Garraio publikoa sustatzeko hitzarmena sinatuko dute Irungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak
Garraio publikoa sustatzeko hitzarmena sinatuko dute Irungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak
Hiriak 172.900 euro jasoko ditu MUGI sistemako udalerri guztientzat irekitako Aldundiaren finantzaketa-ildoaren barruan
José Antonio Santano Irungo alkateak bilera izan du gaur goizean Rafaela Romero Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurraldearen Antolamenduko diputatuarekin. Bisitaren bidez garraio publikoa sustatzeko bi erakundeen artean sinatzeko proposatutako hitzarmena ezagutzera eman nahi izan dute.
Mugikortasun eta Lurraldearen Antolamenduko Departamentuak sustatu duen hitzarmen-proposamenak 4 urteko iraunaldia du, eta 1.354.733 euroko dirulaguntza-ildo bat izango du urtean, egun MUGI sistemaren parte diren Gipuzkoako 11 udalerrien artean banatzeko, mugikortasun-erronkei erantzun diezaieten. Iruni dagokionez, 172.900 euroko zenbatekoa esleitu zaio.
José Antonio Santanok eskerrak eman ditu, «horrelako laguntzak beti dira ongietorriak», eta oso ondo baloratu du «erakundeen arteko lankidetzan egindako urrats hau, kasu honetan mugikortasunaren esparruan eta Mugi sistemaren eskutik. Argi geratu da oso ekimen erabilgarria dela, eta gero eta presenteago dago gure lurraldean eta gure hirian. Irunen, Mugin parte hartzeaz gain, mugikortasuna da gure apustu handietako bat, begirada jasangarritasunean jarrita. Aitzindariak izan gara linea oso bat ibilgailu elektrikoekin eskainita, eta orain bide beretik jarraituko dugu 2. linearekin, berretsi berri diren Europako laguntzei esker. Gainera, hasiak gara jada Hiriko Mugikortasun Jasangarriaren Plan berria idazten».
Bestalde, Rafaela Romerok nabarmendu duenez, hitzarmenaren ekimen honek «Gipuzkoako mugikortasun berri baten balioa aitortzen du. Lurraldebus eta MUGIrentzako baliabideak bermatzeaz gain, lankidetza ekonomiko eta politiko berri bat abiarazi du MUGI sistema darabilten udalerriekin: 1.354.733 euro garraio publikoa sustatzeko, elkarrekin garraio publikoa hobetzeko, garraio pribatuaren aurretik herritarrentzako aukera onena izan dadin»..
Helburua hiriko garraio publiko irisgarriago, unibertsalago eta eraginkorragoa garatzen laguntzea da, MUGI sisteman parte hartzen dute udalerrietan. Gainera, udalei aukera emango die beren udalerrietako hiriko garraioaren defizitari aurre egiten, Lurraldebuseko geltokien mantentze-lanetan inbertsioak egiten eta mugikortasun-planen garapenarekin lotutako ekintzak eta programak ezartzen.
Aldundiko Mugikortasuneko arduradunek azaldu du, gainera, MUGI sisteman integratutako udalerriak Gipuzkoarako nahi dugun mugikortasunaren adierazgarri direla: «jasangarria, bizkorra eta eraginkorra, gizartearen eta lurraldearen kohesioa eta herritarren bizi-kalitatea bermatuko dituen garraio publikoarekin».
Romeroren hitzetan, hitzarmen-proposamen hau «ziklo-aldaketa bat da, puntu eta bereiz egin dugu. Etapa berri bat MUGI sisteman, garraio publikoa indartzeko, aukerarik onena baita autoarekin alderatuta. Udalekin batera, intermodalitatea defendatzen dugu, bai eta txartel bakarra ere, MUGI txartela, hain zuzen. Eskubideak birkargatzen dituen txartel bat, gehien erabiltzen dutenek kostu txikiagoa ordaindu behar dute eta». Horrez gain, Aldundiko Mugikortasuneko arduradunak Irunek garraio publikoaren alde erakutsi dituen lidergoa eta konpromisoa nabarmendu nahi ditu. «Lokaletik mugikortasun jasangarriaren alde egiten duen hiri baten adibide bikaina zarete, dudarik gabe. Gaur hitzarmen hau sinatuta, Udalekin dugun erakunde arteko lankidetzaren eredua indartzen da, kasu honetan Irunekin, eta hiri honek garraio-zerbitzu propioa dauka. Irunek 172.900 euro jasoko ditu urtero datozen lau urteotan, irundar guzti-guztien eskubideak eta ongizatea bermatzeko eta indartzeko, mugikortasun jasangarriari dagokionez».
1826