Breadcrumb

Asset Publisher

Back Foru Ogasunak 253 milioi euro azaleratu zituen 2017an zerga iruzurraren aurkako borrokan

Foru Ogasunak 253 milioi euro azaleratu zituen 2017an zerga iruzurraren aurkako borrokan

Pasa den urtean aurrekoan baino %18,2 gehiago azaleratu zen

2018/04/12

 

Gipuzkoako foru Ogasunak 253,4 milioi euro azaleratu zituen 2017an zerga iruzurraren aurkako borrokan, aurreko urtean baino %18,2 gehiago. Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak, Jabier Larrañagak, datuaren garrantzia azpimarratu du, aurreikuspenak gainditu dituela nabarmenduz, baina likidazio kopuruari zein azaleratutako kantitateari dagokionean. Foru arduradunak gogoratu duenez, zerga iruzurraren aurkako borroka Foru Aldundiak legealdi honetan dituen helburu estrategikoen artean dago eta, hori dela eta, Ogasuneko departamentua fronte guztietan ari da lanean. “2017an gizarte kontzientziazioan sakontzeko apustu nabarmena egin dugu, hau baita zerga ihesari aurre egiteko modurik eraginkorrena”, azaldu du.
Larrañaga, Ogasuneko foru zuzendari den Jokin Peronarekin batera, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza batzordean agertu da gaur, pasa den urtean egindako lanari buruzko azalpenak eman eta aurtengo Egiaztapen Plana aurkezteko. Foru arduradunak aipatutako 253,4 milioi euro zifra honela xehatu du: 55,8 milioi Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) eta Aberastasuna eta Fortuna Handien gaineko Zergan (%22); 47 milioi Sozietateen gaineko Zergan (%18,6); 124,8 milioi Balio Erantsiaren gaineko Zergan (%49,2); eta gainerako 25,8 milioi euroak beste zergetan (%10,2). 
Zifra hauek azken urteetan izan duten bilakaerari erreparatuz, foru diputatuak azaldu du azaleratutako iruzurraren zifra jaitsi egin zela 2016an, aurreko urtean amaitu baitziren SPEekin erlazionatutako espediente handiak, Sozietateen gaineko Zergaren esparrua nabarmen igoarazi zutenak. “Ezohiko elementu honen efekturik gabe, 2016 eta 2017an normaltasunera itzuli gara eta, honela, gure apustua izan da ekiditea gure ahalegin guztiak puntu bakar-batean zentratzea eta ahalik eta eremu ezberdin gehienetara iristea”, azaldu du Larrañagak, Balio Erantsiaren gaineko Zergan (BEZ) izandako emaitzak onak nabarmenduz.  
Gehitu duenez, 2017an guztira zerga iruzurrarekin lotutako 94.049 esku-hartze  egin ziren, aurreko urteko zifrak gaindituz zerga guztietan. Hauetatik, 67.252 likidazio egin ziren. Gauzak honela, bai likidazio kopuruak zein azaleratutako iruzurraren kantitateak gainditu egiten dituzte departamentuak pasa den urterako egindako aurreikuspenak. “Alor honetan, aldaketa kualitatibo nabarmena emateko apustua egin dugu eta honek, kasu batzuetan, ez du eragin zuzena zifra hauetan”, esan du Larrañagak, alokairu turistikoen adibidea jarriz. “Baina zerga iruzurraren gaiari etorkizuneko ikuspegi batekin ari gara eusten, epe motza ertain eta luzearekin lotuz, eta ziur nago egiten ari garen jarduketek izango dutela eragina gizartearen kontzientziazioa areagotzen”, azpimarratu du. 

Egiaztapen Plana 2018
Ogasun eta Finantza batzorde berean, aurtengo Egiaztapen Planaren lerro nagusiak ere aurkeztu dituzte foru arduradunek, zerga iruzurraren arloan dauden egitasmo nabarmenenak biltzen dituen dokumentua hain zuen. Larrañagak azaldu du Ogasunak kontzientziazioaren aldeko apustuarekin jarraituko duela, ikastetxe, unibertsitate, uda ikastaro eta abarretan egiten ari den egitasmoei jarraipena emanez, eta baita lurraldeko eragile ekonomiko nagusienen konplizitatean sakontzen ere. Berehalako Informazio Horniduraren (BIH) proiektua ere nabarmendu du, eta baita garapen fasean dagoen kutxa erregistratzaileen kontrolarena ere. 
Zerga iruzurrari aurre egiteko baliabideei dagokionean, Ogasuneko diputatuak gogoratu du legealdi hasieran 45 plaza gehiagorekin indartuko zela arlo hau. “26 jada gure lan taldetan daude, eta espero dugu geratzen direnak aurten bertan izatea gure artean”, esan du. Euskarri informatikoen atalean, bere aldetik, foru Ogasuna Zerga, Big Data eta Kontua proiektuetan ari da lanean, prozesuak automatizatu eta erakundearen eraginkortasuna nabarmen hobetuko duten erremintak. Gainera, erakunde arteko elkarlan eta nazioarte mailako akordioetan ere jarri du azpimarra. Hauei esker, adierazi duenez, “administrazio arteko tarteak itxi eta dauden iruzur poltsei aurre egitea lortzen ari baikara”. 
Azkenik, Ikuskaritzatik aurreikusten diren lan lerroen atalean, Larrañagak esan du apustua dela gaur egungo zenbait erronka nagusiri eustea. “Alde batetik, Ogasunak kalean duen presentzia areagotuz; bestetik, iruzur era sofistikatu eta konplexuagoak borrokatuz, nazioarteko tramak esaterako”, azaldu du. Kudeaketa arloan, bere aldetik, alokairu turistikoen gaineko kontrolarekin jarraituko du, pasa den urtean 740 honelako etxebizitza detektatu eta erregularizatu ostean.

  

2668