Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gastronomia sektorearen eraldaketa babesteko deialdia onartu du Kontseiluak, 360.000 eurorekin

Gastronomia sektorearen eraldaketa babesteko deialdia onartu du Kontseiluak, 360.000 eurorekin

Teknologia berriekin lotutako 19 proiektu sustatu ziren joan den urtean

Diputatuen Kontseiluak erabaki du onartzea Gastronomia 4.0 programako dirulaguntzen 2019. urteko deialdia, 360.000 eurorekin hornitutakoa, eta lurraldeko gastronomiaren balio katean dauden enpresei zuzendutakoa. Programaren bidez bilatzen da teknologia berriak balio kate osoan erabiltzea, eragile guztietara iritsi daitezen, eta teknologia berri horien inpaktuari aurrea hartzea, negozio eta kudeaketa eredu berriak definituz. Gainera, egitasmo horrek berrikuntza sustatzen du sektorean, nazioarteko lidergoa bultzatuz.

Imanol Lasa foru bozeramaileak nabarmendu duenez, lortu nahi da Gipuzkoa “gastronomiaren arloko erreferente mundiala izaten jarraitzea, baita XXI. mendeko gizarte berri honetan ere, kalitatezko ezaugarriak dituelako, elikadura osasungarri eta jasangarria bultzatzen duelako, eta teknologia berriak erabiltzea sustatzen duelako, negozio eredu eta soluzio berriak diseinatzerakoan”. Horretarako, gastronomiaren sektorearen eraldaketa digitala sustatzen da, helburutzat hartuta aldaketak eragitea osagaien eta etxeko gauzen industrian, jatetxeen eta zerbitzu osagarrien sektoreetan jada badauden negozio ereduen bilakaera sustatzea, eta eredu berriak identifikatzea, teknologiak eskaintzen dituen aukera guztiak baliatuz.

Hainbat joera identifikatu dira, beste herrialde batzuetan jada lantzen ari direnak, hala nola produktuen eta izakinen kudeaketa inteligentea, produktuen trazabilitatea eta kontserbazioa, produktuen eraldaketa eta prestaketa presio eta tenperatura baldintza jakinetan, elikagaiak prestatzeko sistema berriak, jangarrien “3D inprimaketa”, edota negozio eredu berrien identifikazioa. “Gipuzkoak gastronomiaren sektorean erreferentzia izaten jarraitu nahi badu, ahaleginak egin behar ditu etorkizuneko joera horiek modu proaktiboan bultzatzeko”, ziurtatu du Lasak.

Joan den urtean, deialdi honen bidez, 19 proiektu babestu ziren guztira, 805.839 euroko inbertsioa mugiaraziz. Etorkizuna Eraikiz dinamikaren arloko apustu estrategikoen barruan, Gipuzkoako gastronomiaren sektorearen posizioa indartzea da xedeetako bat. “Maila hau nabarmena da jatetxeetan eta goi-mailako sukaldaritzan, baina baita ere “Gastronomia Ekosistema” izeneko beste eragile batzuetan, bere balio kate guztian zehar, ekoizleetan hasten dena eta prestakuntza eta osagaien industriatik pasatzen dena  azken kontsumitzailera iritsi arte. Kate horrek jarduera ekonomikoa eta lanpostuak sortzen ditu, eta finkatzen lagundu nahi dugu”, adierazi du.

N-1 birgaitu

Era berean, Kontseiluak erabaki du onestea obra hauek kontratatzeko klausula-partikularren  agiria: N-I errepideko 438,475 eta 445,030 KP-en arteko bidezoruaren egitura birgaitzea Irun-Gasteiz noranzkoan. Aurrekontua 1.874.970,20 eurokoa da, guztira, eta lanak egiteko epea, berriz, hiru hilabetekoa. Birgaitze lanak 6.155 metroko luzeradun errepide zati jarrai batean egingo dira, Irurako hegoaldeko sarrera erreia eta Andoainen A-15 eta N-I errepideak lotzen diren puntuen artean, hurrenez hurren. Errodadura geruzan, zoruaren egitura akitua dagoela adierazten duten zantzuak ageri dira, zoladura egituraren erresistentzia galtzen ari denaren adierazgarri.

Egitura birgaitzeko lanen bidez oraingo zoruak duen gaitasuna handitu nahi da,  era horretan zerbitzu-aldian aurreikusitako trafikoaren eraginetara egokitzeko; aldi berean, egituraren funtzionaltasunaren ezaugarriak hobetu (segurtasunari eta erosotasunari dagokienez) eta zoru osoa babestu nahi da iraunkortasunaren, iragazgaiztasunaren eta uniformetasunaren ikuspegitik. Zorua sendotu aurretik, oraingo zoladura konponduko da kanpoaldeko erreian. Horretarako, zoladura sakonean fresatuko da eta, ondoren, beroan egindako modulu altuko betun nahasketazko geruza zabalduko da. Helburua da errei horri egitura ahalmen handiagoa ematea, zirkulazio astunaren neke handiena jasaten baitu.

Ondoren, errodadura geruza zabalduko da plataformaren zabalera osoan, eta aipatutako zatietako bost egituretan, gainazala fresatu eta errodadura geruza zabalduko da. Amaitzeko, proiektuko obrak egingo diren zati guztian seinale horizontalak berrituko dira. Lanak uda partean hasiko dira, eta gauez edo jaiegunetan egingo dira, zirkulazioa eten gabe. Horretarako segurtasun hesiko erdibitzaileko sei pasagune egokituko dira.

Lasak gogorarazi du N-1 errepideak “trafiko handia” jasaten duela, besteak beste, “inbilgailu astun askorena”, horietatik gehienak kanpotik datozenak eta Gipuzkoa igarotzen dutenak. Horrek Foru Gobernua eraman zuen 2016an bidezoruak birgaitzeko programa bat martxan jartzera, “lanak era sistematikoan eta prebentiboak” planifikatu eta gauzatzeko helburuarekin. Programa horren barruan kokatzen da gaurko erabakia: orain arte, 28 kilometro inguru berritu dira, 7,4 milioi euro inguruko inbertsioarekin.

 

  

1889