Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gasteiz eta Bilborako joan-etorriak 45 euroko gastu mugan egingo dituzte Gipuzkoarrek

Gasteiz eta Bilborako joan-etorriak 45 euroko gastu mugan egingo dituzte Gipuzkoarrek

2018ko urtarrilaren 1etik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduko ditu Bizkaia eta Araban AP-8 eta AP-1 autobideetan erabiltzaile gipuzkoarrek egingo dituzten joan-etorri mistoak

2017/11/24

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretarako foru diputatuak AP-8 eta AP-1 autobideen erabiltzaile gipuzkoarrei aplikatuko zaien lurralde arteko gastu muga berriari buruzko xehetasunak aurkeztu ditu Batzar Nagusietan. 2018ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean eta, data horretatik aurrera, Bizkaia eta Araban, AP-8 eta AP-1 autobideen erabiltzaile diren gipuzkoarrek 45 euroko gastu muga izango dute. Gastu muga horren onuradun izateko “Abiatu-ren erabiltzailea” izan behar dela azpimarratu du Oiarbidek. “Neurri honek onura ekarriko die, bereziki, ia egunero AP-1 eta AP-8 erabiltzen dituzten 5.000 bat gipuzkoarrei. Herri txikia gara, eta garrantzitsua da herritarren arteko harremana indartzea. Neurri honi esker, desagertu egiten da gure lurraldeen arteko harremanerako oztopo ekonomiko bat”, gehitu du Bide Azpiegitura diputatuak.
45 euroko gastu muga ezarriko da, betiere bidaia erabiltzailearen jatorrizko lurralde historikoan hasi edo amaitzen bada. Modu horretara, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera, egunero Bilbora edo Gasteizera doan erabiltzaile gipuzkoar batek ordainduko duen gehieneko zenbatekoa 29,43 euro izango da Gipuzkoa barruan egindako bidaiengatik eta 45 euro, berriz, Bizkaiko eta Arabako tarteetan egindakoengatik. “Gaur egun, lanera egunero Bilbora doan gipuzkoar batek 207 euro inguru ordaintzen ditu hilero; Gasteizera doazenek, berriz, 106 bat euro. Datorren urtetik aurrera, tarifa berri honi esker, gehienez 75 euro ordainduko dituzte erabiltzaileek. Horrek, urtean, 1.591 euroko aurrezkia suposatuko  dio egunero Bilbora joan behar duen gipuzkoarrari eta 372 eurokoa Gasteizera joaten denari”, azaldu du Oiarbide diputatuak  eta zehaztu du Bidegik hartuko duela beregain Abiatuko erabiltzaileei aplikatuko zaizkien deskontuen kostua. “Aurrezki hau gaur egun Gipuzkoako lurraldean egiten diren joan-etorrietan deskontuetan ematen diren 25 Milioi€ tako diru-laguntzari gehitu behar diogu” erantsi du Diputatuak.
Gastu muga berriarekin, aldaketa bat ere adostu dute Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiek, autobidera Eibarren eta Ermuan sartzen diren erabiltzaileentzat. “Gaur egun, herri bateko zein besteko pertsonek beste herriko peajea erabiltzen dute AP-8ra sartzeko, eta ondoko lurraldeko peajea erabiltzen ari direnez ez zaie deskonturik aplikatzen”. Erabiltzaile horiek ez diskriminatzeko, lurralde arteko muga berri honen aplikaziorako, Gipuzkoakotzat joko da Ermuko lotunea, eta Bizkaikotzat, berriz, Eibarkoa", aurreratu du Oiarbidek.
Abiatuko 81.000 erabiltzaileek, gaur egun, Gipuzkoako autobideen 107 kilometroetan jasotzen dituzte deskontuak; urtarrilaren 1etik aurrera, berriz, deskontu berria AP-8 eta AP-1 errepideek Bizkaian eta Araban dituzten 50,5 kilometroetan ere aplikatuko da. 
 
  

2127