Breadcrumb

Asset Publisher

Back Foru Aldundiak zeharkako eta irismen handiko politikak jarriko ditu martxan klima aldaketari aurre egiteko

Foru Aldundiak zeharkako eta irismen handiko politikak jarriko ditu martxan klima aldaketari aurre egiteko

Asensiok iragarri du estrategiaren zirriborroa 2017ko lehen seihilekoan prest egongo dela

2016/11/30

José Ignacio Asensio: “Denbora amaitzen ari da eta beharrezkoa da erantzukizun politikoa onartzea. Gipuzkoak zerbait egin behar du isurketak gutxitzeko eta klima aldaketaren estrategiaren helburuak betetzeko".

Ingurumen Departamentuak klima aldaketaren estrategia berriaren nondik norakoak aurreratu ditu.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen Diputatuak agerraldia egin du gaur Batzar Nagusietan berak eskatuta, bere departamentua egiten ari den Klima aldaketaren estrategia berriaren nondik norakoak azaltzeko. Gainerako erakundeetan burutu beharreko ekintza eta planek oinarrizkoak izan behar dute. Departamentuak programa hau aurrera eramateko  661.000 euro izango ditu guztira 2017an.

Asensiok azaldu du Gipuzkoa zaurgarria dela klima aldaketaren eraginen aurrean, izan ere, mendialdeak eta itsasertzak aldaketa horrekiko sentibera den ekosistema osatzen dute. Era berean, nekazaritza, basogintza, arrantza eta turismoa motor ekonomiko gisa duten udalerri ugariz osatuta egotea klima aldaketarekin oso sentiberak diren aldagarriak dira, baita %94an kalkulatu den kanpoko energiarekiko mendekotasun altua izatea ere.

Asensiok ziurtatu du “denbora agortzen ari dela eta beharrezkoa dela erantzukizun politikoa onartzea eta Gipuzkoarako klima gobernantzako eredua zehaztea, departamentuen eta erakundeen arteko zeharkako eta irismen handiko politiken bidez”. Helburua Europar Batasunak ezarritako helburuak betetzea da, 2030erako Negutegi Efektua duten gasen isurketa %40 gutxitzea eta 2050erako %80ra iristea, 2005eko mailak erreferentzia gisa hartuta.

Helburu horrekin, Gipuzkoak sektorekako politikei eta sentsibilizazio ekintzei eutsi behar die, erakundeen eta eragile ekonomiko eta sozialen lan bateratua erraztuko dutenak: “Itunak sortu eta ekonomia berdearen sektorea indartzea eta ohiturak, jarrerak eta arauak aldatzea da kontua, kudeaketa eraginkorrerako eta gardenerako mekanismoekin”, esan du Asensiok.

Programaren helburuak honakoak dira: karbono gutxiko eredu energetikoaren aldeko apustua egitea; isurketarik gabeko garraioa sustatzea; lurraldearen, ingurunearen eta lehen sektorearen eraginkortasuna areagotzea eta emisioak gutxitzea; hiri hondakinen sorrera gutxitzea eta tratamendurik gabeko zero isurketa lortzea; arriskuei aurrea hartzea; berrikuntza, hobekuntza eta ezagutza transferentzia sustatzea; eta administrazio publiko erantzule eta eredugarria izatea aldaketa klimatikoari dagokionez. Horretarako, Departamentuak behatoki bat eta lurralde mahai bat eratuko ditu, aldaketa klimatikoari aurre egiteko.

  

1530