Raúl Guerra Garridori omenaldia “Cacereño“ nobela argitaratu zeneko 50. urteurrenean
Raúl Guerra Garridori omenaldia “Cacereño“ nobela argitaratu zeneko 50. urteurrenean
Omenaldia da literatura-kalitateari eta urterik beltzenetan izan zuen konpromiso etikoari.
Itxaso: “Omenaldia da aitorpen bat egitea Raúl Guerra Garridoren literatura-kalitateari, baina, baita ere, indarkeriaren urterik beltzenetan izan zuen konpromiso etikoari. Gipuzkoak eta Euskal Herriak zor bat daukate intelektual eta artista askorekin, ez ikusiarena egin baitzaie askatasunaren defentsan izandako konpromisoagatik”.
2019an betetzen dira berrogeita hamar urte Cacereño nobela argitaratu zela: Espainiako narratiba garaikideko obrarik garrantzitsuenetako bat. Urteurren hori dela kausa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak omenaldi bat egin behar dio Raúl Guerra Garrido idazleari, zeinarengan bat egiten baitute, alde batetik, literatura-merezimenduak (Letren Sari Nazionala eta Nadal Saria), eta bestetik, ETAren indarkeria terroristaren urterik beltzenetan izan zuen jarrerak, askatasunaren nahiz giza eskubideen defentsan konprometitutako intelektualarenak, alegia.
Omenaldia datorren martxoaren 27an izango da, Foru Jauregiko areto solemnean: Jargi Aretoan. Ekitaldian, bere obra eta bizi-lekukotasuna aitortuko zaizkio egileari; orobat, presente eta partaide izango dira kultura eta literaturako ordezkari gailen ugari. Laudatioa Fernando Aramburuk egingo du, Patria eleberriaren egileak, zeinak Raúl Guerrarekin dituen loturak ez baitira bakarrik adiskidetasunezkoak, baizik eta literatura-harreman sakon bat eta ETAren indarkeriaren aurreko konpromiso berbera.
Gipuzkoako Foru Aldundiak nahi luke omenezko ekitaldi hertsitik harago joatea Raúl Guerra Garridoren figurari eta obrari egingo zaion aitorpena, eta baliagarria izatea hedadura handiago bat emateko beraren literatura-obrari eta beraren konpromiso etikoa sostengatu duten ideiei. Helburu horrekin, lagundu egingo zaio Cacereñoren edizio kritikoari, euskarara itzuliz: garrantzi handiko lantegi bat, zabalkundea izan dezan eta hezkuntza-eremuan presentzia izan dezan. Edizio kritikoa Alcala de Henares Unibertsitatea egitean ari da Fernando Larraz irakaslearen zuzendaritzapean.
Edizio kritikoaz gain, Kultura Departamentua argitalpen berezi bat prestatzen ari da omenaldirako, Ramon Etxezarreta idazleak koordinatzen duena, non parte hartu duten intelektual eta idazle entzutetsuek, hala nola Anjel Lertxundi, Santiago Aizarna, Arantxa Urretabizkaia, Lourdes Oñederra, Edurne Portela, Ramon Saizarbitoria, Luisa Echenique eta Jon Juaristi. Egileek beren testuetan Raúl Guerra Garridoren obrari eta ibilbideari buruz duten ikuskera pertsonala papereratuko dute. Alderdi grafikoaz argazkilari ospetsu batzuk arduratuko dira, zeintzuek irudi esanguratsuz ilustratuko baitute Euskal Herriaren oraintsuko historia.
Amaitzen ari da, halaber, dokumental baten errealizazioa, Euskal Telebistarekin lankidetzan, non nobelako jokaleku nagusiak errepasatuko diren eta pertsona ospetsu batzuek idazlearen ibilbide literario, intelektual eta bitalaren lekukotza emango duten.
Itxasok ziurtatu duenez, “omenaldia da aitorpen bat egitea Raúl Guerra Garridoren literatura-kalitateari, baina, baita ere, indarkeriaren urterik beltzenetan izan zuen konpromiso etikoari. Gipuzkoak eta Euskal Herriak zor bat daukate intelektual eta artista askorekin, ez ikusiarena egin baitzaie askatasunaren defentsan izandako konpromisoagatik”.
1792