Breadcrumb

Asset Publisher

Back Foru Aldundiak Gipuzkoako senidetzeen ikuspegi sozio-ekonomikoa indartuko du

Foru Aldundiak Gipuzkoako senidetzeen ikuspegi sozio-ekonomikoa indartuko du

Elkarrekin programaren oinarri berriak aurkeztu ditu lurraldeko udalekin egindako topaketa batean

Foru Aldundiak lan topaketa bat egin du gaur Elkarrekin programaren inguruan, zeinaren xedea baita Gipuzkoako toki entitateek eta irabazi asmorik gabeko erakundeek beste eskualde edo herrialde ­batzuetako herri edo hiriekin trukeko senide­tzeak egitea. Foru Aldundiak 2008an abiarazi zuen ekimen hori eta, urte hauetako esperientzia aztertu ondoren, jauzi kualitatibo bat eman nahi du senidetze jarduera horiek eragin zuzena izan dezaten lurraldearen lehentasunetan, eta lurraldearen garapen ekonomikoa, soziala eta kulturala lortzen lagun dezaten, Imanol Lasa Kanpo Harremanetako diputatuak adierazi duenez.

Gaurko saioan hainbat udaletako ordezkarik parte hartu dute, eta bertan Lasak eta Kanpo Harremanetako zuzendari den Iker Goiriak Elkarrekin programaren deialdiaren berri eman dute, zeinaren bidez Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki erakundeei eta horiei lotutako irabazi asmorik gabeko erakundeei senide­tze prozesuetan lagun­tza teknikoa eta finan­tza­rioa ematen baitzaie udalerri eta hirien senide­tzea susta­tzeko eta herri eta eskualdeen arteko harremanak estu­tzeko. Foru Aldundiak finantzatuko du baldintzak betetzen dituzten proiektuen gastuen erdia, gehienez ere.

Duela gutxi onartutako Nazioartekotze Planarekin bat eginez, aldaketa batzuk egin dira oinarrietan lehentasuna emateko ez bakarrik folklorearekin edo jaiekin zerikusia duten ekimenei, baita udalaren tokiko garapenerako intereseko arloetan lankidetza sustatzen duten ekimenei ere: enplegua, hezkuntza, turismoa, merkataritza… Lasak azaldu duenez, “ikuspegi berri honekin bereziki baloratzen dugu senidetzeak udalerrian eta eskualdean eragina izatea, eta esperientzien, jakintzaren eta elkar ikaskuntzaren benetako trukea egitea, balio erantsia izango duena”.  

  

1437