Breadcrumb

Asset Publisher

Back Foru Aldundiak entzute aktiboko kanpaina jarri du abian

Foru Aldundiak entzute aktiboko kanpaina jarri du abian

Etorkizuna Eraikiz dinamikan partaidetza sustatzeko asmoarekin, lurraldeko hainbat udalerritan panel handi bat kokatuko da

2018/07/02

Foru Aldundiak entzute aktiboko kanpaina bat jarri du abian herritarrek etorkizunari buruz dituzten ideiak, ekarpenak, kezkak eta proposamenak biltzeko. Kanpaina horren helburua da Etorkizuna Eraikiz gobernantza ireki eta lankidetzazkoaren dinamika «sustatzea eta aberastea», hala adierazi du Markel Olano diputatu nagusiak, ekimen horren ingurukoak aletzeko Imanol Lasa foru bozeramailearekin batera egin duen agerraldian.  2019ko aurrekontu irekien prozesua amaitu berria den honetan –7.000 ekarpen baino gehiago jaso dira, aurreko edizioetako kopuruak nabarmen gaindituz–, Aldundiak beste lehentasun bat du orain: ariketa hori Etorkizuna Eraikiz dinamikara hedatzea, gipuzkoarrek beren iradokizunei esker abian dauden 80 proiektu pilotu baino gehiagotan parte hartzeko aukera izan dezaten, eta proiektu berriak abiarazteko proposamenak egin ditzaten.

«Beharrak eta etorkizuneko erronkak etengabe aldatzen dira, baita gizartea eta haren eskakizun eta beharrak ere; horregatik, ezinbestekoa da interakziorako eta etengabeko ebaluaziorako mekanismoak ezartzea. Lortu dugu ehun soziala eta ekonomikoa, gizarte antolatua, aktibatzea, eta gauza bera egin behar dugu orain herritarrekin ere. Hori da kanpaina honen xede nagusia», baieztatu du diputatu nagusiak. Gipuzkoako azken soziometroaren arabera, Etorkizuna Eraikizen ezagutza maila % 25ekoa da, hau da, 2017ko urrian egindako inkestako datuak baino lau puntu handiagoa.

Ildo horretan, panel handi bat jarri da gaur Gipuzkoako plazan, herritarrek beren etorkizuneko lehentasunak adieraz ditzaten eta hainbat arlo estrategikotan proposamenak egin ditzaten: berdintasuna, euskara, hezkuntza, gizarte kohesioa, mugikortasuna, zahartzea, ekonomia, gobernantza, klima aldaketa, kontziliazioa, partaidetza eta zibersegurtasuna.   Panel hori Donostian (Zurriolan eta Ondarretan) egongo da bihar ere eta etzi, eta udalerri hauek igaroko ditu uztailean: Ordizia, Elgoibar, Irun, Beasain, Andoain, Azpeitia, Pasaia, Hondarribia, Tolosa, Arrasate, Zarautz, Eibar eta Errenteria. Gainera, aurrez aurreko kanalak teknologia berriekin uztartzeko xedez, web plataforma bat jarri da martxan, herritarrek beren ekarpenak egin ditzaten: Etorkizuna Eraikiz.

Kanpaina honen bidez, urrats bat gehiago egin nahi da Etorkizuna Eraikiz gizarteratzen eta ideia berriak dinamikan txertatzen, kalera joaz. Xede horrekin berarekin ireki zen duela hilabete bat Gunea, Foru Aldundiaren Jauregian kaletik zuzenean sartzeko moduan kokatua. Estatuan administrazio publiko batek martxan jarri duen politika publikoen lehen laborategia da, irekia eta herritarren eskura jarria.   Ireki zenetik, 20 ekitaldi eta lantegi egin, eta 1.000 lagunetik gora bildu dira aretoan. Olanok nabarmendu du, halaber, ondo doala otsailetik abian den Think Tanka. Bertan, izen handiko 35 profesional etengabeko hausnarketa prozesu bat egiten ari dira, erronka estrategikoak identifikatzeko eta lurraldearen etorkizun ekonomiko, sozial eta politikoa bermatuko duten politika publikoak eraikitzen laguntzeko. Lehen ondorioak uda ondoren egingo den kongresu batean ezagutaraziko dira.

Bildutako proposamen guztiak memoria batean jasoko dira eta aintzat hartuko dira Etorkizuna Eraikiz dinamikaren garapenean. Dokumentu hori, urtero aurrekontu irekien prozesuaren barruan jasotako ekarpenak eta horiei emandako erantzunak jasotzen dituena bezalaxe, publiko egingo da.

  

2251