Foru Aldundiak hamar milioi euro xedatuko ditu Gipuzkoaren nazioartekotzea bultzatzeko
Foru Aldundiak hamar milioi euro xedatuko ditu Gipuzkoaren nazioartekotzea bultzatzeko
Laster aurkeztuko da Nazioarteko Proiekzio Plana, Kanpo Harremanetako diputatu Imanol Lasak erakundearen bideo korporatibo berriaren aurkezpenean aurreratu duenez
Foru Aldundiak nazioartekotze estrategiaren ildo nagusiak aurreratu ditu gaur, bideo korporatibo berriaren aurkezpena baliatuz. Bideo horretako protagonistak gaur egun lurraldean bizi diren bost atzerritar dira. Estrategia hori Diputatuen Kontseiluak dagoeneko onartu duen Nazioarteko Proiekzio Planean jasoko da, eta Kanpo Harremanetako diputatu Imanol Lasak zehaztu duenez, 10 milioi euro xedatuko dira lurraldeak testuinguru globalean duen posizionamendua indartzeko.
Nazioarteko Proiekzio Planaren helburua da Foru Aldundia erakunde irekiago, erakargarriago eta eraginkorrago bihurtzea; Europa mailan aktiboa den eta erreferentziazko nazioarteko nodoekin konektatuta dagoen Gipuzkoa egitea; nazioartekotze prozesuetan indartuta dagoen Gipuzkoako ekonomia ahalbidetzea; eta Gipuzkoa lurralde solidario eta konprometitu gisa finkatzea. “Asmoa da aukera eta inbertsio berriak eta handiagoak erakartzea, esperientziak trukatzea eta mundu osoko era guztietako eragileekin aliantza estrategikoak ezartzea, globalizazioak sortzen dituen abantailak aprobetxatzea eta horrek eragiten dituen erronkei aurre egitea” azaldu du diputatuak.
Gipuzkoan gero eta eragile gehiago daude enpresa, ikasketa eta elkarte sarean, nazioarteko harremanak dituztenak askotariko eragileekin. Alabaina, diputatuaren ustez, erakundearen ekintza nazioarteko espazioetan, gehienbat, “proiektu puntualetan” eta “zeregin erreaktibo” batean gauzatu da, eta ez lurraldearen nazioarteko estrategia batean. “Joera hori aldatu nahi dugu, ahaleginak sistematizatuz gure enpresa, unibertsitate, ikerketa zentro eta elkarteei laguntzeko gure merkatuak irekitzen, talentua erakartzen eta baliagarri izan daitezkeen ezagutzak eta jardunbide egokiak trukatzen”.
Foru Aldundiaren lehentasunekin bat eginez, ekonomiaren suspertzea izango da Nazioarteko Proiekzio Planaren ildo nagusietako bat, zeinak aurreikusten baitu, besteak beste, Gipuzkoako enpresen 120 nazioartekotze proiektu bultzatzea, eta legealdi amaierarako % 34tik gorako esportazio mailara iristea, arreta berezia jarriz enpresa txiki eta ertainetan eta oinarri teknologikoko enpresa berrietan. Industria izango da apustu nagusietako bat, sektore horrek lurraldean duen pisuaren eta bultzada gaitasunaren arabera, zeina barne produktu gordinaren % 27,5 baita, Alemaniakoa baino handiagoa (% 25,7), eta Europar Batasunaren batez bestekoa baino askoz handiagoa (% 19,4).
Nazioarteko Proiekzio Planaren beste zutabeetako bat da Gobernantzarekin, Lehiakortasunarekin eta Prospektibarekin, eta Etorkizuna Eraikiz programaren lan arlo espezifikoekin (langileek enpresan parte hartzea, genero berdintasuna eta kontziliazioa, zahartzea eta hirugarren sektore soziala, kultura industriak) lotutako praktika eta sare hobeagoak bilatzea eta identifikatzea. Horren inguruan, Lasak aurreratu du Europa izango dela Gipuzkoaren erreferentzia esparru nagusia, eta hasi direla beharrezkoak diren gestioak egiten Foru Aldundia Eurocitesen sartzeko, hau da, Europa osoko politika publikoetan “garrantzitsuena eta eraginkorrena” den sare globalean, eta Arku Atlantikoko Hirien Konferentzian.
“Balio bereizgarriak”
Foru Aldundiak Gipuzkoaren proiekzioa eta sustapena egiteko lurraldearen nortasun ezaugarriak baliatuko ditu: industria, gizarte ekonomia, kultura eta ezagutza. “Lehiakortasuneko eta ongizateko palankak dira eta Planak erronka horiek lortzen lagunduko du; baina, horrez gain, nazioartekotzea bultzatzeko balio handia duten elementu bereizgarriak dira, helburua baita ez bakarrik eredu aurreratuenetatik ikastea, baizik eta ondo egiten dugun hori eta hobeto egin nahi dugun hori balioan jartzea, ezagutzera ematen garenean”.
Hain zuzen ere osagai horietan oinarritu da Foru Aldundiaren bideo korporatibo berria, Asier Altunak, besteak beste, Amama (2015) filmaren zuzendariak, egindakoa. Bideo horren helburua da Gipuzkoa sustatzea gure lurraldean bizi diren atzerritarren bizi eta lanbide esperientziaren bitartez, eta horretarako hamabost elkarrizketa egin ziren. Elkarrizketatu guztiak bat datoz ondorengo iritzietan: hemengo bizi kalitatea, naturarekiko harremana, gipuzkoarren izaera eta eskaintzen duten konfiantza, edo gastronomia. “Ditugun enbaxadore onenak dira, horien begiradak balioan jartzen baitu Gipuzkoaren muina, hau da, pertsonen aldeko, kolektiboaren aldeko eta balio sendoen aldeko apustua”, adierazi du diputatuak.
Elkarrizketatutako hamabost lagun horietatik, lau bakarrik dira bideoaren protagonista. Bideoa euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez egin da, eta Foru Aldundiko arduradunek atzerrian egingo dituzten aurkezpen, topaketa eta ekitaldietan erabiliko dute. Gaurko agerraldian, bideoaren protagonistek bere esperientzia kontatu dute:
LINA PATIÑO: Kolonbiarra, neskato bat zenean iritsi zen Eibarrera. Foru Aldundiak Bergaran duen Uliazpi zentroan lan egiten du pertsona desgaituak artatzen eta haien mugikortasuna hobetzen.
ALEJANDRA FARA: Argentinarra. Azpeitiar batekin maitemindu eta Euskal herrira etorri zen. Uliazpi lan egiten du Bergaran.
PETER BODDY: Britainiarra, 20 urte zituenean iritsi zen Donostiara. BCBL – Basque Center on Cognition, Brain and Language zentroan proiektu bat gauzatzen ari da, eta Foru Aldundia zentro horretako patronatuko kidea da.
JAIRO COSTA: Brasildarra, Musikeneko ikaslea, “eskaripeko” musika eskaintzen duen enpresa bat sortu du.
KATERINA YANNIBAS: Grezian jaioa eta Kanadan hazia, 2007az geroztik Donostian bizi da eta Deustuko Unibertsitateko irakasle da.
1446