Breadcrumb

Asset Publisher

Back Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuak elikagaien “azken minutuko” donazioa bultzatzen laguntzen duten enpresen lana aitortu dute

Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuak elikagaien “azken minutuko” donazioa bultzatzen laguntzen duten enpresen lana aitortu dute

Orona Fundazioa saritu dute bere laguntza bereziagatik.

2020/11/23

José Ignacio Asensio: «Elikagaien xahutzea arazo global, etikoki onartezina, sozialki bidegabea eta ekonomikoki zein ingurumenaren aldetik jasanezina».

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak antolatutako Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen barruan,  José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Belén Méndez de Vigo Gipuzkoako Elikagaien Bankuko lehendakariak, enpresa laguntzaileen lana aitortu dute “azken minutuko” programaren baitan egindako elikagaien dohaintzarengatik. Oraingoan, Orona Fundazioa saritu dute bere laguntza bereziagatik.

COVID-19aren pandemiak eragindako egoeraren ondorioz, eta gaur egun bizi dugun egoera kontuan hartuta, ezinbestekoa da Gipuzkoako Elikagaien Bankuak egin duen lana nabarmentzea. Izan ere, funtsezko eragilea da osasun-krisiak kaltetutako edo gogor astindutako familiei elikagaiak ziurtatzeko. Elikagaien Bankuak aurten arreta eskaini dien pertsonen kopurua nabarmen hazi da: pandemia aurretik 17.663 pertsonarengana iristen baitzen, eta gaur egun 20.956. Gainera, prekarietatea hainbat sektoretara iritsi ahala kopuru hori handitzen jarraituko dela aurreikusten da. Elikagaien Bankuaren kalkuluen arabera, urte amaieran % 30 haziko da eskaria 2019. urtearen aldean.

Ekitaldian, José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak gogorarazi duenez, janaria alferrik galtzean, «kontsumitu gabeko elikagaia ez ezik, haiek ekoizteko erabili diren baliabide guztiak ere alferrik galtzen dira»; esate baterako, lurraren erabilera, mantenugaiak, ura eta ekoizteko, eraldatzeko eta garraiatzeko erabilitako energia, eta berotegi-efektuko gasen emisioak. «Horrenbestez, elikagaien xahutzea arazo orokor gisa ulertu behar da, etikoki onartezina, sozialki bidegabea, eta ekonomikoki zein ingurumenaren aldetik jasanezina den arazo gisa», adierazi du Asensiok.

“Azken minutuko” programa eta COVID-19

2019an 1.084 tona elikagai inguru bildu ziren. 2020an % 25 jaitsiko dela aurreikusten da, programa hori martxoan eta ekainean eten egin baitzen, COVID-19aren osasun-krisiaren ondorioz.

Hala ere, “azken minutuko” programaren ordez, ezin izan baitzen gauzatu pandemiari aurre egiteko hartutako neurriengatik eta boluntarioen urritasunagatik, konfinamendu-aldian beste lankidetza-bide batzuk hasi ziren beste agente batzuekin, elikagaiak kolektibo behartsuenei helarazteko. Hala, DYA, Securitas Direct, Glovo eta Caritasen laguntza izan da onuradunei elikagaiak garraiatzeko; boluntariotza Kutxa Fundazioaren bidez gauzatu da; eta Gandarias Xibaritak eta Orona Fundazioak, pertsona behartsuenentzat prestatutako platerak prestatu zituzten.

Orona Fundazioaren kasuan, konfinamendu-hilabeteetan, maiatzetik urrira bitartean, 137.000 bazkari-anoa prestatu dituzte elkarteetan banatzeko, baserrietako bertako produktuetatik abiatuta. Horiek ere zailtasunak zituzten banaketa-katean, eta laguntza berezi horri sari berezia eman diote.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuak hamarkada bat baino gehiago daramate elkarlanean merkaturatu ezin diren elikagai kontsumigarriak, “azken minutukoak” deritzenak, emateko. Programa honen bidez, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak merkataritza-erakunde laguntzaileen soberakinak biltzen ditu. Horiek, merkaturatu ezin diren arren, ezin hobeto kontsumi daitezke. Elikagai freskoak dira, eta Elikagaien Bankuak egoera ahulenean dauden kolektiboekin lan egiten duten erakundeetara bideratzen ditu.

Gipuzkoa erronka baten aurrean dago; izan ere, kalkulatzen da urtean 123.000 tona elikagai inguru xahutzen direla gure lurraldeko nekazaritzako elikagai katean (% 23 xahuketari dagokionez eta % 77 galerei dagokienez). Lehen faseetako xahuketak (ekoizpena, eraldaketa eta banaketa) guztizkoaren % 30 hartzen du, eta kopuru horretatik 6.000 tona inguru dira aprobetxa daitezkeen elikagaiak.

Saritutako enpresak

Alcampo, Alpa Araso, Angulas Aguinaga, Ausolan, Carrefour, Eroski, Adarra frutak, Interal, Mercadona, Patateros Solidarios eta Uvesco.

  

1493