Foru Aldundiak eta SOS Arrazakeriak tokiko politikak indartuko dituzte arrazakeria eta xenofobiari aurre hartzeko
Foru Aldundiak eta SOS Arrazakeriak tokiko politikak indartuko dituzte arrazakeria eta xenofobiari aurre hartzeko
Foru Aldundiak eta SOS Arrazakeriak tokiko politikak indartuko dituzte arrazakeria eta xenofobiari aurre hartzeko
Foru erakundeak eta elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute, ‘BERDIN arrazakeriaren aurkako sarea’ Debagoienara hedatzeko
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta SOS Arrazakeria elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute, gertuko politiken bitartez arrazakeria eta xenofobiari aurre hartu eta ekiditeko. Pasa den urtean Oarsoaldea eskualdean BERDIN arrazakeria eta xenofobiaren aurkako sarea ekimena jarri zen martxan, herri esparrutik alor honetan eragiteko. “Esperientzia honen emaitzak onak izan dira, eta horregatik jarraipena ematea erabaki dugu”, azaldu du Maribel Vaquero, Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubidetako zuzendariak. Oarsoaldeako proiektua indartzeaz gain, Debagoienara hedatzea aurreikusten du hitzarmenak.
Arrasaten aurkeztu dute akordioa eta bertan izan dira, Vaquerorekin batera, Maria Ubarretxena herriko alkatea eta Gerar Carrere SOS Arrazakeria elkarteko ordezkaria. Guztiak bat etorri dira adierazten arrazismoa eta xenofobia errotik moztu beharreko jokabideak direla, eta horretarako gizarte-kontzienziazioak duen garrantzian. “Giza eskubideen eremuan, era espezifikoan sustatu nahi ditugu diskriminazio mota hauei aurre hartzeko politiketan”, esan du foru zuzendariak.
Hitzarmenak BERDIN sarea Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga eta Oñatin hedatzea aurreikusten du. Horretarako, etorkinen elkarte eta gizarte eragile ezberdinekin harremanak estutuko dira, prestaketa ikastaroak egingo tokiko Polizia eta udaletako gizarte zerbitzuekin, kontzientziazio kanpainak bultzatu, udaletxeekin elkarlana aktibatu... Gainera, Arrasaten bertan SOS Arrazakeriaren Atentzio eta Salaketa Bulegoa irekiko da, diskriminazio salaketak erregistratu, aztertu eta kaltetuei tratamendu egokia emateko.
Hau da, sarea Debagoienan ezartzeko bidea egiten hasiko da. “Arrasaten, errespetuan eta berdintasunean oinarritutako elkarbizitza integratzaile baten alde egiten dugu eta hau betetze aldera lanean jarraituko dugu, horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuz eta herritarrei erraztasunak eskainiz” azaldu du Ubarretxena Arrasateko alkateak.
Oarsoaldean, bere aldetik, proiektua bigarren fasean sartuko da, sareko kontaktuen bitartez ekimen eta jarduera zehatzak abian jarriz. Helburua urte gutxiren buruan BERDIN sarea Gipuzkoa osoan hedatuta izatea da, betiere tokiko esperientzietatik jasotako ekarpenak ekimenera egokitu eta gero. “Garrantzitsua da guretzat proiektuaren gertuko izaera hori mantentzea, herri mailan aritzea baita herritarren kontzientziazioan eragiteko modurik eraginkorrena”, adierazi du Vaquerok.
Atzerritarren %82ak ez du salatzen
Carrerek, bestalde, Europar Batasunaren txosten baten arabera, atzerritarren %82k bazterkeria egoerarik ez dutela salatzen nabarmendu du, nahiz eta %18k delituren bat eta %37k bazterkeria jasan dutela adierazi. Hori dela eta, BERDIN bezalako ekimenen garrantzia azpimarratu du, “ezinbestekoak baitira gure eskualdean gertatzen diren arrazkeria eta xenofobia bazterkeria eta delitu egoerak argitara ateratzeko eta gizarte sentsibilizazioa areagotzeko”.
Zentzu honetan, SOS Arrazakeriaren 2016ko urteko txostenak 247 gertakari arrazista zenbatu ditu Estatu osoan, eta hauetatik ia 100 gorroto delituen kategorian, “benetako pertsonetan gizartean ezkutuan dagoen errealitatea eta Federakuntzaren lanaren oinarri den errealitate baten isla”. Carrereren iritziz, “zenbaki hauek praktikan irainak, erasoak, auzotarren arteko gatazkak edota jazarpen kasuak esan nahi dute, bizikidetza kaltetu eta delitu hauen biktima diren pertsonetan oso eragin negatiboa dutenak”. 2016ko txosten honek jasotzen dituen kasuen artean, %28 gatazka edota eraso arrazistekin daude erlazionatuta, %22,86 arrazakeria instituzionalarekin eta %18 segurtasun publikoan arazoekin.
SOS Arrazakeriako ordezkariaren hitzetan, arazoak “askoz dimentsio sakonagoa” hartzen du atzerriko pertsonek jasandako delituak salatzen ez badituzte. “Biztanle atzerritarren zati handia ez da bere eskubideen jakitun, uste dutela ez diela merezi salaketa jartzeak edota ez dira konturatzen diskriminazioaren biktima izan direnik ere”. Hori del eta, biktimek oinarrizko eskubideak ezagutzeari eta baliatzeari eragiten diola adierazi du Carrerek, eta zentzu honetan atzerritarren ahalduntzean eragiten duten politika aktiboetan sakontzera dei egin du.
2351