Foru Ogasunak azken 35 urteak hartuko ditu kontuan 1979 baino lehen mutualitate batean kotizatu zutenei dagokien PFEZaren murrizketa kalkulatzeko
Foru Ogasunak azken 35 urteak hartuko ditu kontuan 1979 baino lehen mutualitate batean kotizatu zutenei dagokien PFEZaren murrizketa kalkulatzeko
Foru Ogasunak azken 35 urteak hartuko ditu kontuan 1979 baino lehen mutualitate batean kotizatu zutenei dagokien PFEZaren murrizketa kalkulatzeko
Auzitegi Gorenaren 20/2024 (AGS 47/2024) epai berria juridikoki aztertu ondoren, Foru Ogasunak kalkulua egingo du irizpen horren ildotik pentsioaren % 100era iristea ahalbidetu zuten kotizazioak gertatu ziren aldia kontuan hartuta
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza departamentuak erretiro edo baliaezintasun pentsio bat jasotzen duten eta 1979. urtea baino lehen lan mutualitate batean kotizatu zuten pertsona guztiei dagokien murriztapena kalkulatuko die Auzitegi Gorenaren 255/2023 epaiarekin bat. Orain arte gai horrekin lotuta argitaratutako epai guztiak juridikoki aztertu ondoren, eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorretik jasotako informazioa kontuan hartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak, kalkulua egiteko, 20/2024 epaia hartuko du kontuan. Epai horren arabera, pentsioaren oinarriaren % 100era iristea ahalbidetu zuten kotizazioak hartu behar dira kontuan, lan-bizitza osoaren aldiaren ordez.
Auzitegi Gorenaren epaiak ezartzen duenez, 1978ko abenduaren 31ra arte lan-mutualitateetara ekarpenak egin zituzten pentsiodunen kasuan, zergapetze bikoitza gerta liteke, kotizazio hori ezin baitzuten PFEZaren zerga-oinarrian murriztu. Hori dela eta, Auzitegi Gorenak ezartzen du Gizarte Segurantzatik kobratzen den pentsioari PFEZari buruzko Foru Arauaren 7. xedapen iragankorra aplika dakiokeela. Horren arabera, murriztu ez diren ekarpenen zenbatekoa zehazterik ez dagoenez, % 25eko murrizketa aplikatzen zaio 1979a baino lehen mutualitate horri emandako aldiaren proportzioari.
Epaia aplikatu behar zaien pentsiodun guztiek kalkulu hori kontuan hartuta dagokien zenbatekoa jasoko dute, bai zerga-informazioan, bai 2023ko errenta-kanpainari buruzko proposamenean eta automatikoki aplikatuko zaie. Gipuzkoako Foru Ogasunak uste du 100.000 pentsiodun inguru izango direla beren pentsioaren integrazioan murrizketa izango dutenak.
Aurreko lau urteetako (2019, 2020, 2021, 2022) aitorpenen berrikuspenari dagokionez, zenbateko horren erreklamazioa Ogasuneko bulegoetan eta online eskuragarri dagoen dokumentua betez egin beharko da, orain arte egin den bezala. Eskaera hori dagoeneko egin duten pentsiodunek ez dute murriztapena berriro eskatu beharko aurreko lau urteetarako.
2023ko errenta-kanpainako autolikidazio proposamenik jasotzen ez badute, zerga informazioan sartu ahal izango dira lan etekinen koadroa aztertzeko errenta kanpainaren webgunean eta 2024ko apirilaren 11tik aurrera aitorpena Internet bidez aurkeztu ahal izango dute. Aitorpena presentzialki ere aurkeztu ahal izango dute, 2024ko apirilaren 16tik aurrera.
Baldintzak
Lan mutualitateei buruzko Auzitegi Gorenaren 2023ko otsailaren 28ko 255/2023 epaia aplikatuz, preskribatu gabeko ekitaldietan aurkeztutako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) aitorpenak zuzentzeko bete behar diren baldintzak:
- Gipuzkoako PFEZaren zergaduna izatea
- Erretiro edo desgaitasun pentsioa jasotzea
- 1979/01/01 baino lehen lan egin izana
- Lan egin zen enpresak lan mutualitate batean kotizatu behar izan zuen (betekizun hori Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrarekin ziurtatuko da)
Preskribatu gabeko ekitaldietan zenbatekoa erreklamatzeko urratsak (2019-2022)
- Aurreko urteetako PFEZaren aitorpenak aldatu ahal izateko, zuzenketa eskaera aurkeztu behar da nahitaez.
- 2019ko ekitaldiko autolikidazioa berrikusteko eskaera 2024ko uztailaren 29ra arte eska daiteke.
- Eskaera bakoitza banan-banan aztertuko da.
- Ez da beharrezkoa lan bizitzari eta ekarpenak egin ziren mutualitateari buruzko justifikazio dokumentaziorik aurkeztea (informazio hori Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekin baliozkotuko da) halakorik ez badago, eskaera egin ahal izango da.
Eskaera egiteko formularioak Ogasun eta Finantza Departamentuko Herritarren Arretarako bulegoetan daude eskuragarri, baita online ere Zergabidea-idatzizkoak plataformaren bidez: ZergaBidea - Gipuzkoako Ogasun Foralaren betebehar fiskalak betetzeko hodeian dagoen plataforma.
5860