Breadcrumb

Asset Publisher

Back Foru Aldundiak lankidetza estutu du erretirodunen kolektiboarekin

Foru Aldundiak lankidetza estutu du erretirodunen kolektiboarekin

Pentsioen inguruan, Gernikako Estatutua bete eta eskumenak eskualdatzeko eskatu du Imanol Lasak

Foru Aldundiak bere solaskidetza sendotu du erretirodunekin, haien eskaerak eta beharrizanak entzuteko, oro har, eta pentsioen problematikari heltzeko, bereziki. Imanol Lasa Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak bilera bat egin du Jose Luis Elosua, Nagusilan adinekoen elkarteko lehendakariarekin -1.000 boluntario inguruk osatua-, eta Jose Agustin Arrieta, Gipuzkoako Jubilatuen eta Pentsiodunen Elkarteko arduradunarekin. Bilera horiek ez ezik, beste topaketa batzuk ere izan dira, aurrekontu irekien prozesuan, zenbait herritako adinekoen kolektiboekin, hala nola Eibar, Getaria, Legazpi, Zumaia eta Zumarragakoekin.

Bilera horietan, aparteko garrantzia hartu du, ez bakarrik, handituz doan zahartze testuinguru batean, adineko pertsonei arreta emateko ereduak, edo kolektiboaren partaidetza handiagoa sustatu beharrak, baita ere pentsioen etorkizunak, Lasaren ustez hori da «gure gizartearen erronkarik handienetako bat, gerorako utzi ezin duguna.  Bermatu behar dugu pentsio sistema publiko bat, duina eta jasangarria, elkartasun eta gardentasun esparru batean, finantzaketa-iturri sendokoa, bai oraingo onuradunei bai gerokoei pentsio aurreikusgarri eta bidezko batzuk bermatzeko modukoa”.

Eskatu du neurri espezifikoak har daitezela gizonen eta emakumeen prestazioen zenbatekoen artean dagoen arrakala pixkanaka ezabatzen joan dadin:  «Beharrezkoa da, arlo honetan ere, borroka egin dezagun desberdintasunak desagerraraztearen alde». Orobat, gogorarazi du pentsioen gaineko aldarrikapenak «sustrai zaharrak dituela», nahiz eta pisua hartu duten azken hilabeteotan, aurre egiteko «PPren Gobernuak, bere gehiengo osoaz baliatuta, 2013an ezarritako aldebakarreko mozketari eta geroko gelditasunari. Prezioak igotzen dira, baina pentsioak ez dira igotzen, eta horrek berekin dakar kolektibo hori pobretzea, zeina bereziki larria baita pentsioak familia-ekonomia sostengatzen duenean. Ezin dugu ahaztu Gipuzkoan 65 urtetik gorako 154.000 pertsona inguru bizi direla, eta etorkizunean askoz gehiago izango direla”.

Egoera horren aurrean, diputatuak bere «gertutasuna» adierazi die Gipuzkoako erretirodunei, eta ziurtatu du Foru Aldundiak, jarraituko duela, bere eskumenetatik, apustu egiten arlo hauen alde: ekonomia-jardueraren sustapena, kalitatezko enpleguaren sorrera, jaiotza-tasaren sustapena, eta hobari fiskalak. Izan ere, helburu nagusia da pentsioen etorkizuna bermatzea eta kolektiboari laguntzea.  Gipuzkoan, 340 euroko kenkaria eskaintzen da 65 urte baino gehiago dituzten eta 20.000 euro baino gutxiago irabazten duten adineko pertsonentzat, eta 622 eurokoa, berriz, 75 urte baino gehiago dituzten eta 20.000 euro baino gutxiago irabazten duten adineko pertsonentzat. «Gure arautegiak, estatukoak ez bezala, progresibitatearen alde egiten du, eta pentsiodunik ahulenak babesten ditu, hau da, diru sarrerarik txikienak dituztenak. Ildo horri jarraituko diogu», aurreratu du.

Nolanahi ere, azpimarratu duenez, baldin eta pentsioen sistema publikoak «ongizatearen oinarrizko zutabe bat» izaten jarraituko badu, beharrezkoa da Espainiako Gobernuari eskatzea «Gernikako Estatutua bete dezala, eta berehala eskualda ditzala Gizarte Segurantzako araubide ekonomikoaren kudeaketa arloko eskumenak. Foru Aldundiak fronte komuna egingo du herritarrekin, lurraldeko erretirodunen kolektiboekin, gizarte nahiz ekonomia ehunarekin, eta euskal erakunde guztiekin, behingoz bete dadin eskaera hori», amaitu du.
  

1678