Breadcrumb

Asset Publisher

Back Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Bazkundeak indarrak batu dituzte lurraldeko ETEen nazioarteko dibertsifikazioa sustatzeko

Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Bazkundeak indarrak batu dituzte lurraldeko ETEen nazioarteko dibertsifikazioa sustatzeko

· Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Mauri Arregui Bazkundeko lehendakariak Europako ekonomiaren geldialdiaren testuinguruan "kanpoko merkatu berrietara irekitzen lagundu beharra" azpimarratu dute. · Bi erakundeek jakinarazi dute Arrasaten lankidetza-hitzarmena berritu dutela, Ternuako instalazioetara egindako bisitaldi batean. Enpresa baten hazkundean nazioartekotzeak duen "rol motorraren" adibide argitzat jo dute.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Bazkundeak lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizean, Gipuzkoako ETEen nazioarteko dibertsifikazioa sustatzeko. Dokumentua berritzea Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Mauri Arregui Gipuzkoako Bazkundeko lehendakariak sinatu dute. Ternua Group-ek Arrasaten dituen instalazioetara egindako bisitaldian sinatu dute hitzarmena, iaz, enpresa hori izan baitzen ekimenaren onuradunetako bat. Egitasmoaren helburua da Gipuzkoako enpresen presentzia kanpoko merkatuetan "sendotzea eta zabaltzea", "lehiakortasunerako eta hazteko aukerak sortzeko" tresna gisa.

Hitzarmenaren xede nagusia da Gipuzkoako ETEen merkatu berrietara irekitzeari eta nazioarteko dibertsifikazioari "bultzada handi" bat ematea, egungo testuingurua eta, horren barruan Europako ekonomiaren geldialdia eta ziurgabetasun geopolitikoen areagotzea bezalako faktorean kontuan hartuta.

Ternua ehungintza-enpresak Arrasaten dituen instalazioetara egindako bisitan, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Mauri Arregui Bazkundeko presidenteak bi erakundeek aurten ere sinatu duten programaren berri eman dute. Programa horrek, azken 3 urteetan, 395 enpresari lagundu die nazioarteko merkatuetara irekitzen. Baterako lan horretarako aurreikusitako ekintza-planak bost ekintza-ildo espezifiko biltzen ditu, eta horiekin hurrengo hilabeteetan 230 enpresa gehiago babestea aurreikusten da. Mendoza eta Arregui bat etorri dira honako konpromiso honekin: "Gure sare ekonomikoaren nazioartekotzea sendotzeko lanean jarraitzea, batez ere gure ETEena, eta gure lehiakortasunari eustea, ezinbestekoa baita ziurgabetasun handiko testuinguru ekonomiko batean, zeinari Europako ekonomiaren geldialdia eta ezegonkortasun geopolitikoa gehitu behar zaizkion".

Ternua Groupeko presidenteak, Juan Luis Lasak, enpresaren nazioarteko lanari buruzko xehetasunak eman dizkie Aldundiko eta Ganberako ordezkari nagusiei, eta baita, besteak beste, Ane Insausti Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatuari eta Javier Zubia Gipuzkoako Ganberako zuzendariari ere.

Ternua Groupek, Ternua, Lorpen, Astore –kirolean eta ‘outdoor’ jardueran dihardutenak–, Loreak Mendian (moda) eta Ternua Workwear (laneko arropa) markak biltzen dituenak, urte batzuk daramatza nazioartekotze estrategia batean murgilduta, eta, horren bidez, iaz bere fakturazioaren % 33 kanpoko merkatutik etortzea lortu zuen. “Kanpoko merkatuetara ateratzea hazkunderako motor nagusietako bat izan da

enpresarentzat, eta duela hamarkada bat baino gehiago hasi genuen prozesu hori. Frantzia, Italia eta Alemania-Austria ardatza eta Suitza dira, Ameriketako Estatu Batuekin eta Kanadarekin batera, eta Japonia eta Taiwan, Asian, gure lehentasunezko merkatuak, eta 2.000 saltokitik gora ditugu berrogeita hamar herrialde baino gehiagotan. Era berean, garrantzitsua izan da gure salmenta-kanalen eraldaketa digitalaren alde egin dugun apustua, hazkuntza, posizionamendu eta lehiakortasunerako estrategiaren zati gisa”, Juan Luis Lasak adierazi duenez.

