Breadcrumb

Asset Publisher

Back Foru Aldundiak estrategia integrala martxan jarri du, lurraldean talentua indartzeko erronka "kritikoaren" aurrean

Foru Aldundiak estrategia integrala martxan jarri du, lurraldean talentua indartzeko erronka "kritikoaren" aurrean

Markel Olano diputatu nagusiak "indarrak batzeko" deia egin die lurraldeko eragileei eta enpresei, talentua sortzeko, atxikitzeko eta erakartzeko "erronka kolektiboari" ekiteko. Ekonomia Suspertzeko Planak 4 milioi bideratuko ditu zeregin horretara

Markel Olano diputatu nagusiak eta Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatuak  gaur goizean aurkeztu dituzte Ekonomia Suspertzeko Planak industriaren atalean jaso dituen berrikuntzak, zeintzuen helburua baita enpresen lehiakortasuna indartzea eta etorkizuneko sektore estrategikoetan ehun ekonomiko berria sortzea. 2018an, berrikuntza nagusi gisa, Foru Aldundiak talentua sortzeko, atxikitzeko eta erakartzeko estrategia integral bat aktibatuko du, gai horrek Gipuzkoako industriarentzat dakarren erronka "kritikoaren" aurrean.

"Talentua erakartzeko, sortzeko eta atxikitzeko gaitasuna funtsezkoa da gure enpresen lehiakortasuna mantentzeko eta indartzeko", azaldu du diputatu nagusiak aurkezpenean. "Hazkunde eta lasaitasun une ekonomikoa bizi dugun arren, etorkizun hurbilean erronka garrantzitsuak ditugu aurrean; beraz, ezinbestekoa da zuhurrak izaten jarraitzea, ekimen zehatzak bultzatzea eta gure lurraldeak duen talentua ahalik eta gehien indartzea", gaineratu du.

2015-2019 aldiko Ekonomia Suspertzeko Planaren esparruan, industria alatak aurten, berriro ere, zenbait jarduketa lerro izango ditu (27 milioi guztira), eta horien artean daude talentua indartu eta sustatzeko ekintzak, Gipuzkoa Talent estrategian jasotzen direnak, eta horietarako aurrekontua 4 milioi euroraino handitu da aurten. Talentuaren aldeko neurri-sorta hori 16 neurri zehatzetan garatzen diren bost ekintza lerrotan artikulatzen da, eta helburua da, batetik, lan eta lanbide bizitzan murgilduta dauden langileen gaitasunak eguneratzea eta, bestetik, Gipuzkoako enpresek eta teknologia zentroek eskatzen dituzten profil espezializatuak sortzea eta erakartzea.

"Gurea bezalako ekonomia aurreratuetan, pertsonak lehiakortasunaren funtsezko faktore dira. Pertsonak dira ardatz, beren gaitasun, kualifikazio eta talentuarekin. Gainera, bilakaera demografikoa ikusita, pertsonak eta haien talentua gero eta urriagoa eta erabakigarriagoa den balio bilakatzen dira", esan du diputatu nagusiak. Azken datuen arabera, EAEn hutsik dauden kualifikazio handiko 17.000 lanpostu identifikatu dituzte, horietatik 7.000 Gipuzkoan.

Olanok adierazi duenez, "erronka kolektiboa da, eta Gipuzkoak lankidetzatik eta interkonexiotik egin behar dio aurre", eta horretarako "indarrak batzeko" deia egin du, talentua sortzeko, atxikitzeko eta erakartzeko. Koordinazio hori errazteko, hain zuzen ere, Aldundia lanean ari da enpresa-eragileekin, jakintza-eragileekin eta lurraldeko erakundeekin, talentua lortzeko hitzarmen batean.

Bost jarduketa lerro, 16 ekintza

Ekonomia Suspertzeko Planean industriara bideratutako lerroek, beraz, bost lan ildo biltzen dituzte gure enpresetan talentua bultzatzeko, eta, horien bitartez lurraldearen etorkizunerako "erronka kritiko" horri aurre egiteko "estrategia integrala" osatu nahi da. Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko diputatuak prentsaurrekoan azaldu ditu estrategia honetan aurreikusitako jarduera nagusiak, 2018an martxan jarriko dituztenak.

Lehenengo lan ildoak talentuaren ekosistema bat egituratu nahi du, talentuaren inguruan lanean ari diren erakunde guztiak bilduz (enpresa-eragileak, jakintza-eragileak eta erakundeak). Ildo horretan "ahaleginak batzea" ahalbidetuko duen talentuaren aldeko itun batean lanean ari gara, eta, horretarako, lurraldean talentuaren egoeraren jarraipen sistematikoa egingo da, eta ekosistema honen koordinazioan dihardugu, ekintzak koordinatzeko eta ekosistema hori sortu eta antolatzeko.

