Foru Aldundiak positibotzat jo du Aralarko pista dela eta irekitako auziaren artxibatzea
Foru Aldundiak positibotzat jo du Aralarko pista dela eta irekitako auziaren artxibatzea
Epaitegiak aurreko epaia berretsi du osorik, eta Ingurumen Fiskaltzak egindako lanen "aldeko emaitzak" aipatu ditu.
Tolosako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 3. Epaitegiak Aralar mendilerroan Saltarriraino pista egiteko lanen aurka jarritako salaketa artxibatzea ebatzi du, eta osorik berretsi du auzia artxibatzeko urtarrilaren 19an emandako lehen autoaren edukia. Erabaki judiziala Eguzkik eta Landarlanek auto horren aurka jarritako erreforma-errekurtsoa ezetsi ondoren eta salaketa jarri zuten elkarteek apelazio-errekurtsorik aurkeztu ez ondoren eman da, horretarako epea amaituta.
Jabier Larrañaga Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak "oso positibotzat" jo du erabakia, azpimarratuz Justiziak "beste behin" berretsi duela “joan den legealdian Aralar Kontserbazio Bereziko Eremuaren kudeaketa hobetzeko egindako jarduerek berme guztiak bete zituztela eta naturguneen babesaren arloan indarrean dagoen araudia errespetatu zutela. Aldundiaren kudeaketari babesa ematen dio, berrio ere, eta egindako akusazioek inolako oinarririk ez dutela egiaztatzen du".
Tolosako epaitegiak honako hau dio auziaz: "Ez da ondorioztatzen arau hauste penalik egin denik, ez baita agertzen aipatutako tipo penala osatzen duten elementurik, ez eta gure zuzenbide penalean arau hauste penal gisa zehatutako bestelako jokabiderik ere"; beraz, behin-behineko artxibatze autoaren edukira jo du, eta eta haren edukia osorik berretsi du. Ebazpen horretan, Epaitegiak adierazi zuen, besteak beste, "proiektua indarrean dagoen legeriarekin bat etorriz" onartu zela; "proiektua ingurumena zaintzeko plan batekin batera" gauzatu izan dela beti; eta Aralarko Natura Baliabideen Antolamendurako Planak mota honetako proiektuak garatzeko aukera ematen duela, baldin eta Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzak baimentzen baditu, kasu honetan egin den bezala.
Diputatuak azaldu duenez, ebazpen judizialak Ingurumen Fiskaltzaren aldeko jarrera du; izan ere, Eguzkik eta Landarlanek aurkeztutako helegiteari buruzko erabakian, honako hau aipatzen du hitzez hitz: "(…) egia esan, egindako lanen emaitzak aldekoak dira eta ez datoz bat errekurtsogileek agerian jarritako errealitatearekin". Behin-behineko artxibatze autoan epaitegiak jada bermatu zuen tesi hori eta bertan adierazi zuen proiektuak EAEko "Ingurumena Zaintzeko Plana" bete duela, eta ez dela "eragin kaltegarririk edo nabarmenik izan, ingurumenari eta, bereziki, Parke Naturalaren osotasunari, haren habitatei eta intereseko espezieei eragiten dienik".
Larrañagak azpimarratu duenez, Justiziak hartutako erabakiek “babes juridiko garbia” suposatzen dute proiektuarentzat, “bai formari dagokionez, indarrean dagoen legedia eta gardentasun mekanismoak errespetatu baitu, bai edukiari dagokionez. Proiektu horri esker, nabarmen hobetu dira inguru horretan bizi eta lan egiten duten 125 pertsona baino gehiagoren baldintzak, eta irisgarritasun arazoak konpondu dira. Horrez gain, lagundu du mantentzen artzaintza eta abeltzaintza jarduerak, mendeetan zehar habitat honetan egon direnak, eta Aralarren balio natural, paisajistiko eta kulturalak babesteko funtsezkoak direnak, gipuzkoar guztien ondasuna, alegia. Inguruko larreak mantentzea bultzatu du, haien kudeaketa jasangarria sendotuz eta mendiaz eta naturaz gozatzen dutenen segurtasuna hobetuz".
Hori dela eta, diputatuak adierazi du Aldundiak, bere eskumenen barruan, sarbideak, hornidura edo txabolak hobetzeko jarduerak egiten jarraituko duela. "Nekazaritzak, artzaintzak, basoen kudeaketak edo abeltzaintzak belaunaldien aldaketa eskatzen duten une honetan, erakunde gisa dugun zeregina aldaketa hori erraztea da, eta ez oztopo gehiago jartzea. Aralarren artzain eta abeltzainen lana ezinbestekoa da mendiko larreen kontserbaziorako. Gipuzkoaren etorkizuna ezin da ulertu lehen sektore aktibo bat gabe, kalitatezko elikagaiak eta lehengaiak hornitzeko, paisaia eta ingurumena kontserbatzeko eta klima aldaketari aurre egiten laguntzeko gai dena, eta, beraz, haren iraupena bermatzea lehen mailako erronka da".
«Justiziaren instrumentalizazioa»
Salaketa jarri zen Arantxa Ariztimuño Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendariaren aurka, garai hartan Ingurumen zuzendari zen José Felix Asensio zenaren aurka, eta José Miguel Santamaría Enirio-Aralar Mankomunitateko aurreko presidentearen aurka. "Justiziak berriro berretsi du hartutako erabakiak zuzenak izan zirela, inplikatutako erakunde eta eragile guztien –Enirio-Aralarreko Mankomunitatea, Aldundia, Batzar Nagusiak…– adostasunez hartu zirela, eta guztien onura bilatzen zutela. Oso larria iruditzen zaigu bide penaletik akusatu izana, inolako funtsik gabe eta neurriz kanpo, izen ona zikinduz eta trantze pertsonal eta politiko oso gogor batera behartuz, sorgin ehiza bihurtu dena".
Azkenik, diputatuak azpimarratu du "gai hau judizializatzeko saiakerak antzuak izaten ari direla", eta "bide hori behin eta berriz erabiltzen dutenei" eskatu die "hausnartzeko", “Justiziaren erabakiak errespetatzeko” eta "eraso politikorako Justizia instrumentalizatzeari uzteko".
1606