Eider Mendozak azpimarratu duenez, Ternuaren ibilbideak argi eta garbi erakusten du nazioartekotzeak enpresa baten hazkundean duen "rol motorra": "Are gehiago, gaur egungo testuinguruan, gure ekonomiarako bi merkatu nagusiak –Frantzia eta Alemania– moteltzen ari direlako, eta ezinbestekoa delako Gipuzkoako enpresa-sareak nazioarteko merkatuetan dibertsifikatzea eta alternatiba berriak bilatzea. Lankidetza honen bitartez, gure lurraldeko enplegu osoaren % 63 osatzen duten enpresa txiki eta ertainentzako tresnak erraztu nahi ditugu, nazioarteko merkatuetara irekitzeko prozesuari indar osoz eta berme guztiekin aurre egin diezaioten, eta, aldi berean, ahalegin horrek haien lehiakortasuna eta enpresa-proiektuen hazkundea ekar dezan”, azaldu du.

“Gipuzkoak aurrera egiten jarraitu behar du ongizatera bideratutako ekonomia, lehiakorra eta berritzailea, aukerak sortzen dituena, indartzeko bidean", adierazi du Mendozak, eta horretarako ETEen “lehiakortasun-gaitasunak eta –aukerak” sustatzearen alde egin du. "Enpresei laguntzea, batez ere enpresa txikiei, etapa eta erronka guztietan, gure ekonomiak modu orekatuan hazten jarraitzea esan nahi du, gure gizarte osoaren eta haren ongizatearen etorkizunean inbertitzea esan nahi du", gaineratu du.

Horri dagokionez, Mauri Arreguik azpimarratu du enpresen nazioartekotzeak duen garrantzia, ekonomia sendoagoa eta enpresa lehiakorragoak izatea ahalbidetzen duen estrategia gisa: "Gipuzkoako ekonomia une zailetan egokitzeko gaitasuna erakusten ari da, eta horren erakusgarri da Gipuzkoako esportazioak 2024an 2023an erregistratutako errekorraren oso antzeko mailak lortzen ari direla, Gipuzkoako enpresak Estatu Batuak, Mexiko, Australia eta Brasil bezalako merkatuetan sartzeko duten gaitasunari esker", adierazi du Gipuzkoako Bazkundeko lehendakariak.

Ekintza-ildoak

Aurreikusitako ekintzen artean, lankidetza, lehenik eta behin, "Market eSupport" izeneko lan-ildoaren bidez garatuko da. Lan-ildo horren helburua nazioarteko merkatuetan industria-enpresa esportatzaileei laguntzea da, beren merkataritza-estrategiaren "offline" dimentsioa osatuko duen online ikusgarritasuna eta presentzia lor dezaten. Edizio honen helburua da industria azpikontratistako ETEak babestea, lurraldean pisu handia baitute, balio katearen barruan duten lehiakortasuna handitzeko.

Bigarrenik, "Merkatuak Zabaltzen" ekimenari eutsi zaio. Ekimen horrek ETEei laguntza espezifikoa ematen die, egungo ziurgabetasun-testuinguruaren ondorioz nazioarteko merkatuak konplexuak direnez, esportazioak dibertsifikatu eta beste merkatu interesgarri batzuetara bultzatu ahal izan ditzaten, bereziki Europar Batasunetik kanpo. Programak tresna arin eta objektibo bat ematen die enpresei, nazioartean erabakiak hartzeko. Adituen aholkularitzaren bidez, nazioarteko dibertsifikazio estrategia ezarri da, eta xede-merkatu berriak aztertu eta, ondoren, lehenetsi egin dira. Hori guztia enpresa bakoitzarentzat prestatutako epe labur eta ertaineko ekintza plan batean zehazten da.

Era berean, hirugarrenik, beste lan-ildo batzuek ere martxan jarraituko dute, hala nola "Lagundex". Zerbitzu horren helburua enpresa txiki eta ertainei aholkularitza ematea da, negozio-aukera diren esparru publiko-pribatuko nazioarteko eskaintzak egiteko. Gipuzkoako ETEei aholkularitza eskaintzen zaie zenbait eremutan (merkatuak, finantzak, legeak, zergak edo eremu teknikoa), beren eskaintza merkatura eta enpresaren ezaugarrietara egokitzeko, betiere, gure ETEek merkatu ezezagunetan hartu behar dituzten arriskuak mugatuz. Laugarrenik, ekimen horri Lagundex Operacional gehitu zaio. Bertan, parte hartzen duten enpresen aduana-prozedurak eta nazioarteko dokumentazioa aztertzen dira, eta nazioarteko operatiboa hobetzeko eta eguneratzeko gomendioak egiten dira, administrazio-izapideak arinduz, gainkostuak edo atzerapenak saihesteko.

Azkenik, BIC Gipuzkoarekin batera, enpresa sortu berrien eta oinarri teknologikoko enpresen (OTEB) nazioarteko merkataritza-garapena bultzatzen da. Programak enpresa horien nazioartekotze goiztiarra bultzatzen du, eta, horretarako, plan espezifiko bat ezartzen du enpresa bakoitzarentzat, plan horren hedapenerako eta jarraipenerako laguntza eskainiz lehenengo urtean.

  

316