GI-2623 errepidea birgaitzeko obren esleipena onartu Diputatuen Kontseiluak
GI-2623 errepidea birgaitzeko obren esleipena onartu Diputatuen Kontseiluak
Antzuola eta Bergara arteko lotune erdien biribilguneen arteko zatia hobetzeko 1,5 milioi bideratuko da
GI-2632 errepideko zorua birgaitzeko eta drainatze sarea eta euste elementuak hobetzeko proiektuaren obrak kontratatzeko espedientea onartu zuen atzo Diputatuen Kontseiluak, 1.501.737,18 euroko aurrekontuarekin. Lanak egiteko aurreikusitako epea bost hilabete da. Deskargako autobia indarrean hasi eta gero, "GI-632 Beasain - Durango Kanpazartik" errepideko 0,100 eta 22,740 KPen arteko zatia, hain zuzen ere Beasain (N-I) eta Bergarako Urteaga kalea arteko zatia, sartu da "GI 2632 Beasain (N-I) - Elorrio" errepidean.
Hain zuzen, GI-2632 errepideko amaierako zati hori (A-636 autobiako 15,100 - 19,500 KP), Antzuola eta Bergara ekialdeko lotune-erdietako biribilguneen artekoa, funtzionaltasun berrira egokitzea da proiektuaren helburu nagusietako bat, Imanol Lasa foru bozeramaileak azpimarratutakoaren arabera. Aldaketa horren poderioz, komenigarritzat jo da “17,335 – 18,315 KP-en arteko errepide zatian, zirkulazioa hiru erreitik bira pasatzea, eta sortuko den zabalgunea bazterbide handi bat bihurtzea, bizikleta bide gisa erabili ahal izango dena. Era berean, gaur egun dagoen seinalizazio bertikala aldatzea eta hobetzea aurreikusten du proiektuak. Gehienezko abiadura 70 kilometro ordukoa izango da hiriarteko eremuetan, eta 50 kilometro ordukoa hiri inguruan”.
Bestalde, egitura birgaitzeko lanen bidez oraingo zoruak duen egituraren gaitasuna handitu nahi da, era horretan zerbitzu-aldian aurreikusitako trafikoaren eraginetara egokitzeko; aldi berean, egituraren funtzionaltasunaren ezaugarriak hobetu (segurtasunari eta erosotasunari dagokienez) eta zoru osoa babestu nahi da iraunkortasunaren, iragazgaiztasunaren eta uniformetasunaren ikuspegitik.
Proiektuak gainera funtsean zehazten ditu honako lan hauek: hormigoizko arekaren 3.570 metro egitea, egungo hustubideen ordez hormigoizko kainuak jartzea (80 cm-ko diametroa). Gainera, euspen sistemak hobetuko dira, metalezko segurtasun hesia jarriz 449 metrotan eta hormigoizko hesia eraikiko da sei zatitan (400 metro) eustormen gainean eta Antzuola ibaiaren gaineko zubietan.
Azkenik, obra osagarri gisa azpimarratzekoa da paisaiari lotutako egokitze lanak egingo direla, eta 20,635 KPko bidegurutzea aldatu egingo dela, Bergaratik datozen ibilgailuak Antzuolako herrigunera sartzeko aukera izan dezaten. Gainera, aurreikusten da proiektuko obrak egingo diren zati guztian seinale horizontalak berriro margotzea eta egokitzea. Lasak nabarmendu duenez, Deskargako autobia amaitzeak “mugarria” ezarri du Gipuzkoaren mugikortasunean, eta orain hori borobilduko da errepide zaharra egokitzeko eta hobetzeko lanekin. “Aktuazio horiek guztiek eragin positiboa edukiko dute eskualde osoko eta, bereziki, Antzuolako herritarren mugikortasunean, segurtasunean eta bizi-kalitatean, trafikoa murriztuz eta lasaituz”.
GI-3610
Bilkura berean, Kontseiluak erabaki zuen onestea GI-3610 errepidean zoruaren egitura birgaitzeko proiektuko obrak kontratatzeko espedientea, 700.053,87 euroko aurrekontuarekin, eta lanak egiteko bi hilabete eta erdiko epearekin. Birgaitze lanak 1.170 metroko luzeradun errepide zati jarrai batean egingo dira. Zati hori GI-3610 “Andoain-Zizurkil” errepideko 1,940 eta 3,050 KPen artean dago, hau da GI-3021 “GI-2631-Aduna” errepideko eta GI-2631 “Villabona-Orioko gaina (Zudugarai), Asteasu eta Aian barrena” errepideko bidegurutzeen artean.
Proiektuak jasotzen dituen obren artean dago oinarrian zoruaren erdiko zatia berreraikitzea, hau da, 2,030 eta 3,020 KPen artean. Horretarako plataformaren zabalera osoa hondeatuko da, eta errepide hori GI-3021 eta GI-2631 errepideekin gurutzatzen den puntuetan, berriz, dagoen zorua partzialki kenduko da. Ondoren betelanak egingo dira zabor-legarrezko eta betun nahasketa beroko geruzak erabiliz. Amaitzeko, proiektuko obrak egingo diren zati guztian seinale horizontalak berrituko dira. Obrak egiterakoan erreietako bat zirkulaziora guztiz irekita mantenduko da.
1536