein kasutan, aldez aurretik jakinaraziko da WhatsApp eta Telegram kanaletatik. Horretarako, erabiltzaileek "GI-631 OBRA" kanala bilatu eta harpidetzea besterik ez dute.
5324