Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gazteak izango dira Euskadiko indarkeriari buruzko memoria eraikitzeko ikus entzunezko proiektu baten protagonista

Gazteak izango dira Euskadiko indarkeriari buruzko memoria eraikitzeko ikus entzunezko proiektu baten protagonista

‘Oroimena bizigune’ ekimena bultzatu du Aldundiak; Buruntzaldean egingo da eta belaunaldi berriak alor honetan inplikatzea du helburu

‘Oroimena bizigune’ ikus entzunezko proiektua aurkeztu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak, gazteei zuzendua eta Euskadiko indarkeriari buruzko memoria berreskuratu eta eraikitzea xede duena. Buruntzaldeko herrietan egingo da ekimena. 18 eta 25 urte arteko gazteen iritzi eta testigantzak jasoko dira, eta gero ikus entzunezko narratiba eta elkarrizketatan gauzatuko da. Bizikidetza eta Giza Eskubidetako foru zuzendari den Maribel Vaquerok azaldu duenez, Euskadik bizi izan dituen hamarkadetako indarkeriari buruzko kontzientzia hedatu nahi du foru erakundeak, “gertatu zaigunari buruzko memorian inbertitzea eta ariketa horretan belaunaldi berrien inplikazioa lortzea da ez-errepikapenerako bermerik onena”, adierazi du.
Foru zuzendaria Hernaniko Biteri Kultur Etxean agertu da gaur goizean, proiektuari buruzko xehetasunak emateko. Berekin egon da Maren Iturburu Úbiqako ordezkaria, proiektua gauzatuko duen eragilea. Egitasmoa herritarrekin partekatuko dute bihar, urriak 5, Hernaniko Biteri Kultur Etxean egingo den ekitaldi ireki batean. Gaurko prentsa agerraldian parte hartu duten bi hizlariek Buruntzaldeko eskualde osoari zabaldu diote parte hartzeko gonbita.
Vaquerok azaldu duenez, lurraldean bizikidetza hobetu eta kultura demokratikoa hedatzeko Aldundia egiten ari den ahaleginaren testuinguruan kokatzen da ekimena. “Hamarkadetako indarkeriaren ostean, gatazka osteko agertoki honetan agertoki berria ahalik eta oinarri sendoenaren gainean egonkortzeko lan egitea dagokigu administrazio publikooi. Bizikidetzan inbertitzea, memoria berreskuratu eta eraikitzea, zubiak altxatzea… Bakera indartzeari mesede egiten dio”, azaldu du. 
Zentzu honetan belaunaldi berriekin lanketa hau egitean jarri du azpimarra. “Gazteak etorkizuna dira, eta beraiei dagokie biharko gizartean ere elkarbizitzan bizitzen jarraitzea”, esan du. Hori dela eta, nabarmendu du berebiziko garrantzia duela gazteak herri honen memoriaren eraikuntzan inplikatzea. “Gai hauetatik aldentzea ekidin behar dugu, ez dezatela iragana aurreko belaunaldiari bakarrik dagokion kontua bezala ikusi. Kultura demokratikoa eta giza eskubideekiko errespetua zabaldu behar dira beraien artea”, aldeztu du. ‘Oroimena bizigune’ proiektua, gehitu duenez, norabide horretan doa hain zuzen.
Iturburuk, bere aldetik, proiektuaren deskribapenean sakondu du. Azaldu duenez, egitasmoaren helburu nagusia gatazkaren oroimena eta kontakizun kolektiboak eratzea da, “Euskadin bertan bizikidetzan zein bakean oinarritutako kultura hedatzeko, sendotzeko eta sakontzeko”. “Indarkeria gaitzestea, datorren tokitik datorrela ere, eta giza eskubideak eta aniztasuna errespetatzea dira euskal nortasuna bereizten duten ezaugarri nagusiak”, gehitu du. Horretarako, adierazi du mintegia egingo dela iraganeko indarkeriari buruz hausnartzeko: aurrez adostutako gidoi bati jarraiki, ikus entzunezko praktikak egingo dira gero elkarrizketak, iritziak eta testigantzak grabatu ahal izateko. 
Ondoren, egindako elkarrizketa horiek proiektuaren web atarian esekiko dira eta, aurreikuspenen arabera, “50 baino gehiago izango dira”. “Helburua kontaketa zatikatu eta anitza eraikitzea da, eta Euskadin jazotako indarkeriari buruzko memoriaren mapa bat, herritarren iritziak jasoko dituena”, azaldu du. Proiektuaren bideo laburpena eta emaitzen aurkezpen publikoak biribiltzen dituzte ekimenak aurreikusten dituen ekintzak.

  

1888