Bigarren lan ildoari dagokionez, talentua erakartzekoa, zenbait tresna abian jartzen ari dira: Gipuzkoa Talent web plataforma, Be Basque Talent Network sarearekin lankidetzan, harremana sustatzeko atzerrian lanean ari diren profesional gipuzkoarren eta talentu eske dauden enpresen artean. Lurraldearen marketina areagotuko da, Gipuzkoaren alderdi erakargarrienak erakusteko. Fellows Gipuzkoa ekimena, urtero egiten den deialdia nazioarteko talentu zientifikoa erakartzeko. Gipuzkoa Talent Forum, atzerrian bizi diren gipuzkoar talentuen eta enpresen arteko urteko topaketa finkatzeko. Lehenengo aldiz nazioarteko topaketak antolatuko dira talentua erakartzeko. Miramonen, Gipuzkoa Talent bulegoa martxan jartzen ari gara Gipuzkoako enpresetara eta berrikuntza zentroetara lanera etortzen diren profesionalei eta zientzialariei harrera eskaintzeko. Employer Branding ekimenak orientazioa eta laguntza eskaini nahi die enpresei erakusteko nola alda dezaketen talentuaren inguruan duten estrategia.

Hirugarren ekintza ildoak talentua sortzea eta lurraldean dagoen talentua bultzatzea du helburu; horretarako, STEAM bokazioak sustatuz, talentua garatzeko laguntzen deialdia eginez eta Talentia Gipuzkoa programa garatuz, zeinaren helburua baita lan-munduan sartzeko eta garapen profesionala lortzeko ahalmen handiena duten unibertsitariei orientazioa ematea. Laugarren ekintza ildoa talentua lurraldean atxikitzea da, batetik, enpresa-trebakuntza bultzatuz talentuaren kudeaketaren inguruan, eta, bestetik, integrazio soziokulturaleko jardueren bitartez, Gipuzkoan lan egiten duten kanpoko pertsonei harreman berriak ezartzeko laguntza emanez.

Azkenik, foru arau berri bat onartuko da, zerga pizgarriak eskainiz Gipuzkoako talentua erakarri eta errotzeko, hala zerga oinarrian  % 15eko zerga-salbuespena egingo zaie, bost urtez, lurraldeko profesional kualifikatuak kontratatzen dituzten eta lurraldean talentu espezializatua errotzea lortzen duten enpresei.

Deialdi bereziak sektore estrategikoetan

Ekonomia Suspertzeko Planean aurtengo berrikuntza gisa, Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko diputatuak adierazi duenez, 2018an lehenengo aldiz deialdi bereziak egingo dira lurraldearen apustu estrategikoetan – zibersegurtasuna, elektromugikortasuna eta energiaren biltegiratzea, zahartzaroaren eta mendekotasunaren arreta, eta 4.0 gastronomia–, horien helburua izango delarik eremu horretako ekonomia ehuna garatuko duten proiektuak bultzatzea.

Lau deialdi horietarako 4.190.000 euroko aurrekontua xedatu da.

Ekonomia Suspertzeko Plana. 2018ko lan ildoak

Helburuak. Lan ildoak Ekonomia Suspertzeko Plana. 2018ko aurrekontua
1. GFA Gipuzkoako enpresen aliatua 300.000€
2. Parte hartzea eta kalitatezko enplegua 1.320.000€
3. Talentua enpresarentzat 3.960.000€
4. Dimentsioa, lehiakortasuna hobetzea eta nazioartekotzea 6.612.634€
5. Hazkunde adimendua 6.620.027€
6. Ekonomia jarduera berria 4.301.882€
7. Ingurune lehiakorra enpresen inbertsioa bultzatzeko

250.000€

8. Sektore estrategikoak 4.190.000€
 

Talentua. Lan ildoak eta jarduketak.

Lan ildoak Jarduketak
1. Talentuaren ekosistema 1. Talentuaren aldeko ituna
2. Talentuaren egoeraren jarraipen sistematikoa
3. Ekosistema koordinatzea eta bultzatzea
2. Talentua erakartzea 4. GIPUZKOA TALENT plataforma teknologikoa
5. Lurraldearen marketina
6. FELLOWS Gipuzkoa ekimenaren urteko deialdia
7. Gipuzkoa Talent Forum - urteko topaketa
8. Nazioarteko talentu topaketak
9. Harrera eta integrazio zerbitzuak
10. Employer Branding
3. Talentua sortzea 11. STEAM bokazioak
12. Talentua garatzeko deialdi berria
13. TALENTIA programa
4. Talentua atxikitzea 14. Talentuari lotutako enpresa trebakuntza
15. Integrazio soziokulturala lortzeko jarduerak
5. Talentua erakartzeko fiskalitatea 16. Talentua erakarri eta atxikitzeko zerga pizgarriak

 

  

1559