Foru Aldundiak eta Kevo Technologies enpresak adimen artifizialeko proiektuak eta estrategiak partekatu dituzte
Foru Aldundiak eta Kevo Technologies enpresak adimen artifizialeko proiektuak eta estrategiak partekatu dituzte
Foru Aldundiak eta Kevo Technologies enpresak adimen artifizialeko proiektuak eta estrategiak partekatu dituzte
Foru arduradunek ezagutu dute nola lan egiten duen Oiartzunen kokatutako startupak, zeinaren jarduera baita ahots sistema adimendunak garatzea
Foru Aldundiak lan-topaketa bat izan du Kevo Technologies Oiartzungo startup enpresako arduradunarekin, Prozesuen Automatizazio Robotikorako elkarrizketa-interfaze adimendunak garatzen diharduena. Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko diputatuak eta Iker Estensoro, Jon Gurrutxaga eta Iker Goiria zuzendariek Kevo Technologies enpresako zuzendari nagusi Javier Manzanoren eskutik ezagutu dituzte enpresa murgilduta dagoen proiektuak. Duela gutxi, Kevo start up proiekturik onena izendatu dute Eusko Jaurlaritzak bultzatutako eta enpresa sortu berrien azeleraziora bideratutako Bind 4.0 programan. 78 herrialdetatik etorritako 577 hautagaitzen artean egin du hori, Sidenorrerako kudeatzaile komertzial birtual bat garatzeko bere proiektuarekin.
“Adimen artifiziala (AA) giltzarria da gure ekonomia-sarea eraldatzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko, bizi dugun digitalizazio prozesuaren barruan, baita enpresa txiki eta ertainentzat ere, prozesu horretan sar daitezen lan egin behar baitugu. Gipuzkoa, bere tamainaren barruan, ondo kokatuta dago gai horretan. Baditu enpresa asko, oso gauza interesgarriak egiten ari direnak –besteak beste, Kevo–; baditu punta-puntako ikerketa-zentroak –Vicomtech, esaterako–, eta badu ekosistema zabal bat ekintzailetzari laguntzeko. Baditugu osagai batzuk garapen aukera berriak sortzeko”, azaldu du Imanol Lasa diputatuak.
Hala, aurreratu duenez, Foru Aldundia “estrategia bat hedatzera doa, adimen artifizialari lotutako enpresa-proiektuak abiaraztea bultzatzeko, Gipuzkoan”; horretarako, bere laguntza-lerroak egokituz, eta abiapuntutzat hartuz “bai arlo horretako nazioarteko esperientziarik aurreratuenen ezagutza, bai lurraldeko eragileekiko lankidetza”. Diputatuak azpimarratu du zein garrantzitsua den “ekintzailetza aurreratua” sustatzen jarraitzea Gipuzkoan. “Krisia gainditzeak eskatzen du egoerarik premiazkoenak arintzea, enplegua eta gizarte kohesioa babestuz, baina, baita ere, bistatik ez galtzea hurbileko etorkizuna, hau da, enpresa-ekimen berriak abian jartzen jarraitzea”.
Bestalde, Javier Manzanok adierazi duenez, "Kevon pentsatzen dugu adimen artifiziala ez dela teknologia bakarrik, giza jardueraren berezko alderdiekin lotutako ñabardurez beteta dagoela. Guk uste dugu adimen artifiziala ezagutza, adimena eta giza portaera ulertzetik pasatzen dela, eta horrela hori erreplikatzen saiatu, herritarren bizitza hobetzeko helburuarekin. Zentzu horretan, uste dugu Inteligentzia Artifizialak politika publikoen diseinuarekin duen harremana berez lotuta dagoela. Gipuzkoan ekosistema oso berritzailea dugu, eta nazioartean erreferentziazko proiektuak ditugu. Erakundeek eraldaketa digitaleko prozesuak azkartzeko egin duten ahalegina bere fruituak ematen ari da, eta geure burua hobeto saltzen ikasten ari gara. Hala ere, horretan lanean jarraitu behar dela uste dugu, oraindik asko dagoela egiteko".
Ahotsa, interfaze gisa
Kevok, 2018an sortuak, eta 2019an Foru Aldundiko Barnetekin programaren laguntza jaso zuenak –barne ekintzailetza bultzatzekoa–, sei langile ditu plantillan. Bere jarduera da interakzioa eta kudeaketa eskatzen duten atazetan gizakiaren ekintzak erreplikatzen dituzten elkarrizketa-interfaze adimendunak garatzea Prozesuen Automatizazio Robotikorako (RPA), horrela giza baliabideak erreserbatuz negozioari balioa emateko atazetarako. Helburua da erakunde, enpresa eta pertsonen eguneroko arazoak ahotsaren bidez konpontzea.
Horretarako, Angara deritzona garatu du, adimen artifizialean oinarritutako voicebot bat, bezeroekin komunikatzeko prozesuak automatizatzen dituena, hala nola merkataritza-kudeaketa, administrazio zereginak eta informazio lanak. Konbinatzen ditu, alde batetik, SIP teknologiak eta hizkuntza naturala prozesatzeko teknologiak, eta bestetik. machine learning, eta prozesuak automatizatzeko sare neuronalak. Gaur egun, dagoeneko ari dira Angara erabiltzen zenbait sektoretan, hala nola elikadura eta industria; adibidez, eskabideak jasotzea automatizatzeko, eta logistika hobetzeko.
Ahots-laguntzaileak erabiltzea bezeroei arreta emateko edo ahozko aginduen bidez makinak maneiatzeko, 4.0. industriaren etorkizuneko joeretako bat jotzen da. Kalkulatzen denez, 2022rako, Prozesuen Automatizazio Robotikotik (RPA) datozen aplikazioen integrazioa % 40 haziko da urtean. Dena dela, haien soluzioek hainbat aplikazio izan ditzakete arlo batzuetan, hala nola, banaketa eta retaila, turismoa, osasuna, e-commerce, marketina, administrazioa, antolakunde konplexuetan parte hartzeko prozesuak, eta Silver Economy.
Gaur egun, enpresak daukan beste produktu bat, garapen fasean dagoena, NEELO da, adimen turistikoko sistema bat (ATS), voicebot edo txatbot baten bitartez egituratua, testuan nahiz ahotsean, plataforma anitzekoa, hoteletako prezioei eta okupazioari buruzko datuetarako sarbidea duena, denbora errealean, zeina lagungarria izan baitaiteke turismo fluxuak birzuzentzeko, lurralde beraren barruan. Proiektu horrek, 2020an amaitzea espero denak, orobat aurreikusten du erabiltzailearen eskura jartzea itzultzaile bat, 67 hizkuntza baino gehiagokoa.
2275